Berriz lema hartzeko asmoz

Udal eta foru hauteskundeetan Geroa Bai berriz aurkezteko akordioa erdietsi dute EAJk, Geroa Sozialberdeak alderdiak eta Atarrabia Taldeak. Zerrendak eta egitaraua oraindik lantzeko dituzte

Akordioaren sinatzaileak, atzo, Iruñeko Tres Reyes hotelean egindako agerraldian. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroan, alderdi eta koalizio gehienek plazaratu dituzte euren hautagaiak eta asmoak, baina eragile garrantzitsu bat falta zen: Geroa Bai. Atzo, koalizioa osatzen duten hiru indarrek —EAJk, Geroa Sozialberdeak alderdiak eta Atarrabia Taldeak— hutsune hori bete zuten, eta maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko akordioa berretsi. 2015ean, Nafarroako Gobernuaren lema izan zuen Geroa Baik, eta lidergo hori berreskuratzeko anbizioarekin aurkeztu du bere hautagaitza. Aurkezpen ofiziala eginda, edukiak zehazteko eta zerrendak osatzeko prozedurari ekingo diote orain hiru eragileek. Espainiako hauteskunde orokorretarako ere balioko du akordioak.

Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko lehendakariak nabarmendu zuen «garaiz eta moldez» erdietsi dutela akordioa. Hala, bost hilabete dituzte aurretik zerrendak aurkezteko, eta oraindik argitzeko dago nortzuk izango diren udaletako alkategaiak eta, batik bat, nor lehendakarigaia. Printzipioz, inork ez du zalantzan jartzen Uxue Barkos izango dela zerrendaburu. Horri buruz galdetuta, Barkosek berak baieztatu zuen berriro ere ardura hori hartzeko gertu ikusten duela bere burua. Dena den, zuhur jokatu nahi izan zuen, eta barne arauak errespetatu behar direla zehaztu zuen:«Koalizioak hala erabakitzen badu, hark dioen eta adosten dugun tokian egoteko indar nahikoa dut».

«Berandu zergatik?»

Iragarpena atzeratu izanak, dena den, zalantzak zeudelako susmoa piztu du, eta irmo ukatu zuen hori Barkosek: «Berandu zergatik?», galdetu zuen, harrituta. Legealdi honetan, koalizio barruan, Geroa Sozialberdeak alderdia egituratu da, eta, «eragile berri bat» izanik, aurreko legealdietan baino «denbora gehiago» behar izan da negoziaziorako. Unai Hualdek, berriz, azpimarratu zuen Barkos izan zela «Nafarroak izan duen lehendakaririk onena».

Akordioaren garrantzia azpimarratu nahirik, koalizioko aurpegi ezagunak izan ziren Iruñeko Tres Reyes hotelean egindako aurkezpenean: besteak beste, Ana Ollo, Jose Mari Aierdi eta Mikel Irujo gobernuko kontseilariak; Mikel Asiain, Javi Arakama, Patxi Azkona, Ana Ansa, Isabel Aranburu eta Blanca Regulezparlamentuko taldeko kideak; Javi Leoz eta Patxi Leuza Iruñeko udal taldeko partaideak, Javi Ollo Altsasuko alkatea, Jon Gondan Zizur Nagusikoa...

2019an, hirugarren indarra izan zen Geroa Bai, eta zortzi parlamentari lortu zituen. Barkosen ustez, egungo gehiengoa egonkortzeko eta egituratzeko funtsezko rola jokatu du koalizioak, eta hurrengo legealdian antzeko jokalekua errepikatuz gero bide beretik jotzeko konpromisoa berretsi zuen. «Konbentzituta gaude gure koalizioa erabakigarria izango dela etorkizunean», aipatu zuen Hualdek. Hala, PSNk legealdi honetan eta Geroa Baik aurrekoan bezala, lidergo hori eskuratzea izango du xede.

Beste helburuetako bat da Nafarroako Gobernuan izan diren gehiengoak udaletara eramatea, «batik bat Iruñerrikoetara». Barkosen arabera, «2019an PSNk ez zuen ausardia nahikorik izan beharrezko akordioak aurrera eramateko, eta EH Bildu ez zen gai izan alkatetzei eusteko».

Eskuineko alderdiek politikaren eta erakundeen inguruko mesfidantza bultzatzen duten garaiotan, lurraldeari «ahalik eta egonkortasun handiena» emateko eta herritarren arazoei aurre egiteko asmoa azaldu du Geroa Baik.

Hauteskundeei begirako gaiei dagokienez, arreta non jarri nahi duen aurreratu du Barkosek.Kezka azaldu du osasungintzako lehen arretaren egoerarekin eta espezialitateetarako itxaron zerrendekin. Energiaren garestitzearen harira, berriz, Energia Agentzia sustatuko du, Klima Aldaketaren Legearen bidetik. Euskarari dagokionez, Nafarroako «hizkuntza propioa izan dadin ekintza batasun bat» bultzatuko dutela ere azaldu du Geroa Baik.

Autogobernuaren defentsan, bestalde, Geroa Baik «epel» ikusi du PSN gobernuko bazkidea. Barkosen ustez, trafiko eskumenaren eskualdatzea ez daiteke lotu iragan legealdiko Polizien Legea garatzeko araudiaren atzerapen batekin. «Biak dira beharrezko eta ezinbesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.