Gaitasun handiko ikasleak garaiz atzemateko plan bat taxutu dute

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoak prozedura sistematizatuko du, ikasleei egokitutako arreta eskainita. Hezkuntzako profesionalek prestakuntza eta material bereziak jasoko dituzte

Ikasle talde bat, ikastetxean. Hezkuntza komunitatea sentsibilizatu nahi dute gaitasun handiko ikasleen gaiarekin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Adimen gaitasun handia daukate ikasleen %3 inguruk, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Euskal Herrian, ordea, nabarmen gutxiago daude atzemanda; adibidez, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ikasleen %0,2k dute diagnostikatua gaitasun handia. Estandarizatu gabe daude adimen gaitasun handia atzemateko prozedurak, eta ikasle askoren gaitasunak eta beharrak oharkabean pasatzen dira. Horrelakoak saihesteko helburuz, Eusko Jaurlaritzak plan bat ondu du adimen gaitasun handiko ikasleei hezkuntza arreta emateko. Atzo aurkeztu zuten Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak.

Planaren helburua da gaitasun handiko ikasleen kasuetan administrazioaren prozedura sistematizatzea, hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea eta prestakuntza berezia ematea, ikasleek «arreta espezifikoa» jaso dezaten.

Hezkuntza Sailaren arabera, azken urteetan aldatu egin da adimen gaitasun handiari buruzko «kontzeptualizazioa» ere: «Definizio estatikoak alde batera utzi dira. Gaitasun handiko pertsonen talentu askotarikoak direla eta, garapen ibilbide desberdinak egiten dira». Planaren egileek nabarmendu dute ikasle horien garapena eta lorpenak ere «askotarikoak» izan daitezkeela, pluraltasun horren ondorioz, eta horren arabera diseinatu dute egitasmoa.

Sumatu dute «zenbait mito» zabalduta daudela neska-mutiko horien inguruan, eta horiek eraisteaz mintzo dira planean: «Uste okerrak dira, besteak beste, gaitasun handiko ikasle guztiak berdinak direla, arlo guztietan nabarmentzen direla, txukunak direla, zereginak amaitzen lehenak direla beti, edo ikasgelan nabarmentzeko oso motibatuta daudela».

Mito horietako batzuk, gainera, «kaltegarriak» ere izan daitezke, txostenaren arabera. Adibidez: adimen handiko haurrak «jendartean aritzeko moldakaitzak» direla dioena. Hezkuntza Sailaren arabera, uste oker horrek ikasleekiko «etsaitasuna» eragin dezake zenbait kasutan. «Kaltegarria da, halaber, esatea supergaitasunik ez duten beste ikasle batzuen premiak handiagoak direla eta lehentasuna haiei eman behar zaiela, edo gaitasun handiko ikasleen premiei arreta eskaintzeak gutxiagotasun sentimendua sor lezakeela gainerako ikasleengan».

Identifikatzeko prozesua

Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 747 ikasle daude adimen gaitasun handiko gisa sailkaturik; oinarrizko hezkuntzako ikasle guztien %0,2 inguru dira horiek. Azken urteetan, bestalde, hirukoiztu egin da gaitasun handiko gisa identifikatutako ikasleen kopurua, baina OMEk eginiko estimaziotik urrun dago oraindik.

Identifikazioa fintze aldera, Hezkuntza Sailak prozedura osoa «sistematizatzeko» xedea du: «Eskolatzeak irauten duen aldi osoan berrikus daitekeen etengabeko prozesu bat da, eta ahalmen guztiak garatzeko estimulazio egoki bat bermatzea du helburu; bestela, baliteke ahalmen horiek inoiz ez agertzea».

Adimen gaitasunak atzemateko prozesuan hainbat urrats zehaztu dituzte: iragazpena, detekzio espezifikoa, balorazio psikopedagogikoa, esku hartze pedagogikoa, ebaluazioa eta jarraipena. Hezkuntza mailaren eta ikasleen beharren arabera egokituko dituzte.

Ikasmaterial sorta bat ere prestatu dute, hezkuntzako profesionalei zuzenduta, «detekzio eta orientazio lana berme gehiagorekin eta era sistematizatuan egin dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.