Bakearen aldeko mugimendu sozialak. Lokarri

BAKE PROZESUAREN HARIARI TIRAKA

Lokarri herritar sareak datorren larunbatean bukatuko du bederatzi urteko ibilbidea, Bilbon ekitaldi bat eginda. Lehenengo urteetan, kontsultaren alde aritu zen; gero, bake prozesuan murgildu da, batik bat Brian Currinekin elkarlanean. Lokarriren legatua gordetzeko elkarte bat sortuko du.

Lokarri herritar sareko kide batzuk, 2011ko urriaren 26an Donostian egindako ezohiko batzarrean. ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuela iragarri zuen bost egun lehenago. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lokarriko arduradunek aitortzen dute sarearen lehendabiziko urteetan «pixka bat inozente» aritu izan zirela. Elkarri-ren lekukoa hartu zuten 2006an —bake konferentzia eratzeko hiru saio egin zituen hark—, eta Lokarrik akordioari eta herri kontsultari heldu zien. ETAren urte hartako martxoaren amaierako su-etena iristear zen, baina, gero jakin zen bezala, bake prozesua hasieratik zegoen ahul. Ez zuen asko iraun haren meniak: urtebete pasatxo. 2007tik 2009ra artekoak dira operazio politiko garrantzitsu batzuk, ezker abertzaleko arduradun ugariren kartzelatzeak eta beste. Urte haietakoak dira, halaber, Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohiaren, Inaxio Uria enpresariaren eta Eduardo Puelles Espainiako poliziaren hilketak. Garai zailak guztientzat.

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak esaten zuen orduan: bake prozesua «blokeaturik» zegoela, eta irtenbideetako bat zela euskal herritarren hitza entzutea. Sareak kontsultak antolatzeko proposamena aurkeztu zien Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, hogei mila pasa sinadura bildu ondotik. Hiru printzipiotan oinarritu nahi zuten galdeketa: indarkeriaren amaieran eta giza eskubideen errespetuan; elkarrizketaren aldeko apustuan; eta bizikidetza bakearen eta demokraziaren bidez kudeatzea posible izango zuen hitzarmen plurala lortzeko beharrean.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2007ko irailean Galdeketa Legearen proposamena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean; 2008ko ekainean onartu zuen legea EAEko ganberak, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irailerako baliogabetu zuen. Lokarrik «herri kontsultaren aldeko garra berpiztu» zuen, Gernika-Lumon normalizazio politikoari buruzko galdeketa bat antolatuta: 2.034 lagunek bozkatu zuten, eta %99,4k eman zuten baiezko botoa. Sorreratik egindako «ekinbiderik ausartena» izan zen hura, Riosek adierazi zuenez. Baina ez zuten aurrerabide handirik ikusten. Han bukatu zen haren ibilbidearen lehenengo zatia. «Bake prozesuari heldu» zion geroztik, eta gaur egun arte eutsi dio, emaitza oparoagoarekin.

Honaino iritsi arte, ezker abertzalearekin gorabehera handiak eduki ditu. Lokarri sortu aurretik, Batasunak harremanak moztuta zeuzkan Elkarri-rekin, EAJren jarreretara lerratuegia zegoelakoan. Egoera hura zela hasi zen Riosen taldea, eta 2009ra arte ez ziren egon ezker abertzalearekin.

2009. urte bukaera

2009. urte bukaera oso garrantzitsua izan zen gaurko egoerara iristeko. Batetik, ezker abertzaleak estrategia berriari buruzko gogoetaren hasieraren berri eman zuen azaroaren 14an, Altsasun. Eta, bestetik, aurreko urteetako lanari jarraiki, Brian Currin hegoafrikar bitartekaria protagonismo inportantea izaten hasi zen, 2009ko urriaren 28an, Donostian, Lokarrik antolatutako Nola suspertu bake prozesua? hitzaldian parte hartuta. Orduan esan zuen Currinek Batasuna bakebidean guztiz engaiatuta ikusten zuela, eta hari konfiantza emateko eskatu zuen. Ibarretxeren Jaurlaritzak Roelf Meyer Hegoafrikako ministro ohiarekin ireki zuen bidea baliatu zuen sareak Currinengana errazago iristeko. Batasunak ere bazituen bitartekariarekin harremana urte batzuk lehenagotik, baina Currin Lokarriren eskutik ibiltzen hasi zen; Batasunak ez zuen eragozpenik ikusi horretan.

