Euskal Herrian zegoenean fokua

Bihar hogei urte beteko dira PPren gobernua eta ETA Suitzan bildu zirela, Veveyn. Bien arteko lehen eta azken bilera izan zen. ETAk uste zuen Lizarra-Garazi zela subjektu nazionala; Madrilek erakundearen su-etena luzatu nahi zuen. 1999ko batzarraren eta orduko giroaren kronika egin du BERRIAk.
Veveyko (Suitza) Trois Couronnes hotela. Han bildu ziren ETA eta Espainiako Gobernua 1999ko maiatzaren 19an.
Veveyko (Suitza) Trois Couronnes hotela. Han bildu ziren ETA eta Espainiako Gobernua 1999ko maiatzaren 19an. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2019ko maiatzak 18
Jose Maria Aznar (PP) Espainiako gobernuburuak 1998ko azaroaren 3an Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekin (ENAM) elkarrizketak hasteko agindua publiko eman izanak harridura sortu zuen ETAn. Ordurako, Euskal Herrian prozesu politiko bat irekita zegoen, irailaren 12an Lizarrako Akordioa sinatuta. Horrez gain, ETAk abuztu erdialdetik egintzat jotzen zuen EAJrekin eta EArekin akordio bat —bi alderdiek eranskinak aurkeztu zizkioten arren—, erakunde armatua publikoki su-etenean zen irailaren 18tik, eta haren zuzendaritzak Aznarren jakinarazpenaren ondotik erabaki zuen Madrilekin hitz egiteko aukera baldin bazegoen hitz egingo zuela, helburu batekin: galdetzeko ea prest zen Euskal Herriaren hitza eta erabakia aitortu eta errespetatzeko. Dena dela, ETArentzat Madrilekin horretaz hitz egiteko eta egitasmo bat garatzeko subjektua Lizarra-Garazi zen; hala iritzi zion. Moncloaren xedea, berriz, ETAren menia behin betiko bihurtzeko aukerarik ba ote zegoen jakitea zen. Juan Maria Uriarte Zamorako (Espainia) orduko gotzainak bitartekari lanak eginez, ETAk Madrili bilera eguna finkatu zion: 1999ko maiatzaren 19an batuko ziren —bihar hogei urte, hain zuzen—. Baina ez zion tokia jakinarazi, ezta Uriarteri berari ere. Veveyn (Suitza) bildu ziren; ez bigarrenez. Azkar bukatu zen hura guztia.

1976an Genevan (Suitza) izandako hitzordu ahul baten ondoren, ETA eta Espainiako Gobernua 1989an Aljerren eseri ziren, ofizialki, Moncloan PSOE zegoela. PPren gobernuaren ustez —1996tik zegoen agintean—, Aljerko negoziazioan sobera gainditu ziren eduki teknikoak eta 1999ko saioan ez zuen nahi mami politikoan sartzerik, horrek ETAri zilegitasuna emango ziolakoan eta gobernuak ekimena galduko zuelakoan. Gehienez ere, bakea presoen truke eskema nahi zuen, gerora aitortu izan zuenez. ETAk, KAS Alternatiba eguneratuz, 1995ean Alternatiba Demokratikoa aurkeztu zuen, baina haren «exijentziak negoziaezinak» ziren Madrilentzat. PPk, gainera, bazuen Ermuako izpirituaren garai haietan estrategia osoago bat: «ETA garaitzea ez zen posible abertzaletasunaren alternatiba bat eraiki gabe», idatzi zuen, iaz, Javier Zarzalejosek No hay ala oeste en la Moncloa liburuan, Veveyko 1999ko bilkuran Aznarren ordezkarietako bat izandakoak.

Bor-bor zegoen egoera politikoa aurretik. ETAk bere eskaintza berritzeaz gain, ELA eta LAB lankidetzan ziren 1995etik, ELAk 1997ko urrian Gernikako Estatutua agortutzat jo zuen, Ipar Irlandako bake prozesua aztertzeko bilera batzuk egiten hasiak ziren zenbait euskal eragile, eta EAJk eta HBk 1998ko otsailean bilera sail bati ekin zioten. 1998ko martxoan hautsi egin zen Ajuria Eneko Ituna, PSE-EEk eta PPk Jose Antonio Ardanza (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren plana onartu ez zutenean —planak zioen Madrilek errespetatu egin beharko zuela alderdien arteko negoziazioan adostutakoa, betiere ETA su-etenean zela—; eta ekainean, apurtu egin zen EAJk eta PSEk 1987tik zeukaten koalizio instituzionala.

