Errege berria Espainian. Koroa negozioak

Errege 'jatorraren' negozio ilunak

Eskuak poltsikoan zituela Espainiaratu zen, 1948an, eta, 66 urte geroago, munduko ondarerik handienetakoa du Juan Carlos I.ak: The New York Times-en arabera, 1.780 milioi eurokoa. Franco diktadoreak erregegai izendatu zuenetik, propagandak ondo estalitako negozio franko egin ditu.

joxerra senar
Iruñea
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Espainiarentzat onena nahi dut; haren alde eman dut nire bizitza osoa, eta haren zerbitzura jarri dut nire gaitasun, ilusio eta lan guztia». Abdikatzeko azken mezuan ere, Juan Carlos I.a Espainiako erregea eufemismoez baliatu zen bere burua goraipatzeko. Izan ere, negozio ilunen bidez etekin oparoa atera dio zerbitzu horri. Urte luzez, lege eta propaganda makinariak ezkutatu egin du errege jatorraren alde iluna. Komunikabide handiek ezarritako autozentsurari egokitu zaio biografiaren itzalguneak estaltzea.

Esanguratsua da zein azkar egin nahi duten orain prozesua, bai semea errege izendatzeko ekitaldia, bai Juan Carlos Borboikoari babes juridiko berezia emateko legea. Ostiralean, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak iragarri zuen lege bat prestatzen ari direla, errege ohiak forudun izaera berezia izan dezan. Lege horren edukia, oraingoz, sekretua da.

Gastuei dagokienez, gardentasun falta erabatekoa da. Urtero, errege etxearen aurrekontu ofizial bakarra baino ez dute ematen: aurtengoa, adibidez, 7,5 milioi eurokoa da. Hala ere, bestelako gastuen nondik norakoen azterketarik ez dago. Ez dago zehazterik zenbateko osoa. Ezkerreko alderdiek eskatu dute erregearen gastuak ikuskatzeko, baina PPk eta PSOEk ezezkoa ematen dute.

Dena den, zifrak ez datoz bat. 2012an kaleratu zuen TheNew York Times egunkariak Juan Carlos Borboikoaren ondare pertsonala 1.780 milioi eurokoa dela. Aurrekontu publikoen bidez soilik ezingo luke inoiz hainbesteko dirurik izan. Errege izanik ere, haurtzaroan haren sendiaren egoera ekonomikoa ez zen hain oparoa: aberatsak ziren, ez zitzaien ezer falta, baina ez zuten Europako beste monarkien edo Alfontso XIII.a aitonaren iraganeko arrandiarik. Nolatan egin du, orduan, mende erdiren buruan hain dirutza handia? Espainiako komunikabideek sekula ez diote misterio horri heldu. Apenas dagoen informazio iturririk. Nagusietakoa Patricia Sverlo goitizeneko egilearen Un rey golpe a golpe (Errege bat kolpez kolpe) liburua da. Ardi Beltza aldizkariak banatu zuen.

Txikitan, Juan Borboikoaren seme zaharrenari Juanito deitzen zioten, eta 6 urterekin egin zuen bere lehen negozioa. Lausanan (Suitza) hotel batean bizi zirela, aitari urrezko luma bat lapurtu eta bost frankoren truke saldu zion hoteleko atezainari gozokiak erosteko. Aita ohartu zenean, luma berrerosi behar izan zuen hamar frankotan, eta dirua galtzeagatik errieta egin zion. Anekdota hutsa bada ere, negozioetarako grina bere inguruko pertsonen laguntzari esker estali du.

Francoren babespean

Adinean aurrera egin ahala, gozokien ordez diru premia nagusitu zitzaion. Francisco Franco diktadorearen Azor ontziaren barruan eta Donostiako kostaldetik gertu, Juan Borboikoa aitak Francorekin negoziatu zuen itzulera 1948an. Hala, diktadorearen babespean baina apenas dirurik gabe, poltsikoetan eskuak baino ez zituela Espainiaratu zen.

