Bozak Euskal Herrian

Ezkerreko hiru zerrenden aliantza posibleak eztabaida sortu du Baionan

Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak larunbatean erabakiko du bigarren itzulian zer egin. EH Baik Etxetorekin batzea baztertu du

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko maiatzak 28

Eztabaida bizia sortu du Baionako herriko bozen bigarren itzuliak. Ezkerreko hiru zerrendek elkarrizketak abiatu dituzte balizko elkartze bati begira, baina Henri Etxetori babesa erakustea pentsaezina da, abertzale askoren iritziz. Batzuek «Baionako [Manuel] Valls» izendatzen dutena frantziar nazionalismo jakobinoaren figura da, anitzen ustez, eta, diotenez, hura Baionako auzapez izendatzeak Lapurdiko hiriburuan ez ezik Ipar Euskal Herri osoan eragina izanen luke; halaber, Jean Rene Etxegaraik azken urteetan hainbat aldarrikapen abertzaleri eman dien babesa ere aipatzen dute batzuek. Alderantziz, urteetan eskuin kontserbadorearen esku izan den herriko etxean ezkerreko alternatiba eraikitzea lehenesten dute beste batzuek. BBE Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak bihar eginen du biltzar nagusia, eta larunbatean bozkatuko dute erabakia hartzeko. EH Baik abisua eman du: BBEk Etxetorekin aliantza egitea erabakiko balu, ez luke babestuko.

Bost zerrenda aurkeztu ziren bozen lehen itzulian Baionan: eskuineko alderdien babesarekin, Jean Rene Etxegarai orain arteko auzapezak bozen %40,3 eskuratu zituen; PS, PCF eta Frantzia Intsumisoaren baitako Ezkerreko Alderdiaren babesarekin, Henri Etxetok %29,8 eskuratu zituen; EH Bai, EELV, eta Frantzia Intsumisoaren baitako Elkarrekin alderdiaren babesarekin, Jean Claude Iriart buru duen BBE zerrenda herritarrak, %13,1; Mathieu Berge sozialista ohiaren zerrenda herritarrak, %11,2. Azkenik, Pascal Lesselieren eskuin muturreko zerrendak, %5,57. Baina parte hartzearena izan zen emaitzarik azpimarragarriena: COVID-19 birusaren hedapenari buru egiteko hartutako lehen segurtasun neurrien biharamunean, hautesleen %61ek ez bozkatzea erabaki zuten.

Funtsean, elementuak desberdinak badira ere, 2014ko eskema errepikatu da: orduan, abertzale eta ezkertiarrek osatutako Baiona 2014 zerrenda zabalak, ez Etxetorekin, ez Etxegarairekin ez batzea erabaki zuen, eta Ezkerreko Frontearekin aliantza eginda aurkeztu zen bigarren itzulira. Etxegaraik irabazi zuen, 24 bozen aldearekin; bozen %9,4 lortuta, bi hautetsi eskuratu zituzten ezkertiar eta abertzaleek. Etxetoren taldeak ezkerrari traizio egin izana leporatu zien abertzaleei, eta tentsio handia egon zen: Baiona 2014ren egoitzan, pintaketak agertu ziren kanpainako azken egunetan; bozen emaitzak jakin ondoren, txistuka eta «traidoreak» oihuka egin zieten harrera Etxetoren jarraitzaileek.

Oraingoz, elkarrizketa

Martxoaren 15eko gauean, lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, biltzar nagusia egin zuen BBE zerrendak, eta ezkerreko gainerako indarrekin elkarrizketak abiatzea onartu zuen gehiengo batek. Mandatu horretan, balizko akordio bat lortzeko baldintzak zehazten dira, izan programari lotuak, izan gobernantzari lotuak. Azken asteetan bilkura bat baino gehiago egin dituzte hiruren artean, baina baita Bergeren Bihar Baiona eta BBE taldeen artean ere.

Bihar eginen du biltzar nagusia BBEk. Koordinazioak orain arteko elkarrizketen bilana aurkeztuko du, eta norbanakoen ekarpenak ere emanen dituzte. Larunbatean eginen dute bozka, aukera ezberdinen artean erabakitzeko. Mathieu Bergek argi du: «oraingoz, hiruko aliantza baten logikan gaude». Posible izanen ez balitz, «ikusiko dugu nola posizionatzen garen». Asteartean aurkeztu behar dira bigarren itzuliko zerrendak; ordura arte hirukoa lortzen saiatuko direla dio.

EH Baik, ezezkoa

Baionan gertatzen denak Ipar Euskal Herrian izan lezakeen eraginaz jakitun, EH Baik ere posizioa hartzea erabaki du. Baionako kideekin elkartu da zuzendaritza, eta Ipar Euskal Herriko hainbat militanteren iritzia ere jaso dute. «Etxegarairekin ez dugu zereginik elektoralki. Hainbat arlotan bidelagun badugu ere, ez diogu eskuindar bati babesa emanen hauteskundeetan. Ez da bozkarik edo aliantzarik planteatzen», esplikatu du Nikolas Blainek. Baina Etxetoren «postura politikoak» kontuan hartuta, erabat baztertzen dute harekin batzea. «Jakobinoen kontrako borroka ez da bukatua», azaldu du. «Uste dugu ezkerreko polo zabal bat egituratzen segitu behar dugula. Pentsatzen dugu estrategia ona dela: ezkerreko alternatiba bat behar da Baionan, lurraldearen berezitasunei erantzuten diena».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Gizon bat PCR proba egiten, Donostian. ©Gorka Rubio / FOKU

Hogei milioi koronabirus kasu baino gehiago detektatu dituzte mundu osoan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19a 188 herrialdetara iritsi da, eta 736.000 lagun baino gehiago hil ditu.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna