Etxerat-ek salatu du euskal preso gehienak urrun daudela oraindik

Etxerat-ek euskal presoen eskubideen alde udan deitutako protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Azken aste eta hilabeteotan 50 euskal presotik goiti lekualdatu dituzte; horietako gehienak, Euskal Herritik 250 kilometroko distantziara dauden espetxeetara. Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, ordea, Euskal Herrira ekartzeko eskatu du: «Zergatik eramaten dituzte Darocara edo Dueñasera? Zergatik Estremerara, Euskal Herritik 520 kilometrora? Zergatik ez Zaballara?». Elkarteak salatu duenez, EPPK-ko 222 euskal presoetatik 11 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan —kolektiboan ez dauden presoak kontuan hartuz gero, hamalau daude guztira Euskal Herrian—. Etxerat-ek ohartarazi du preso gehienak urrun daudela oraindik ere, lekualdaketak egin dituzten arren. «Eta guk urruntzearen ondorioak pairatzen jarraitzen dugu».

Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak zehaztu du presoen erdiak baino gehiago daudela urrunen dauden espetxeetan: «Nahiz eta lekualdaketa asko iragartzen ari diren, oraindik senideen erdiek baino gehiagok 1.200 eta 2.000 kilometro arteko bidaiak egin behar dituzte senideekin egoteko, presoen erdiak baino gehiago 600 kilometro baino urrutiagoko espetxeetan baitaude». Gizarteari deia egin dio ez lasaitzeko: «Beldurra dugu gizartean lekualdaketak hartzea urruntzearen amaiera baten gisan: oraindik urruti gaude. Eta gizarteak mugitzen jarraitu beharko du urruntzea amaitzeko».

Urruntze politika hori nazioarteko erakundeen eta osasun agintarien gomendioen kontra egiten ari direla salatu du Etxerat-ek, eta ez dela kontuan hartzen ari «herrialde honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren nahia», ezta «pandemiaren testuinguruan euskal preso guztiak euskal espetxeetara ekartzea eskatu duen Eusko Jaurlaritzaren borondatea» ere. Etxerat-en ustez, «bizikidetzarako eta behin betiko bakerako bidea oztopatzen duen traba da» urruntze politika: «Ezin dugu horrela jarraitu. Justifikaezina da euskal presoen eta haien familien aurkako salbuespenari denbora gehiagoan eustea». Elkarteak salatu du, halaber, espetxe legedia betetzeko bidea «moteltzen eta eragozten» ari zaizkiela presoei.

Artolazabal, alde

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua presoak hurbiltzearen alde agertu zen atzo Onda Vasca irratian egindako adierazpenetan. Erran zuen euskal presoen hurbiltzeak «ekarpena» eginen lukeela «bizikidetzaren normalizazioan». Haren hitzetan, ez da «desiragarria» gizarte «demokratiko» batean «salbuespen egoerak» gertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.