Urte batzuk geroago, Greziako Sofia andregai zuela Thailandian zafiro harribitxi bat izateko gutizia sartu zitzaion, baina Juan Carlos Borboikoak ezin izan zion oparitu, ez zuelako nahikoa dirurik. Laster ez zuen arazorik izango. 60ko hamarkadatik aurrera hasi zitzaizkion hurbiltzen gora egin nahi zuten enpresa eta finantza gizonak. Ezkontzerakoan, kasurako, Emilio Botinek, egungo Santander taldeko presidentearen aitak, orduko milioi bat pezeta oparitu zien munduan zehar egindako ezkon bidaia finantzatzeko. Finantzetan lagundu zion beste bankari bat Luis Valls Taberner izan zen. Hasieran Juan Borboikoa aita babestu zuen, baina, gero, semearen alde egin zuen.

Askok aldatu zuten jaka garai hartan. Izan ere, erregimen barruko sektoreen arteko barne borroken aurrean, gorde beharreko karta nagusia zen Juan Carlos Borboikoa Francorentzat, eta haren babesa handitu ahala, erregegaiarengana hurbildu ziren enpresaburu ugari. Horietako bat izan zen Jose Maria Ruiz Mateos.

Bazekien bere negozioak indarra har zezan botere politikora hurbildu behar zuela, eta Luis Valls bankariak Juan Carlos gaztearengana hurreratzeko gomendatu zion. Diruz betetako Loewe maleta bat eraman ohi zion jauregira, mahai gainean utzi, eta erregegaiak beti txoko berera botatzen zuen. «Zenbateko praktika izan behar du hori egiteko!», esan ohi zien gertukoei Ruiz Mateosek. Bilera haietan ez zen kopurua zehazten, baina diru emari harekin Ruiz Mateosek pentsatu zuen bizkarra babestua zuela.

Erratu zen. Hogei urte geroago, 1982ko otsailean Espainiako Gobernu sozialistak Rumasan esku hartu zuenean, Londresera ihes egin zuen Ruiz Mateosek, eta handik erregeari egotzi zion bi hamarkadatan 1.000 milioi pezeta jaso izana. Estatuko fiskal nagusiak erregeari irain egitea egotzi zion enpresariari, baina azkenean ezerezean amaitu zuen. Inor ohartu zen hobe zela Ruiz Mateosekin ahanztea, auzia zirku mediatiko bihurtu baino.

Pertsiako Sha-ri eskaera

Beste batzuetan, zuzenean Borboikoak eskatzen zuen dirua. Diktadorea hil ostean, hark ondo lotutako erregimena sendotzeko dirua eskatu zien beste monarkiei Juan Carlos Borboikoak. Adibidez, Pertsiako Sha-ri, oso modu abegikor eta formalean: «Askatasunez eta errespetu osoz, berorren eskuzabaltasunaren esku uzten dut monarkia espainiarra sendotzeko 10 milioi dolarreko ekarpena egiteko aukera».

Betidanik esan izan da Juan Carlos Borboikoak adiskide arriskutsuak izan dituela. Guztien artean bat nabarmentzekotan, Manuel Prado Colon y Carvajal aipatu behar da, haren diruaren administratzaile pribatua, konfiantzazko gizona. Denbora luzez, Juan Carlos Borboikoak arabiar herrialdeetako errege eta printzeekin egindako petrolio tratuen bitartekari zuzena izan da. Maiz, Pradoren harremanek buruko min franko eragin dizkiote, ustelkeria kasu esanguratsuetan zipriztindua izan delako. Jesus Cacho kazetariaren arabera, Felipe Gonzalezek behin aholkatu zion Pradok tratuetan %2ko komisioa kobratu beharko lukeela, «eta ez %20koa, gehiegizkoa baita».

Eskandalu horietako bat izan zen KIO auzia. Sadam Husseinen Irakek 1990eko abuztuan Kuwait inbaditu zuen, eta gerra hura negozio egiteko aukera aparta iruditu zitzaien askori. Baita Espainian ere. Javier de la Rosa KIOren Espainiako negozio adarreko (Torras taldeko) administratzailea gobernu sozialistarekin eta erregearekin sartu zen harremanetan. Denen artean, Kuwaiteko errege etxea konbentziarazi zuten: Juan Carlos I.ak AEBetako armadari Espainiako hegazkin baseak erabiltzeko baimena emango zien. Egiazki, horretarako eskumena ez zuen erregeak, Espainiako Gorteek baizik. Kuwaitarrek ez zekiten, baina diru eskerga ordaindu zuten.

