EAEko Hezkuntza Legea

Jarraipen batzordea, legerako

Eusko Legebiltzarrak onetsitako hezkuntza itunari leial izango zaion legea ontze aldera, batzorde bat eratu dute. Lidergoa Jaurlaritzak izango du, baina alderdiek informazioa eskatu ahal izango dute

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gidatuko du legea ontzeko bidea. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Gurutze Izagirre Intxauspe
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal hezkuntza sistema eraldatzeko oinarrien akordioa izenpetu du Eusko Legebiltzarraren ordezkaritzaren %90ek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esku dago orain lege bat ontzea, akordioan jasotako oinarrien gainean. Baina jarraipena egingo zaio idazketa prozesu horri. Akordioa babestu duten alderdiek beste pauso bat eman dute: adostu dute Akordioaren Jarraipen Batzordea sortzea.

Batzorde horren sarrera babestu dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. BERRIAk jakin duenez, batzordearen funtzioa izango da hitzarmena betetzen dela zaintzea. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta babestu duten taldeetako ordezkariek osatuko dute, «sailburua buru dela». Batzorde horrek akordioaren jarraipena egingo du, eta hura betetzen dela zaindu. Hiru hilean behin bilduko da lehenengo bi urteetan; gero, sei hilean behinera mugatu ahal izango dira bilerak, Hezkuntza Saila eta alderdiak ados baldin badaude «eta akordioen garapen-erritmoaren arabera, gai nahikorik ez ez dagoela egiaztatzen badute».

Halere, gobernuak edo alderdi sinatzaileen hiru laurdenek ezohiko bilera eskatu ahal izango dute, eta sei hilean behin deitu ahal izango da lehen bi urteak igaro ostean, alderdietako batek aurretik aipatutako baldintzetan hala eskatzen ez badu. Akordio honen garapenaren berri «ofizioz» ematea adostu dute, edo legebiltzar talderen batek hala eskatzen duenean.

Lidergoa, Bildarratzek

Jarraipen tresna hori sortzea hobetsi dute, aitortuta akordioaren garapenean Hezkuntza Sailak izan behar duela lidergoa, baina alderdi politiko guztiei kontsulta egiteko eskatzen zaio sailburuari, eta beharrezko informazioa bildu eta ekarpenak egiteko aukera izatea ere bai, «arau esparru berriak onartze aldera». Jarraipen batzordean, Euskal hezkuntza sistema eraldatzeko oinarrien akordioa-n jasotako gaien muinetara ere zabal litekeela adostu dute, eta sailburuaren eta alderdien arteko kontrastea bilatu honako gai hauetan, besteak beste: curriculum berrian, programa kontratuetan eta eskola plangintzan, eta itunei buruzko dekretuetan.

Legea ontzeko ordua

Fase berri batean sartu da EAEko Hezkuntza Legerako prozesua. Iragan irailean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hezkuntza lege berri bat ontzen hasiko zirela iragarri ostean, ezohiko bide bat hasi zuen gai horrek Eusko Legebiltzarrean.

Etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko lantaldea sortu zen. Eragileak entzun eta itun bat ontzeko ardura zuen. Sindikatuak, hainbat esparrutako ordezkaritza osatzen duten elkarteak, adituak eta beste hainbatez osatutako ehun eragiletik gora igaro ziren batzordetik. Halaber, legebiltzarkideek bidaia bat egin zuten Kataluniara, hango esperientziak jasotzeko. Haiek entzun ostean, batzordeko presidenteak testu bat ondu zuen, eta epe bat ireki zen zuzenketak egiteko. Alderdiek eta eragileek izan zuten zuzenketak egiteko beta. Zuzenketak orrazten eta batzordearen behin betiko testua ontzen izan ziren estualdiak alderdien artean. Bazirudienean akordioa hauts zitekeela, lortu zuten onbideratzea, eta babes zabalarekin hitzartu nahi zuten akordioa aurkeztea, martxoaren 18an. %90en babesarekin atera zen aurrera. Eusko Legebiltzarrak berretsi egin zuen hori ostegunean, osoko bilkuran: aldeko 68 boto, eta kontrako zazpi baino ez zituen izan.

Eragileak uzkur

Eragile gehien-gehienek ez dute begi onez hartu akordioak jasotzen duena. Besteak beste, sindikatuak izan dituzte aurrez aurre. Hezkuntza sindikatuek greba egun bat ere adostua zuten, azkenean akordioaren mamia ikusi ostean bertan behera utzi zutena. Akordioa aztertu eta aurrera begirakoaz hitz egitekotan geratu ziren, lanuzteak eta grebak egon zitezkeela baztertu gabe. Mamia zehaztugabea dela esateaz eta gakoetan desadostasunak agertzeaz gain, aintzat hartuak ez izatea egotzi diete sindikatu gehienek alderdiei.

Segregazioaren gaia eta euskararena izan dira, besteak beste, korapilo nagusiak. Euskarari dagokionez, hauxe jasotzen du testuak: «Euskara ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztuna» izango duela. DBH amaitzerako, ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izatea aurreikusten dute, horretarako eremu soziolinguistiko bakoitzera egokitutako plangintzak egin behar izanda. Hori legera nola ekarriko den ikusteko dago, lausoa baita definizioz. Batzuentzat «murgiltze eredutik gertu» dagoen proposamen bat da; besteentzat, askatasuna dago ofizialak diren bi hizkuntzetan baldintza beretan hezi ahal izateko. Legean eta dekretuetan findu beharko da, eta jarraipen batzordeak hori zaindu beharko du.

Bestetik, segregazioari dagokionez, besteak beste matrikulazio bulego bakarra proposatzen du, baina, akordioaren arabera, ez da loteslea izango. Beraz, gurasoek erabaki ahal izango dute zer zentrotan matrikulatu haurrak. Gai horrek sortu du harrabotsik handienetakoa eragileen artean, eta datozen hilabeteetan zehaztasun handiagoa beharko dute. Segregazioari buruzko herri itun bat ontzeko ardura hartu du Eusko Ikaskuntzak datozen hiletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.