«Zero puntuan» dagoen proiektu eolikoa aurkeztu du Azpeitiko Udalak

Piaspe proiektu eolikoa aurkeztu dute Azpeitiko Udalak eta Statkraft enpresak, bilkura eztabaidatsu batean. Aukera ikusten dute proiektuak energia trantsiziorako bestelako bide bati atea zabaltzeko

Azpeitiko Udaleko ordezkariak, atzo, Soreasu antzokian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Azpeitia
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun

Bost haize errota, bakoitza gehienez 205 metrokoa eta 24.300 etxerentzako elektrizitatea sortzeko gauza izango direnak. Horixe da hitz gutxitan Piaspe, Statkraft enpresak Azpeitia, Errezil eta Zestoa (Gipuzkoa) artean egin nahi duen parke eolikoaren deskribapena. Norvegiako enpresak eta udalak atzo eman zituzten herritarren aurrean azalpenak, ia goraino beteta zegoen Azpeitiko Soreasu antzokian egin zuten bilkura eztabaidatsuan. Bertan izan ziren Nagore Alkorta alkatea, Josu Labaka Estrategia eta Hirigintza zinegotzia eta Statkraft enpresako ordezkari Jon Zayas eta Luis Miguel Alvarez. Alkortaren esanetan, batzarraren helburua informazioa «gardentasun osoz eta inolako filtrorik gabe» ematea izan zen. Nabarmendu zuen Azpeitiko Udala ez dagoela «itsu-itsuan» proiektuaren alde, baina klima larrialdiaren aurrean ekiteko garaia dela eta Statkraften proiektuak eredu propio bat lantzeko aukera ireki dezakeela, jabetza partekatuaren bidez. Baina oraindik aztertzeko dago, bai proiektua bera, bai eredu berri baterantz joko duen. Labakak esan du Piaspe «zero puntuan» dagoela oraindik.

Ikusi gehiago:Azpeitiko alkateak ontzat eman du proiektu eolikoari buruzko bilkura, baina aitortu du ez zela erraza izan

Azpeitiko Udalak eta Statkraftek egungo egoera energetikoaren argazkia egin dute. Eman dituzten datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia kontsumoa 15.892 GWh urtean da. Egun, Azpeitiak 110 GWh urtean kontsumitzen ditu —15,44GWh urtean etxebizitzek—; 41 GWh urtean Zestoak; eta 2,3 GWh urtean Errezilek. Energia ekoizpenari dagokionean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten da hiru herrialde horiek erabiltzen dutenaren erdia; beste erdia, berriz, kanpoan. Berriztagarria oraindik gutxienekoa da. Piaspe proiektua urtean 84,7 GWh ekoizteko gai izango da.

Hori horrela, aldaketarako beharra ikusten du udalak, trantsizio energetikoa egitekoa, egungo sistema energetikoa ez baitzaio jasangarria denik iruditzen. Kontsumo ereduak nahiz energia sistemak berak ondorio ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak lagatzen dituela irizten zaie, eta horren aurrean, zerbait egin beharra dagoela nabarmendu dute, errealitateari ezin diotela bizkarra eman. Eraldaketari bi norabide ikusten dizkiote: batetik, kontsumoa jaistea, eta, bestetik, energia sistema bera eraldatzea. Argi zehaztu du bidea Alkortak: nabarmendu du energia berriztagarriek ordezkatu beharko dituztela energia fosilak. Ordea, uste du jokoan dagoena dela trantsizio hori nola egin; alegia, «orain arte bezala» egingo den, enpresa pribatuen esku lagata ala beste eredu batera joko den, herritarren, enpresen eta erakundeen jabetza konpartituaren eta energiaren demokratizazioaren bidez. Bigarren aukera horren alde egin dute udal ordezkariek.

Statkraftek Piasperen inguruko xehetasunak eman ditu. Zayasek eta Alvarezek Azpeitira, Errezilera eta Zestoara etortzeko arrazoien berri eman dute. Aipatu dute, esaterako, haizea dagoela, nahiz eta oraindik azterketak egiteko dauden. Gainera, ziurtatu dutenez, haize errotak eramateko bideen %91 eraikita daude dagoeneko, eta ekoitzitako energia garraiatzeko ere ez dute aparteko zailtasunik ikusten, Azpeitia eta Zestoa artean dagoen Lasaoko azpiestaziora 3,8 kilometro baino ez daudelako. Azaldu dute, halaber, abeltzaintzarekin bateragarria izango dela, eta 30-35 urteko bizitza izango duela. 2026 amaierarako edo 2027 hasierarako martxan egotea espero dute. Gaur-gaurkoz, udal ordezkariek argitu dutenez, ordea, proiektua aurrelanketa fase batean dago, eta ez dute behin betiko erabakirik hartu, oraindik ikerketak egiteko baitaude.

Labakak aitortu du eolikoek «inpaktua» edukiko dutela, ingurumenekoa, bisuala eta bertako biztanleekikoa eta jarduerekikoa, eta hori ukaezina dela gaineratu du: «Kezka hori konpartitzen dugu». Dena den, inpaktu horien inguruko azterketak egingo dituztela ziurtatu dute. Enpresak ere ez du ukatu inpaktu bisuala egongo dela, baina klima larrialdiari erreferentzia eginez, honakoa esan du: «Ezer ez egiteak ere inpaktu bat dauka».

Alabaina, balizko abantailak ere ikusten dizkiote udaletik, energia berriztagarrietan oinarritutako eredu berri baterako bidea izan daitekeelakoan. Statkrafteko ordezkariek ere mesedeak ikusi dizkiote. Ziurtatu dutenez, ingurua zaintzen dute, lekuko inbertsioa bilatzen dute, proiektuaren onurak lurraldean bertan geratzea eta gaur egungo energia baino lehiakorra izateko posibilitatea egongo litzateke biztanleriarentzat. Bertako enpresekin lankidetzan aritzeko aukerari ere ateak zabaldu dizkiote.

Herritarrei arau ikuspegitik proiektua zein puntutan dagoen ere azaldu diete. Indarrean dagoen Eusko Jaurlaritzaren lurralde plangintza sektoriala 2002koa da, eta berria egiteko bidean ari badira ere, ez dute espero datorren uda baino lehen onartzea eta indarrean jartzea. Lurralde plangintza sektorial horrek arautu behako ditu energia berriztagarrien ikuspegi orokorra, kokapena eta bete beharreko baldintzak. Gainera, aipatu dutenez, Piaspeko zenbait eremu korridore ekologiko eta interes paisajistikoko eremu moduan izendatuta daude.

Protesta nagusi

Proiektuak ezinegona eragin du zenbaiten artean, eta horren seinale izan zen atzoko bilera bera ere. Hasi aurretik, Sañu Bizirik elkarteko kideek protesta egin zuten plazan, eta dozenaka herritar bildu ziren. Bilkura bera ere gatazkatsua izan zen. Publikoan zeudenek behin eta berriz hartu zuten hitz hizlariak hizketan ari ziren bitartean, eta oihu eta txistu hots batzuk ere izan ziren.

Behin enpresaren eta udalaren hitzaldia amaituta, bertaratutakoek aukera izan zuten ordezkariei galderak egiteko eta euren ezinegonak adierazteko. Batak bestearen atzetik aritu ziren hizketan, eta ia hiru orduz luzatu zen bilera azkenean. Alkortak, halere, bilkuraren balorazio positiboa egin zuen komunikabideen aurrean, iritzi desberdinak dituen jendea entzun ahal izan zutelako: «Gardentasun ariketa egitea lortu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.