Bazen mugimendu inportante gehiago. Lehen hartu-eman batzuen ondotik, ETAk EAJrekin eta EArekin 1998ko uztailaren 30ean bilera bat egin zuen, eta proposatu zien, subjektu nazional bat eratze aldera, Euskal Herri osoko egitura instituzional bakar eta subiranoa sortzea; halaber, PPrekin eta PSOErekin mozteko eskatu zien, eta prest agertu zen, lehen epe modura, lau hilabeteko su-eten orokorra eta mugagabea emateko. Orrialde bateko dokumentua zen ETArena, bere zigiluarekin. EAJk eta EAk abuztuaren 13an erantzun zioten, haiek ere idatziz: orri hartan euren zigiluak jarri zituzten, eta, eranskin gisara, biek zioten akordioen jarraipena guztien artean egin behar zela, instituzioen gobernabidea lortzearren ezin zela aurrez inor baztertu eta su-etenak norbanako guztien giza eskubideen errespetua izan behar zuela. ETAk ez zituen eranskineko eskaerak ontzat jo, baina aurrera jarraitzea erabaki zuen —artean inork ez zekien hilabete barru Lizarrako Akordioa egongo zela—, eta, zuzendaritzak egoera aztertu ondotik, orduan jarri zuen su-etena, publikoki iragarri irailaren 16an egin bazuen ere, ofizialki handik bi egunera jartzeko martxan.

HBk eta EAJk 1998ko irailaren 3an adierazpen bat adostu eta idatzi zuten, eta alderdi, sindikatu eta eragile sozial batzuei aurkezten hasi ziren. Adierazpen hura erabat hartuta oinarri, irailaren 12an Lizarrako Akordioa aurkeztu zuten, Nafarroako herri hartan. Sinatzaileak ez ziren abertzaleak bakarrik, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko ordezkariak zeuden. Akordiokoek urriaren 2an Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) beste bilera bat egin zuten. ETAko zuzendaritzak ongi ikusi zuen Lizarra-Garazi, 1977an Xibertan (Angelu, Lapurdi) lortu ez zen subjektu nazionala eratu zelakoan eta horrek izan behar zuelakoan estatuekiko mintzakidea. Aljerko eredua baino nahiago zuen hori ETAk orduan.

Garai gogorrean , prozesua

Erakunde armatuak berak ere lortu nahi zuen Madrilekiko interlokuzio bat, haren borondatearen berri izateko. Espainiako eta Frantziako estatuek 1992an kolpe handia eman zioten ETAri, Bidarten (Lapurdi) zuzendaritza atxilotuta, eta kostatu zitzaion erakundeari berregitea, barne dokumentuetan azaldu izan zuenez. Hiru urtera Alternatiba Demokratikoa aurkezteko modua izan zuen, negoziazio izpiritua berrituta, eta atentatu selektiboagoei ere ekin zien; besteak beste, 1995ean, Gregorio Ordoñez Donostiako PPko hautetsia hil zuen, eta Aznar PPren gobernuburugaia zauritu; 1996an, Fernando Mugika PSOEko kide historikoa eta Francisco Tomas y Valiente Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia hil zituen; 1997an, Miguel Angel Blanco Ermuako (Bizkaia) PPko zinegotzia... Madril ere gogor zebilen: 1997an HBko Mahai Nazionala kartzelara, 1998an Egin itxi, atxiloketak... Baina 1998an, prozesu politiko bat zabaldu zen Euskal Herrian, ETAk su-etena eman zuen, eta Aznarrek ENAMekin hitz egitea erabaki zuen. Berritasunak.

Zarzalejosek dio lehenik EH Euskal Herritarrok-ekin bildu izan nahi izan zuela PPren gobernuak. Eta bildu ziren: 1998ko abenduaren 11n, Burgosko probintzian (Espainia), Ibeas herrixkan. Presidenteak izendatutako hirukotea, bere konfiantza taldekoa zuen: Pedro Arriola aholkulari eta soziologoa, Ricardo Marti Fluxa Segurtasun estatu idazkaria eta Zarzalejos bera, Presidentetzako idazkari nagusia. EHko ordezkaritzatik joan zirenak: Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Iñigo Iruin eta Pernando Barrena. Bitartekari, Uriarte —aurretik bazebilen lanean—. Madrilen ordezkariek ez zuten asmorik izan EHrekin elkarrizketa politikoa hasteko, eta, haiek ETAren asmoez galdetuta, Otegik-eta erantzun zieten ETArengana jotzeko. EAJ ere ibili zen estatuko instantziekin hizketan, eta ETAk ez zituen euskal eragileen bilera mota haiek ongi ikusi, uste zuelako zeregin hori Lizarra-Garaziri zegokiola.