Orobat, 2009. urte hondarrean, Riosek-eta Bilbon ezker abertzaleko ordezkari batekin bilera bat egin zuten, eskaintza eginez: ezker abertzaleak bide politikoen aldeko estrategia sustatzen segitzen bazuen, Lokarrik konpromisoa hartuko zuen Euskal Herrian ehun kontsulta antolatzeko eta nazioartean ezker abertzalearen legez kanporatzea salatzeko. Bilera «desastre bat» izan zen, Lokarriko arduradunek BERRIAri aitortu diotenez; «hark esan zigun eskaerak beti ETAri eta ezker abertzaleari egiten ari ginela, ez estatuari». Talde bakoitzak bere bideari segitu zion, bakearen eta normalizazioaren aldeko ildoak gehiago finkatu zituzten —kasurako, Lokarrik parte hartu zuen eskubide zibil eta politikoen aldeko ekinbideetan, eta ezker abertzaleak Zutik adierazpena plazaratu zuen 2010eko otsailean—, eta elkartzeraino heldu ziren: 2011ko otsailean, Sorturi estatutuen aurkezpen ekitaldiaren antolaketan lagundu zion Lokarrik, eta 2011ko urrian Aieteko konferentzia izan zen.

Zergatik utziko du orain Lokarrik? Jendaurrean eta pribatuan esan du: barne mailan ez ziren ados jartzen zer egin, eta uztea erabaki dute. ETAk 2011ko urrian, Aietekoaren ondotik, jarduera armatua betiko bukatu zuela iragarri zuenean eta Konstituzionalak 2012ko ekainean Sortu legezko alderditzat jo zuenean, Lokarriko arduradun nagusiek uste zuten sarearen egitekoa bukatu zela, eta 2012 amaieran desegiteko asmoa zeukaten. Beste batzuek pentsatzen zuten bazirela zeregin batzuk artean: presoen egoera, ETAren armagabetzea... Lokarrik bi urteko epea eman zion bere buruari —2014 bukaera artekoa—, Euskal Herriko egoerak zer aurrerapen izan zitzakeen ikusteko. Bi urteotan izan dira aurrerapauso batzuk —Parot doktrinaren bukaera 2013ko urrian, EPPKren 2013ko abenduko adierazpena, ETAren armagabetzearen hasiera iazko otsailean, ETAk joan den uztailean jakinarazi zuen «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin zituela, bizikidetzarako ekinbide sozial eta instituzionalak, Jaurlaritzak biktimenaitortzarako emandako pausoei ere garrantzia ematen die Lokarrik...—, baina, funtsean, egoera ez da sobera aldatu, eta iazko irailaren 27an Donostiako Aiete jauregian Lokarriko 80ren bat lagunek egindako batzarrean erabaki zuten amaiera ematea sareari.

Gainera, garrantzia ematen diete azken bi urteotan euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko plataforma Sare eta erabaki eskubidearen aldeko dinamika Gure Esku Dago sortu izanari. Argituz, Baketik eta Buesa fundazioa ere badirela aipatzen dute.

Bilbon azken ekitaldia

Duela bederatzi urteko martxoaren 12an sortu zen Lokarri, Bilbon. Martxoaren 7an bukatuko da, Bilbon. Campos Eliseos antzokian ekitaldi bat egingo du (12:00), Maddalen Iriartek eta Kike Amonarrizek aurkeztuta, eta, besteak beste, Currinek eta Riosek hitz egingo dute. Lokarrik iragarri du «bake prozesua errotzeko» azken proposamenaren berri emango duela. Taldearen historiako irudiak ere erakutsiko dituzte, eta ostean bazkari eta festa bat egingo dute Bilboko jatetxe batean.

Urteotako «legatua» gorde eta kudeatzeko elkarte bat sortuko du, soldatapeko langilerik gabekoa. Orain bost behargin ditu, urtero 450.000 euroko aurrekontua eta 1.600 bazkide —urtero %3ko galera eduki du—. Urtean behin-edo bake prozesuaz txosten bat argitaratzeko eta jardunaldiak antolatzeko xedea luke elkarte berriak. Halaber, «nazioarteko erakundeekiko konpromisoak» betetzen segituko du Riosek, bere kabuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.