Nagore Oroz. Ikerketaren egileetako bat

«Adikzioa duten emakumeak, babestu ordez, zigortu egiten dira»

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ikerketaren egileetako bat da Nagore Oroz psikologoa. Zenbait emakumeren eta profesionalen testigantzak jaso, eta ateratako ondorioak izan ditu oinarri. Haren ustez, lanketa bat egin eta natural hitz egin behar da, adikzioak dituzten emakumeen kasuak ere badirela ikusgai egiteko.

Andreen ahotsa entzun duzue. Zer ondorioztatu duzue?

Jakin nahi genuen beraiek nola bizi duten tratamenduetako baliabide sistema horretan murgiltzea eta ateratzea, eta atentzioa eman digu beraiei emozionalki nola eragiten dien. Lotsa da gehienbat agertu den emozioa, bai eta bakarrik eta bakartuta sentitzea ere. Gainera, zeregin asko izaten dituzte beraien buruaren zaintza lehenetsi aurretik, eta ikusi dugu motibazioa falta zaie laguntzetara jotzeko.

Erruduntasun sentimendua ere ba al dute?

Bai, eta, horrez gainera, badirudi adikzioen mundua soilik mutilena dela, eta, beraz, feminitate horretatik, zuzentasunetik ateratzen garen bakoitzean, estigma bikoitza jasotzen dugu. Lotsatuta eta errudun sentitzen dira huts egiteagatik, zuzena eta perfektua ez izateagatik. Eta baita ingurukoengatik ere, seme-alaba batek adikzioak dituen ama bat izateagatik.

Batzuek pausoa eman dute.

Bai, eta tratamenduko saioak topera aprobetxatzen dituzte: ikasi egiten dute, eta indartsuago sentitzen dira.

Beste batzuek uzteko nahia ere sentitzen dute; gizonezkoz inguratuta daudelako, adibidez.

Laguntzak jasotzen dituzten %85 gizonak dira, eta %15 emakumeak. Beraz, posible da hamabost pertsonako talde batean andre bakarra egotea, eta horrek zailtasunak dakartza, talde maskulino batean barrenak askatzea zaila baita. Gainera, asko indarkeria matxista jasandakoak dira.

Proposamenak ere badira.

Prebentziorako programa batzuk proposatu ditugu, hala nola emakume gazteen autoezagutzarako baliagarriak izan daitezkeenak. Tratamenduetara sartzeko hobekuntzak ere behar dira, eta, horretarako, publizitatea aldatzearen aldeko hautua egin dugu, hala nola adikzioak dituen horren ideiak aldatuta. Gainera, profesionalak ere prest agertu dira formakuntzak hartzeko. Azkenik, egoera ikusgai egitea: natural hitz egin behar da. Ez da horren arraroa, ez da horren martetarra: kontsumitzen duten emakumeak daude, eta arazoak dituztenak.

Eta tratamendurako aldaketak?

Taldeak osatu behar dira andreentzat eta gizonentzat, konstruktu maskulino toxiko hori ere desegin egin behar baita. Familiarekin ere lanketa bat egin behar da, presio hori arintzeko. Izan ere, sarri ikusten da adikzioa duten andreak, babestu ordez, zigortu egiten direla.

Zergatik ikertu behar da gaia ikuspegi feminista batetik?

Badirudi ezetz, baina tratamendu guztietan, buru osasunean, bederen, androzentrismoa da nagusi oraindik eremu askotan. Asko dago egiteko; beraz, zenbat eta gehiago egin, hitz egin, irakurri eta entzun, orduan eta gehiago zabalduko dira feminismoan oinarritutako tratamenduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.