Caritasek familia gutxiago artatu ditu, baina behar handiagokoak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritas elkarteek 2021eko memoriak aurkeztu dituzte. 32.000 lagun baino gehiago artatu dituzte, eta, horretarako, ia zazpi milioi euro erabili

Gipuzkoako Caritasek Donostian aurkeztu zuen 2021eko memoria, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
«Hobeto gaude, baina lehendik gaizki zegoena okerrago dago orain. Familia gutxiago artatu ditugu, baina intentsitate handiagoarekin», adierazi zuen atzo Arabako Caritasek. Izan ere, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Caritas elkarteen 2021eko memoriak aurkeztu zituzten atzo, eta, adierazi zutenez, ez dute ikusi pandemiak eragin duen osasun krisiari aurre egiteko «behar beste irtenbide».

Jose Ramon Aramendi Gipuzkoako Caritaseko zuzendariaren arabera, koronabirusaren eraginez 2021. urtea «izugarri gogorra» izan da lagun askorentzat. Gainera, Carlos Bargos Bizkaiko Caritaseko zuzendariak azaldu zuenez, krisiak ez die berdin eragiten herritar guztiei: «Egoera prekarioan eta baztertuta daudenei eragin die batez ere».

2021ean 32.000 lagun baino gehiagok jo zuten laguntza bila, eta, Kontxi Elexpe Gipuzkoako Caritaseko administratzailearen aburuz, bi arrazoi nagusirengatik murriztu da kopuru hori 2020arekin konparatuta. Alde batetik, «zorionez», pertsona horiek lana berreskuratzeko aukera izan dute pandemiaren ondoren. Bestetik, pandemia garaian errefuxiatu fluxuak gelditu egin ziren, eta, 2021ean, «oraindik ere geldirik zeuden». Hiru lurraldeetan ia zazpi milioi euro erabili dituzte pertsona horiek artatzeko.

Jose Emilio Lafuente Gipuzkoako Caritaseko idazkari nagusiak adierazi zuenez, Caritasera laguntza bila doazenek, etxebizitza aurkitzeko eta hari eusteko izaten dute «zailtasunik handiena», baita familia eta lana kontziliatzeko ere. Ohartarazi zuenez, egoera hori, batez ere, ama bakarrek jasaten dute.

Bazterketa egoera «larrian» daudenak kontuan hartuta egin dute memoria, eta Gipuzkoakoari Aukerak sortzen izena jarri diote.Elexperen arabera, 2021ean egindako lanarekin «bizitzari eusteko» aukerak sortzen saiatu direlako.

Esparru desberdinetan eragin nahi izan du Caritasek: prestakuntzan eta enpleguan, migratzaileak gizarteratzean, erregulazio administratiboa lortzean, komunitatean loturak eta sareak sortzean, eta jatorrizko herrialdeetan proiektuak sortzean. Izan ere, 2021ean «jatorrizko herrialdeetan» zenbait lankidetza proiektu finantzatu zituen nazioartean eragiteko helburuarekin: «Karitatearen dimentsioa unibertsala da, eta, unibertsala denez, mundu guztiko errealitatera iritsi nahi dugu», azaldu zuen Elexpek.

Horiek horrela, Caritasek hizpidera ekarri nahi izan zuen iaz artatutako pertsonek izandako jarrera: «Familia askok eta askok egunero aurrera ateratzeko egiten duten ahalegina aldarrikatu nahi dugu, egungo testuingurua zaila eta aukera gutxikoa izan arren».

Erronkak: gaur eta bihar

Memoria ontzean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritas elkarteek artatzen dituzten familiek dauzkaten sei erronka edo zailtasun nagusi identifikatu zituzten. Hala ere, Elexpek nabarmendu zuen 2022an ere erronka horiei aurre egin beharko dietela.

Kezka nagusiak hauek dira: etxebizitza eskuratzea, lana eta zaintza kontziliatzea, kalitatezko enplegu egonkorra lortzea, erregulazio administratiboa, arrakala digitala, eta bakardadea. Gainera, horietako zenbait elkarren artean gurutzatzen dira. Esate baterako, erregulazioak enplegua eta etxebizitza lortzearekin du zerikusia. Azaldu zutenez, Caritasek artatzen dituen lagunetatik «asko» migratzaileak dira, eta horien «ehuneko handi bat» egoera administratibo «irregularrean» dago.

Egoera horretan egoteak zailtasunak eragiten dizkie enplegu formala eskuratzeko, besteak beste, eta, beraz, bizitzeko «behar adina» diru sarrera izateko, baita etxebizitza «egokia» eskuratzeko eta hari eusteko ere. Horregatik, Gipuzkoako Caritasek nabarmendu du bat egiten duela migratzaileen erregulazio prozesua hastearen aldeko sinadura bilketarekin.

Arrakala digitalari garrantzia ematen dio Caritasek, eta bazterketa elementu gisa identifikatzen du: «Pertsona batzuek bazterketa digitala jasaten dute ez dutelako baliabide eta abilezia nahikoa», azaldu zuen Lafuentek, eta nabarmendu pandemiarekin egoera hori areagotu egin zela. Konfinamenduaren eraginez, gainera, «larriagotu» egin zen bakarrik eta bakartuta zeudenen egoera. Horiei laguntzeko, «ezinbestekoa» da pertsona horiek «non eta nola» dauden jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.