Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Digital eta ekologiko, oximoron berria

Joseba Azkarraga Etxagibel - EHUko irakaslea

2020ko urriak 31

Diru zaparrada dator Europatik, beraz. Bi baldintza, diruok jasotzeko: digital eta iraunkor. Bata bestearekin natural. Etorkizuneko garapenaren gorringoa eta zuringoa dira, Romeo eta Julieta. Hain datoz zentzuz beteta, non erromantzeak apenas aurkitu duen erresistentziarik. Salbamenaren doinu zerutarrekin dator: ekonomia digital iraunkorra da etorkizuna. Digital bezain iraunkor, iraunkor bezain digital.

Labe Garaien ke eta kedarrak ziren inpaktu ekologiko handikoak. Microsoft, ordea, enbor produktibistaren ezpal garbia da. Gogoratu pantaila piztu eta sasoi bateko paisaia berde baketsu hura, zeru urdin zoragarriarekin. Subjektuok ere berdin egin dugu erregimen kalorikotik hutsalera: eskulangile industrialaren sakramentuz lagundutako babarrun gorriak versus kreatibo postmodernoaren kinoa ekologikoa ahuakatearekin.

Irudikatzen dugu kapitalismo digitala lebitatzen, etereo, gimnastiko, arin eta lirain, udagoieneko haize ufadak daroan hostoa bailitzan, lurrean pausatu eta atoan da konpost. Errespetua zor zaio semiotika publizitarioaren magiari, txisteratik aterako baita AHTa ezin berdeagoa, Iberdrola jasangarria, edo Petronor ekologista. Bidaia psikodelikoak proposatzen dizkigute aldiro, zupadak emanez THC altuko kanuto sistemikoari. Azkena: datuen fluxuan oinarritzen den smart kapitalismoa ez-materiala da. Algoritmoek apenas duten pisu biofisikorik.

Kanutoak kanuto, mundu digitala txapeldun da energia eta materiala irensten, eta hondakin kopuru kolosalak eragiten ditu. Izugarri areagotu du estraktibismoa, eta zabortegi toxiko erraldoiak sortu. Ordenagailu bat fabrikatzeko batez beste behar dira 240 kilo erregai, 22 kilo osagai kimiko eta 1.500 litro ur. Ez dute lebitatzen 5G, mugikor, zerbitzari, router, ordenagailu eta telebista adimentsuek (soilik 5Gak eskatuko omen ditu milioika antena eta 20 mila satelite berri). Horiek denak munduko abiazio zibil guztiak baino gehiago ari dira planeta berotzen, eta esponentzialki ari da hazten sektorearen energia kontsumoa (eta oraindik munduko populazioaren erdia falta da konektatzeko).

Bidali 33 posta elektroniko egunero bi laguni, MB bakarreko artxiboa itsatsita, eta urtean isuriko duzu kotxean mila kilometrok baino gehiago. Netflix, Youtube, Facebook eta, oro har, Internet, ez dira errugabe biofisikoak, ezpada (klimaren) hondatzaile apartak. Ez da auzi txikia, zorrotz neurtu beharko genukeenean euli bat akabatzeak zenbat karbono isurtzen duen. Baina heresia primitibista da progreso teknologikoa kuestionatzea. Izan ere, 5Garekin segundo bakarrean jaitsiko dugu pelikula bat, zuntz optiko bidez 30 segundo mortal behar dira. Ez zaitez anti-progresista patetikoa izan.

Zupada sakona hartu duzu: digitalizazioa saihetsezina da (berdin robotika eta automatizazioa). Ziur? Datuek diote ezingo dela garatu modu masiboan, oinarri biofisikoa falta delako. Mineral eskasiak, oro har, gogor baldintzatuko ditu berriztagarriak, azpiegitura robotikoa eta Gauzen Interneta. Laugarren industria iraultzak oinarri biofisikoa du botila-lepo, nekez unibertsalizatuko da. Soilik kolonialismoaren munstro geopolitikoek garatu ahal izango dute, besteen lepotik.

Ekologiko izateko, ezin digital izan. Masiboki digital izatekotan, ahaztu ekologia eta justizia, amildu gaitezen basakerian. Romeo eta Julieta tragedia tristea izan zen. Primitibismoa, baina, beste toki batean irudikatu ohi dugu. Zupadaz zupada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gazteen «kriminalizazioa» arbuiatu dute ehunka herritarrek Donostian

Jon O. Urain

Parte Zaharreko Gazte Asanbladak deituta, ehunka pertsona elkartu dira Ertzaintzak azken egunetan izandako jokabidea salatzeko
PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Gotzon Hermosilla

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute
Peon, Oiarbide, Otondo eta Salaberria, atzo Donostian egindako mahai inguruan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Arnasguneek arnasa hartzen segi dezaten

Irati Urdalleta Lete

Politika publikoek arnasguneetan nolako eragina duten aztertu dute 'Arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politikak' mahai inguruan. Orain arteko lorpenak goraipatzearekin batera, etorkizunerako erronkak ere zehaztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.