Joseba Azkarraga Etxagibel.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Maitemina amaitzen denean

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Txertoak txerto, baikortasuna ez da, ez, garaion ezaugarri. Gogora datorkit bizilagun gazteago batekin oraintsu izandako berriketaldia: mundua norantz ote doan, zelan ari zaigun kontua iluntzen… Ez genuen elkar ezagutzen halako digresioetan. Isilagoa ni, eta harritu ninduen zein garbi ikusten zuen mundua lehia errukigabean jartzen ari zela, nork eskuratuko eskasten ari ziren baliabideak. Beti izan dira horrela, baina are gehiago orain, azpiko zulotik ura erruz sartu eta sumatzen denean ez dagoela salbamendu txaluparik guziontzat. Bere izaera onkote eta aurrerakoiarekin, «jar gaitezke elkarri begiak ateratzeko puntan» zioen.

Bat-batean adierazi zuenak hunkitu ninduen gehienbat, hala ere. «Ikusita euskal gizartearen indar ekonomiko eta industriala, zorionez ez gara izango erortzen lehenak; gure aurretik asko daude». Iruditu zitzaidan mende honen sorbalda politikotik jaitsi eta bizkar hezurra ukitu zuela. Onartzen ari zen «besteak ala gu» lasterketa produktiboa, eta nahiz eta gu munduaren zati handiegia jaten ari (berak esana), are handiagoa jateko prestutasuna azaltzen ari zen. Eta enpatiaz libratzen ari zen, besteak kanporatuz ukimen kognitibo eta afektiboko eremutik (arma asko eta onegiko sasoian).

Tonua zitaldu zitzaion bizilagun onkoteari. Une batez, irudi luke deabrutze-kasua, bere arimaz jabetu zela garapenkeriaren ernegua, burua bueltaka hasiko zitzaiola arantxatapismoaren bertsio bortitzaren kolpe diskurtsiboz, begiak orbitatik irtenda oihukatuko zuela: «Gasa aterako dugu Arabako lur azpitik!». Ez zen konbertsio satanikoa izan, ordea. Azaltzen ari zen herritar gehienen imajinario ohikoa; jarrera ulergarria. Azaltzen ari zen jarraitu nahi zuela sistemaren onuradun aktibo izaten: berdin dio papurrak heltzen zaizkion edo justiziaz banatzen den, berdin dio geopolitika harraparia eta hondamendi ekologikoa. Hortxe gaude jendarte gisa; ondo dago errealistak izatea.

Ordea, badago alternatiba bat «kolapsa dadila bestea» banderaren aurrean. Ikerketa zientifiko berri batek berretsi du ondo bizi gaitezkeela guztiok (2050ean, 10 mila milioi lagun), 60ko hamarraldiko energia kontsumoarekin. Ikertzaileek diotenez, asko handitu behar litzateke efizientzia energetikoa, asko murriztu kontsumo globala, eta ezberdintasunak desagerrarazi. Bide horretatik eraiki daiteke ekonomia justua, muga biofisikoen barnean, eta sakrifizio materialak ez dira uste bezain itzelak. Alegia, ekologismoa ez da kobazuloetara itzultzea. 60ko hamarkadan bazegoen lanik, oporrik eta garagardorik.

Zentzuz automugatuz gero, badago nahikoa denontzat. Aldiz, ase nahi izanez gero, kultura kapitalistak sortutako premiak, praktikatu beharko dugu biolentzia estruktural are zantarrago bat, premiok ase ditzan soilik gaurko gizadiaren zati txiki batek, gainerako bizidunen eta Lur planetaren kontura. Dagoeneko ez da laburra kolapsarazitakoen zerrenda sadikoa: Yemen, Libia, Siria, Irak, Afganistan, Nigeria…

Santiago Muiñok inoiz zehatzago adierazi du dilema: laster, gasaren ekoizpen gailurrera heldu, eta, ondorioz, Aljeriak uzten dionean gasa esportatzeari (asetzearren bere beharrizan propioak), Espainia eta Frantzia bezalakoek erabaki beharko dute Aljeria inbaditu ala energia askoz gutxiagorekin konformatu.

Bikote harremanetan interesgarriena nola hasten den maitemina desagertzean (dopaminak utzi dionean eromenari eusten, alegia), halaxe jarriko gaitu proba erabakigarrian baliabideen eskasiak (hazkundeak utzi dionean eromen kolektiboari eusten). Are dentsitate handiagoa har lezake «besteak ala gu» bunker politiko-kulturalak, maiteminaren ostean sarri gailentzen diren bezalaxe gatazkak eta gorrotoa. Kasu horretan, hor kanpoan diren trumpismoa eta Bolsonaro soilik ez, exortzizatu behar genuke baita hemen barruan den konplizea ere. Masakre historikoak ez baitira gertatu ziraun itxurako ezin gaiztoago gutxi batzuek egindakoagatik, ezpada bestaldera begiratu duten andanagatik, sarri onuradun aktibo izan guran.

Hautatu behar dugu maitemina amaitzen ari den honetan: metabolismoa sinpletu (justiziaz, enpleguz eta burujabetza sakonduz) ala bestea akabatu (edo kolapso latzera eroan, antzera dio). Bigarrena saihesteko behar dugu txertoa, eta ez espero erantzunik zientzian. Ez eta konponbiderik ere Arabako lur azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.