LGTBI+ Behatokia sortu dute EAEko zenbait elkartek

Gorroto delituak eragotzi eta berdintasuna lortzea dute xede. Lege proposamen bat aurkeztu nahi dute Eusko Legebiltzarrean

Montes eta Oribe atzo, LGTBI+ Behatokiaren aurkezpenean. M.DEL VALLE / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
LGTBI kolektiboaren behatokia sortu dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Bederatzi elkartek abiatu dute ikerketa taldea: Aldarte, AMPGYL, Bizigay, Errespetuz, Gaylespol, Gehitu, Izanez, LGTBerri eta Naizen. Gorroto delituak deuseztatu eta berdintasuna lortzeko helburua du behatokiak. Horretarako, lege proposamen bat idatzi nahi dute Eusko Legebiltzarrean aurkezteko. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Sarai Montes LGTBI Behatokiko presidenteak eta Mikel Oribe presidenteordeak, Bilbon.

Eusko Jaurlaritzak gorroto gertakariez landutako txostenaren datu bat azpimarratu dute: LGTBI kolektiboari lotutako gorroto delituak hirukoiztu egin ziren iaz. Erasoak gaitzesteko eta salatzeko ez ezik, behatokiak prebentzio gisa ere balio dezakeela uste dute: «Erasotzaileei, haien motibazioei eta LGTBIfobia eta diskriminazioa jatorritik erauzteko inguruneei erreparatuko diegu; detekzio, prebentzio eta konponketa mekanismo eraginkorrak sortu ahal izateko».

Montesen eta Oriberen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan lege hutsune bat dago, ez baitago «kolektiboaren eskubideak babesteko» lege integralik:«Euskal legerik ez izateak gure oinarrizko eskubideak bermatzen dituzten estatu legeen menpe jartzen gaitu, eta zaurgarri egiten gaitu hainbat eremu garrantzitsutan», adierazi du Oribek. Hartara, gayen, lesbianen, bisexualen, transen eta intersexualen eskubideak bermatuko dituen lege testu bat idazteko prozesua abiatu dute, hainbat erakunde eta elkarterekin batera. «Premiazkoa da lege proposamen honen inguruko eztabaida publikoa eta irekia egotea, legea Eusko Legebiltzarrean onartua izan dadin», argitu du Montesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.