Kuwaitek gutxienez ehun milioi dolar pagatu zizkion Prado de Colon de Carvajali. Jesus Cacho kazetariak kontatzen du nola ordainketa egin zen egun horietan Juan Carlos Borboikoak Sabino Fernandez aholkulariari deitu zion mezu bat igortzeko. «Joan zaitez De la Rosarengana eta esaiozu erregearen aldetik dena prest dagoela, eta eskerrik asko».

Gerra amaituta, KIO funtsaren arduradunak jabetu ziren zer garesti atera zitzaien fabore politikoa, baina zorrak ordainetan, erregearen zerbitzua are garestiago atera zitzaion herrialdeari: Kuwaitarrek Torres taldea kiebrara eraman zuten, auzitegietan De la Rosaren aurka jo zuten, eta urte luzez ez zuten Espainian inbertitu. De la Rosak auzitegietan hatzarekin seinalatu zituen Prado eta Espainiako erregea bera.

Errege etxeak informazioa goitik behera kontrolatu arren, ezin izan du beti kontrolatu informazio isuria. 1991n, Frantziako Elf petrolio konpainiak Cepsa-Ertoil erosi zion Ercros taldeari, zeina era berean Torras taldearena zen. Hamar urte geroago, Frantzian Elf auziak eztanda egin zuen. Eric Decouty kazetariari emaniko elkarrizketan, Loik Lefloch-Prigent Elfeko presidente ohiak azaldu zuenez erosketan 56 milioi libera erabili zituzten «buruzagi politikoak ureztatzeko, hala Felipe Gonzalezen ingurukoak nola Espainiako erregearen ingurukoak».

Adiskide arriskutsuak

Beste adiskide arriskutsu bat Mario Conde izan zen. Espainiako Bankuak 1993ko abenduaren 28an esku hartu zuen Baneston, eta bertan erregeak bere izenean gutxienez bi kontu zituen: operazio enpresarial batekin eta Banestok egin beharreko kapital zabaltze batekin erlazionatuta zeuden. Juan Carlos I.ak Unibertsitate Konplutentseak Mario Conde honoris causa doktore izendatzeko esku hartu zuen, Jesus Cachok hala adierazita. Alfonso Guerra sozialistak bere biografian dio mendeku gisa esku hartu zutela Baneston Mariano Rubio Espainiako Bankuko gobernadoreak eta gobernu sozialistak. Erregearen babesak ez zion balio izan.

Juan Carlos I.aren lagunen zerrenda, ordea, askoz luzeagoa da: Emilio Botin, Alberto Cortina, Juan Miguel Villar Mir Barcenasauzian ageri den eraikuntza enpresaburua...

Azken hamarkadan negozioak ez dira hain erraz argitara atera. Halere, 2012an elefante ehizaren afera argitara atera zenean, jakin zen Corinna Zu Sayn-Wittgenstein zuela maitale. Emakume alemaniar hori negozioetako bitartekari da, eta, besteak beste, Errusiako Lukoil enpresak Repsol-YPFren %29 erosteko operazioan parte hartu zuen 2008an. Erregeak hainbat aldiz deitu zion Jose Luis Rodriguez Zapaterori operazioa gauzatu zedin eskatzeko, baina agintariak gerarazi egin zuen, zerbitzu sekretuek hala eskatuta.

Orain, Zapaterok, Gonzalezek eta Rajoyk erregearen zerbitzuak goraipatzen dituzte. Juan Carlos Borboikoak, berriz, familiaenpresa semeari pasatu nahi dio, «belaunaldi berriei toki egiteko». Abdikazioa iragarri eta hiru egunera, enpresaburuekin bildu zen ekitaldi ofizial batean, eta halaxe agurtu zituen: «Bihotzez diot: eskerrik asko zuen lanarengatik, eta jarraitu aurrera; ni beti izango naiz zuen alboan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.