Hibai Arbide Aza.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gure osasunerako torturatzen gaituzte

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aris Papazacharoudakisek 21 urte ditu, baina torturatu zuten poliziei nagusiagoa iruditu zitzaien. «Hanka sendoak dituzu hain gaztea izateko», esan zioten kolpeka hastean. Masovka talde anarkistaren asanbladatik zetorren. Aurreko egunean, Nea Smirnin (Atenas, Grezia) poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazio batean parte hartu zuen beste milaka lagunekin batera. Bi poliziak hango bizilagun bat jipoitu zuten,COVIDaren aurkako neurriak aitzakiatzat hartuta parkean familia bat molestatzea aurpegiratu zielako. Norbaitek jipoia grabatu zuen. Poliziak asteak bortizkeriaz jardun ondoren, edalontzia bete zuen tanta izan zen. Polizia bat larri zauritu zuten manifestazioan.

Ez dago Aris eta zauritutako poliziak jasotako astinaldia lotzen duen inolako frogarik. Hilabeteak zeramatzaten bere atzetik. Kaputxadun batzuek poltsa bat buruan jarri eta logotipatu gabeko auto batean sartu zuten, kolpez. Ez zekien faxistak, mafiosoak edo poliziak ziren. Hobe litzateke mafiosoak izan balira.

Gela batera eraman zuten eskuak bizkarrean lotuta eta oraindik kaputxarekin, guda preso bat bezala. Ez daki zenbat polizia iragan ziren handik. Batzuek hitzik egin gabe jo zuten, besteek iraindu eta egurtu zuten. Argiak itzali zituzten, eta denboraren ideia galdu zuen; bakarrik beste bat bera jipoitzera sartzen zenean argi pixka bat sartzen zen. Zenbait minutuz arnasa hartzen uzten zioten, eta berriro hasten zen dena. Erabateko kemenez azaltzen dit bere gorputzaren zati bat ere ez zela geratu kolpatua izan gabe. Baina negarrez hasten da gogoratzean bere ama komisariara joan zela atxilotuta ote zegoen galdetzera; poliziek Arisi buruz ezer ez zekitela erantzun zioten, eta Arisi barrezka azaldu zioten gertatutakoa. Atxiloketak bost egun iraun zuen.

Arisengandik hurbil Efi zegoen, 18 urteko neska bat. Poliziek larriki iraindu zuten. «Puta» deitu zioten oihuka, etengabe, bortxatuko zutela mehatxupean, bere abokatuak azaldu digunez. Ez du kazetariekin zuzenean hitz egiteko gogorik, desagertu baino ez du nahi.

Greziako Gobernua pandemia erabiltzen ari da herri mugimenduei eta, oro har, ezkerrari eraso egiteko. Batez ere anarkistak, ikasleak eta errefuxiatuak ditu jomugan. 130 egun baino gehiago daramatzagu konfinamenduan, manifestazio eskubidea etenda dagoela. Debekuari erronka egiten dionak isunak eta jipoiak jaso ditzake, baina milaka dira erronka egiten diotenak. Mobilizazioek ez dute negazionismoarekin zerikusirik. Mundu guztiak darama maskara eta gel hidroalkoholikoa ematen diote elkarri. Ez da ukatzen osasun-arazo handi baten aurrean gaudenik. Baina ez dute onartu nahi, osasunaz gain, askatasuna galtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.