Albistea entzun

HIZPIDEAK

Ereserki bila berriro

Martxelo Otamendi Egiguren -

2020ko abuztuak 13

Ziklikoa da Euskal Herri osorako balioko duen ereserkia bilatu eta proposatzeko ahalegina. Nazio ikuspegitik daukagun ahulezietako bat da ez edukitzea adostutako eta zabal onartutako ereserkia; ez baitugu lortu orain arte, aurreko saioek porrot egitearen ondorioz, gehiengoak onartuko duen himnorik.

Euskal Herri osoko 80 musikarik, atzo, azken hamarkadotan ereserkia aukeratzeko egindako kiniela guztietan egon den Gernikako arbola-ren proposamena aurkeztu zuten jendaurrean. Esate baterako, 1981ean —egun indarrean dagoen Gora eta Gora 1983an onartu zuten—, Euskadiko Ezkerrak Gernikako arbola-ren aldeko proposamena egin zuen; ez zen onartu, baina PSOEk eta APk aldeko boto eman zuten.

Atzo proposatutako ereserkiari balio eta funtzio historikoa kendu gabe, eztabaidagai izan liteke kanta horrek dauzkan hitzak —eta hitz horiei darien herri eredua— egokienak ote diren laikoa, modernoa, orotariko berdinzale, interetnikoa, XXI. mendekoa... den eta izango den Euskal Herria ordezkatzeko: «bedeinkatua», «santua», «jainkoa eta jauna» (bost bider).

Nazio askotako ereserkien hitzak guztiz anakronikoak dira oraingo ikuspegitik, baina horiek aspalditik dira ofizialak. Bidezkoa da horren kontzeptu zaharkituak dauzkana aukeratzea?

Segi dezala eztabaidak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...