Hezkuntza. Lan gatazka itunpeko eskoletan

Uriarteren proposamenari «berme falta» ikusi diote itunpekoetako sindikatuek

Patronal bakoitzean lan poltsa bat sortu eta errelebo kontratuak sustatu nahi ditu Jaurlaritzak, matrikulazio jaitsierak itunpeko eskoletan eragingo duen enplegu galerari aurre egiteko. Sindikatuen arabera, ez da aski gatazka konpontzeko

Itunpeko irakasleen manifestazioa, joan den urtarrilean, Bilboko Kale Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao - Jon Rejado
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Bi proposamen jarri ditu mahai gainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako gatazkari «laguntzeko» asmoz. Ekarpen horiek etorkizunera begirako arazo bati heltzen diote: jaiotza tasa jaisteak eragindako matrikulazioen beherakada, eta horrek ekarriko duen enplegu galera. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan du «ahaleginak enplegua mantentzera» bideratuko dituztela: batetik, irakasleak birkokatzeko sistema bat proposatu dute; bestetik, irakasleen belaunaldi berriei lan mundura sartzea errazteko laguntzak jarri dituzte mahai gainean. Sindikatuek esan dute eurek aspaldi egin zutela euren ekarpena. Beraz, gobernuaren proposamena «berandu datorren erantzun» gisa hartu dute. «Urrats bat» dela iruditu zaien arren, «eskasa» dela uste dute.

Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eman ditu zertzelada gutxi batzuk. Irakasleak birkokatzeko proposamenaren bidez Hezkuntza Sailak lanposturik ez galtzea sustatu nahi du. Lan poltsa bat sortuko litzateke: ikastetxe batean «sobran» egongo litzatekeen langilea, patronal bereko beste ikastetxe batera joango litzateke. Sailburuordeak gaineratu du neurri hori lotuta dagoela Uriartek 2016an sinatutako agindu batekin. Haren arabera, ikasle faltaren ondorioz gelak itxi beharko balira, modu gradualean egingo litzateke: gela bat, ikasturteko.

Enplegua ez galtzea lortzeko beste lan arloa irakasleria gaztetzea da. Itunpeko irakasleen «belaunaldi erreleboa» errazteko neurrien ildo nagusiak iradoki ditu Garamendik: erretiro partziala eta kontratu erreleboarekin lotutako laguntzak proposatu ditu. «Indarrean dagoen araudiak aukera ematen digu kontratu erreleboen formulara jotzeko».

«Ez du bermatzen lanpostuak mantentzea, eta ez du bermatzen birkokatuko diren langileek enplegu duina eta lanaldi osoa edukiko dutela». ELA sindikatuko hezkuntza arloko arduradun Miren Zubizarretak uste du sakondu egin behar dela Hezkuntza Sailak egindako proposamenean.

LAB sindikatuko Aitor Nuñezi, berriz, ondo iruditu zaio gobernuak arazoari aurre egiteko finantzaketa publikoa jarri izana mahai gainean, baina uste du orain patronalak «biribildu» behar duela enpleguak mantentzeko plana. Esan du patronalek eurek bermeak jartzea «zoragarria» litzatekeela, baina ez du uste nahikoa izango litzatekeenik. «Ikastetxe batzuek ez dituzte betetzen patronalek sinatutako akordioak. Horregatik, guztiek adostutakoa beteko dutela ziurtatuko duten neurri zehatzak finkatu behar ditu gobernuak».

Hain zuzen ere, Zubizarretaren arabera, hori gertatzen da aurretik sinatu zuten akordioarekin: «Ikastetxeek ez dute birkokapena bermatzen. Gaur egun, lanpostua galtzen dutenei kalte-ordaina ematen zaie. Guk esaten dugu diru hori erabili behar dela birkokapenak bermatzeko, eta aurreratutako erretiroekin enplegu duina bermatzeko».

Negoziazio mahai faltan

Steilaseko Xabin Arrizabalagak uste du «bide bat zabaldu» duela gobernuak. Nuñezek bezala, patronalari eskatu dizkio hurrengo pausoak: «Adibidez, lan poltsa osatzeko irizpideak patronalek eta sindikatuek adostu beharko ditugu, baina patronalak isiltasun susmagarri bati eutsi dio joan den urtarriletik». Urte hasieran bildu zen azkenekoz mahai negoziatzailea. Harrezkero, patronalak sindikatuekin izan dituen bilerak banakoak izan dira. «Pauso batzuk eman dituzte, baina ez digute idatziz ezer proposatu. Mahai negoziatzailea deitu behar dute berriro». Gordin ikusten du gatazkaren konponbidea, enplegua bermatzea euren eskaeretako bat baino ez delako. «Gainontzekoan ez dugu aurrerapausorik eman».

Iritzi berekoa da CCOO Irakaskuntzako Julen Llanos. Uste du enplegua mantentzeko auzian lagun dezakeela Jaurlaritzak egindako proposamenak. Baina gainontzekoan, «urrun» daude jarrerak. Besteak beste, soldatak aipatu ditu. «Patronalak etengabe lotu nahi ditu soldatak finantzaketa publikoarekin. Baina hori ezin dugu onartu. Soldatak mahai negoziatzailean adostu behar ditugu eurek eta guk».

Sindikatuetan baikorrena UGT izan da. Joseba Muñozek uste du gatazkak duen blokeoa askatzen lagun dezakeela. «Uste dut aurki negoziazio mahaira deituko gaituela, eta, banakako bileretan patronalak esan diguna entzun ondoren, espero dut proposamen interesgarriren bat jasoko dugula». Ez du baztertzen apirilaren 1eko greba deialdia bertan behera geratu ahal izatea. Hori pentsatzen duen sindikatu bakarra da.

Gatazkako gainontzeko auzietan ere inplikazioa eskatu dio ELAko Zubizarretak Uriarteri. «Guk hasieratik egin dugu lan, konponbidea ahalbidetzeko». Urte hasieratik 30 bilera «diskretu» eduki dituzte sindikatu eta patronalekin. «Diskrezio hori gure kontra erabili nahi izan dute, baina guk gure jarrerari eutsiko diogu». Jarrera «maximalistak» baztertzeko eskatu du, «ikasleen interesen hobe beharrez».

Isiltasunak eta ezinegonak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.