Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

'Arigato'

2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Horixe irakur zitekeen Tokioko Olinpiar Estadioan joan den igandean: «Eskerrik asko». Amaiera ekitaldiarekin batera, Parisi eman zioten erreleboa japoniarrek, eta badirudi dagoeneko askoren buruak Eiffel dorreraino hegan egin dutela. Ezin ahatz dezakegu, ordea, oraindik ere Tokioko Paralinpiar Jokoak jokatzeke direla, eta, noski, ezin ahatz ditzakegu une batetik bestera azken hamazazpi egunetan Japoniako hiriburuak oparitu dizkigun altxorrak.

Pandemiaren Jokoak badoaz, bai, eta hau gogoratu beharra dugun zerbait dela uste dut, testuingurua beti baita garrantzitsua lorpenen merituei dagokien balioa emateko. Baina, hain zuzen, horregatik ez ditzagun gatazka hutsera laburbil horrenbeste itxaron eta dagoeneko joan zaizkigun joko hauek: igaro dugun urtea igarota, hor izan ditugulako kirolariak, prest, gu guztiok entretenitu, txunditu eta sarritan aho bete hortz uzteko. Askok entrenatzera joate hutsa denbora luzez debekatua izan duten arren, bai. Ez dakit nahikoa kontziente garen: ziklo olinpiko hau benetan gogorra izan da, eta, hala eta guztiz ere, normaltasun osoz gozatu ahal izan dugu haien talentuaz eta balentriez.

Eskerrik asko, beraz, haiei. Guztiei. Denen artean Olinpiar Joko gogoangarriak utzi dizkigutelako. Kirol bikaintasunaz gain, inklusibotasunaz, elkartasunaz eta taldekidetasunaz ere gozatu eta ikasi ahal izan dugulako. Osasun mentalaz hitz egin dugulako, ozen eta garbi, eta baita ere pertsona transgeneroek gizartean duten lekuaz. Estereotipoak hausten ere ikusi ditugu eta matxismorik zentzugabeenak sortzen digun lotsa ere sentitu dugu. Bidegabekeria batzuk barruak nahasteraino heldu zaizkigu, eta emozionatu ere, asko emozionatu gara. Bihotzean atximur egin digute beste behin ere, eta garunak astintzera behartu gaituzte, nahi baino gehiago, akaso. Ederrak izan dira 17 egun hauek, bai jauna. Orain, ordea, errealitatera itzultzea tokatzen zaigu. Beraz, arigato, Tokio, eta à bientôt, Paris.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.