Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Gezurrezko dikotomiak

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2020ko urriak 27

Ohituta gaude zuriaren eta beltzaren artean hautatzera, alde ala aurka egotera. Orain ere, joera hori dugu: ekonomia ala osasuna; eskolak itxita ala irekita; maskara beti jantzita ala inoiz ez; birusa aerosolen bidez garraiatzen da ala tantaxka handietan soilik; txertoa guztiz segurua ala arriskutsua izango da; konfinamendua irtenbidea da ala alferrikako zigorra...

Dikotomia horietako asko, baina, ez dira benetakoak. COVID-19aren gainean oraindik galdera asko dauden arren, zientzialariak ari dira ematen erantzun batzuk. Haiek gizarteratzea ez da beti erraza, ordea.

Horren adibide garbia aerosolen auzia da. Komunikabideek haizatutako eztabaidak zalantzaz bete ditu herritarrak, baina dikotomia faltsu bat du oinarrian: tantaxken eta aerosolen artean ez dago bereizketa garbirik: arnas-bideetatik ateratzen den airean neurri desberdinetako tantak daude, ikus daitezkeenetatik hasi eta ñimiñoetara (horiei aerosol deritzote).

Denek garraia ditzakete birusak. Tanta handienak, astunagoak direnez, berehala erortzen dira; horrenbestez, besteak infektatzea galarazteko, nahikoa da haiekiko bi metroko tartea uztea. Aerosolak, berriz, arinagoak dira, urrunago heltzen dira, eta luzaro irauten dute airean. Haien bidezko transmisioa eteteko, maskarak eta aireztapena dira neurri eraginkorrenak.

Zergatik ez dira, orduan, hasieratik hartu neurri horiek eta nolatan ez zaio garrantzi handiagoa ematen aireztapenari? Galdera horrek ere ez du erantzun bakarra, eta, gainera, onartu behar da zientzialariek ere denbora behar izan dutela aerosolen bidezko transmisioaren froga sendoak lortzeko.

Ebidentziak lortu ahala, ordea, erakunde ofizialek (Osasunaren Mundu Erakundea, Gaixotasunak kontrolatzeko eta prebenitzeko AEBko zentroa, Espainiako Osasun Ministerioa...) protokoloak berrikusi dituzte, aerosolen bidezko arriskua aintzat hartuta. Horrekin batera, agintariek ere berritu dituzte arauak, eta leku gehienetan derrigorrezkoak dira maskarak. Aireztapena bermatzeko egokitzapenak, ordea, oraindik ez dira denera hedatu.

Izan ere, neurri berriak ezartzeko, ezinbestekoa da ondo komunikatzea eta neurria ulergarria eta zentzuzkoa izatea. Hala ere, horrekin ez da nahikoa: hura betetzeko baliabide nahikoa izatea ere behar-beharrezkoa da. Esaterako, Alemaniako Gobernuak 500 milioi euro jarriko ditu aireztapena hobetzeko sistemetan, bereziki, eraikin publikoetan, eskoletan eta unibertsitateetan.

Dikotomiarik faltsuena, dena den, ekonomia eta osasunarena da. Hain zuzen, COVID-19ak gogorren jo duen herrialdeak dira galera ekonomiko handienak izaten ari direnak, eta alderantziz; izurria kontrolpean izatea lortzen ari direnak ekonomiari ere eutsi diote. Espainia lehenengoen artean dago, eta horren arrazoia gordin azaldu du The Lancet aldizkari zientifikoak: urteetan osasun-sisteman eta gizarte-zerbitzuetan egindako murrizketen ondorioa da orain egoera epidemiologikoa hain larria izatea.

Ziurgabetasun-garaiotan, ez da erraza iturri fidagarriak topatzea, eta alea eta lastoa bereiztea. Horretarako, ezinbestekoa da jarrera kritikoa izatea, eta kontuan izatea, sarritan, grisen tartean egongo dela erantzuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

<b>Konfinamendua.</b> Baionako karrikak hutsik, eta dendak itxita konfinamendu garaian. ©BOB EDME

Larunbatetik aitzina dendak irekiko dituzte Iparraldean

Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza

Jatetxeak ez dituzte urtarrilaren 20a aitzin zabalduko, baina ostatuentzako eperik ez dute eman. Madrilek aurreratu du etxeratzeko orduei eutsi nahi diela Eguberrietan
Osasun krisiak nabarmen okertu du elbarritasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea. ©LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU

Malkartsuago egin zaie bidea

Edurne Begiristain

Izurriaren bigarren olatuak areagotu egin ditu urritasunen bat duten pertsonen arazoak, oztopoak eta premiak. Koronabirusak «mendekotasun» handiagoa sortu die, eta bizi kalitatea «okertu». Egoitzetan dauden mendeko pertsonak «salbuespen egoeran» bizi direla ohartarazi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna