Adituek segregazioa eragozteko neurri sorta bat proposatu dute

Hasi dira adituen agerraldiak hezkuntza akordioaren oinarriak ezarri nahi dituen Eusko Legebiltzarreko lantaldean. Besteak beste, ISEIko eta Heizeko kideak bertan izan dira

Hezkuntza hitzarmenaren oinarriak zehazteko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldea bilduta, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legea eta haren aurreko hezkuntza akordioa ontzeko bidean, beste pauso bat eman zuten atzo: adituen agerraldiak hasi ziren xede horrekin osatutako Eusko Legebiltzarreko batzorde txostengilean. Lehen saioan izan dira ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen zuzendari Eduardo Ubieta; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta errektore ohi Juan Ignacio Perez Iglesias; Alvaro Ferrer eta Lucas Gortazar, Diversidad y libertad. Reducir la segregación escolar respetando la capacidad de elección de centro [Aniztasuna eta askatasuna. Eskola segregazioa murriztea, ikastetxea aukeratzeko gaitasuna errespetatuz] txostena aurkeztuz; Mari Tere Ojanguren EAEko Eskola kontseiluko lehendakariordea; Javier Diez Leongo Unibertsitateko irakaslea; Iñigo Salaberria Heize ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteko lehendakaria; eta Oinherri eta Lagundu NEE Enkarterri elkarteetako kideak. Segregazioaz eta horri aurre egiteko moduez aritu ziren, batez ere.

Hasteko, egungo hezkuntza sistemaren argazkia egin zuen Ubietak. Eskola uzte goiztiarra, esaterako, %6,5ekoa da, Europak gomendatutakoaren azpitik; eta 3 urteko umeen %99 eskolatuta daude. Europak 4 urte dituztenen %95 ikastetxeetan egotea gomendatzen du; beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerahobea da. Helduen irakaskuntza, berriz, ez da Europak gomendatutako %15era iristen—%13,1ekoa da—, eta irakurketan, matematikan eta zientzietan «errendimendu txikia» duten ikasleen kopurua ere gomendatutakoaren gainetik dago. «Bikaintasuna» lortzen duten ikasleen kopurua «txikia» dela ere esan du Ubietak.

Eta aurrera begira, zer? Ubietaren irudiko, bi aldagaik baldintzatuko dute sistemaren etorkizuna: jaiotze tasaren jaitsierak, eta migrazio saldoak eta emakume atzerritarrek haurrak izateak. Ubietak zehaztu du segregazioa ez dela sare publikoaren eta itunpekoaren artean soilik gertatzen, eta eskatu du begirada jartzeko baita matrikulak non egiten diren ere.

Beste hainbat gairen artean, segregazioa izan du hizpide Perez Iglesiasek ere. Ohartarazi du «mito bat» dela ikasleek erabateko aukera berdintasuna dutela, baina hezkuntzak baduela herritarren arteko desberdintasunak desagerrarazteko funtzioa, eta bereziki familiarik pobreenetako ikasleentzat dela garrantzitsua kalitatezko hezkuntza jasotzea.

Hizkuntzei ere egin die erreferentzia. Ikasleek euskara eta gaztelera menperatu beharko lituzketela nabarmendu du, eta hala erantsi du: «Ni ingelesa ere ematearen alde nago, baina ingelesaren aurretik matematika dago». Horrez gain, euskal kultura lantzeari ere garrantzitsua deritzo: «Guk ez badugu egiten, beste inon ez da egingo». Hezkuntzak «bertan sustraitua» izan behar luke, haren irudiko.

Segregazioan zentratuta mintzatu dira Ferrer eta Gortazar ere. Haien txostenean oinarrituta, zortzi proposamen egin dituzte segregazioa murrizteko: eskola esleitzeko puntu sisteman diskriminazio positiboa egitea maila sozioekonomiko baxua duten familiei; bi zerrenda osatzea, modu orekatuan banatzeko abantailak dituzten ikasleak eta ez dituztenak; pizgarriak ematea, irakaslerik onenak behar gehien duten eskoletan egon daitezen; ikastetxeak egoki finantzatzea eta benetako doakotasuna kontrolatzea...

Sare publikoa, erdigunera

Salaberriak hezkuntza publikoaren defentsa egiteko baliatu du Eusko Legebiltzarrean izan duen tartea: «Ondo dakigu gure gizartean hezkuntza interes pribatuak daudela, baina argi dugu gizartearen etorkizunak publikotik etorri behar duela». Euskara «indartzeko eta sustatzeko» ere ezinbestekotzat jo du sare publikoa indartzea. Akordioari dagokionez, ohartarazpen bat egin du: «Hitzarmena eta legea egungo egoera hau betikotzeko bide bat bezala planteatuko balira, uste dut horrek kalte handia egingo liokeela euskal gizarteari epe ertainera». Ojangurenek hezkuntzako gakoen berri eman du: besteak beste, zuzendaritza talde «profesionalak eta iraunkorrak» eratu behar direla ikusten du, eskolen arteko kolaborazio giroa bultzatu eta irakasleen etengabeko formazio planak garatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.