Bat, Barik eta Mugi, EAEko garraiobide guztietan

Bi berritasun izango dira: Bilboko metroaren lehen eta bigarren lineetan Mugi txartela erabili ahalko da, eta Lurraldebusen, Bat eta Barik

Maite Asensio Lozano.
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio txartelek «erabateko interoperatibitatea» izango dute laster, Euskadiko Garraio Agintaritzak jakinarazi duenez. Hiru txartel daude egun —Barik, Bizkaian; Bat, Araban; eta Mugi, Gipuzkoan—, baina orain arte ezin izan dira beste lurraldeetako zerbitzu guztietan erabili; Barik, adibidez, Gasteizko tranbian erabil daiteke, baina ez Lurraldebuseko txartelak ateratzeko. Aurrerantzean, baina, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publiko modu guztietan erabiliko ahal izango dira hiru txartelak, Renfeko aldiriko trenetan izan ezik—Espainiako Gobernuak kudeatzen baitu zerbitzu hori—.

Azken urteetan txartelen arteko integrazioa landuz joan dira instituzioak, baina bi garraiobide esanguratsu kanpoan geratu dira, eta horiek izango dira, hain justu, oraingo aldaketa nagusiak. Batetik, bi hilabete inguru barru Mugi txartela Bilboko metroaren lehen eta bigarren lineetan erabiltzea onartu du Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Bestetik, Lurraldebuseko autobus zerbitzuetan Bat eta Barik erabiltzea onetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina ez du zehaztu noiz; «Lurraldebuseko unitateak eguneratzeko egingo diren hurrengo lanetan» gauzatuko dute aldaketa.

Bide horretan, txartel bakarrerako pausoak nola eman aztertzen jarraituko duela berretsi du agintaritzak. Bizkaian egitasmo pilotu bat abiatuko dute, sakelako telefonorako aplikazio baten bidez bidaiatu ahal izateko. Araban ere, Bat txartelari lotutako aplikazio bat lantzen ari dira.

Lege berria, abian

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du garraio iraunkorrari buruzko lege aurreproiektua prest duela jada, eta tramitazio prozesua hasi duela. «Etorkizunean mugikortasun modernoagoa eta eraginkorragoa ezartzeko jauzi kualitatibo bat» egin nahi du lege horren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.