Aznarren azaroko agerraldiaren ondotik, ETAk aste gutxira gutuna bidali zion hari, esanez prest zela zuzeneko kontaktu bat egiteko, eta eranskin bat zeukan eskutitzak: Alternatiba Demokratikoa. Eskaintzaren bi negoziazio guneak ziren, batetik, Espainiako Estatuak ETArekin hitz eginda Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna onartzea, eta, bestetik, euskal herritarren artean hitzartzea autodeterminazioaren garapena, lurralde batasunaren formulazioa eta eraikitzeko prozesua, gaikako plangintzak… ETAren eskutitzaren ostean, urte bukaerarako gobernuak ihardetsi zuen ados zela bilera egiteko, baina ahoz igorri zuen asmoa, Uriarteren bidez, eta ETAk idatziz eskatu zuen erantzuna. Bete zuen eskaera Madrilek. Halaber, bere hiru ordezkarien izen-abizenak jakinarazi zituen: Burgosko bilerako hirurak. ETAk zeritzon maila bat bazuela haren ordezkaritzak.

Logistika, ETAren kontu

ETAk hartu zuen antolaketaren ardura. Suitzan egingo zuten bilera, besteak beste, segurtasun aldetik berme handiagoa izatearren. Ez da jakin izan batzarraren berri izan zuenik Suitzako Gobernuak. Udalerria: Vevey, Leman lakuaren bueltan den ia hogei mila biztanleko herria. Tokia: Trois Couronnes hotela, bost izarrekoa, 1842an eraikitakoa; herrigunean dago, aintzira parean duela. Bilera gela bat gorde zuten.



Hitzordua baino bi egun lehenago Aznarrekin batzartu ziren Zarzalejos, Arriola eta Marti Fluxa, Moncloan, batzarraren zutabeak finkatzeko, eta nagusiki zen, Zarzalejosen arabera, aztertzea ea ETA prest zen jardun armatua betiko uzteko. Biharamunean —maiatzaren 18an—, Torrejon Ardozko (Madril) airedromoan hegazkina hartu zuen Genevarako, Uriarterekin batera. Suitzara iritsi, eta bitartekariak eta ETAk aurrez finkatutako herri batera joan ziren laurak, autoz: Evian les Bainsera (Frantzia), Genevatik 45 kilometrora; Ermitage hotelera. Geneva eta Vevey bezala, lakuaren ertzean da Evian les Bains. Egun hartan bertan sinatu zuten EAJk, EHk eta EAk itun parlamentarioa, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean.

Maiatzaren 19rako zuten bilera jarria, asteazkenarekin, eta goiz hartan egin zuen hurrengo kontaktua ETAk gotzainarekin, telefonoz: eguerdiko hamabietarako Lausanako (Suitza) plaza batean egon behar zuten PPren ordezkariek eta laurek; Evian les Bainsdik 65 bat kilometrora dago Lausana, lakuaren bestaldean. Ordu erdi bat lehenago heldu ziren Uriarte-eta, autoz, eta plaza inguruko kafetegi batean zerbait hartu zuten. Euria ari zuen. Lausanan zegoen ETAren ordezkaritza, eta eguerdian berriro kontaktatu zuen apaizarekin: Veveyn izango zela bilera —Lausanatik hemeretzi kilometrora—, Trois Couronnes hotelean. ETAk Uriarte autoan berekin joatea nahi zuen, baina azkenean gobernuaren ordezkariekin joan zen bitartekaria, giroa pixka bat lasaitzearren. Aznarren hiru ordezkarien eskuko telefonoak hartu zituen.

Bi ordezkaritzak eta bitartekaria batera samar heldu ziren Veveyra, eta elkarrekin sartu ziren hotelean. Gela txukun batean zuten bilera, baina hara lehendabizi Zarzalejos-eta sartu ziren; ETAkoek aurretik berriro segurtasun neurri batzuk hartu zituzten. Gainera, atarian pertsona batek argazkia atera zien, eta horrek areagotu egin zien han Espainiako polizia indarrak ote zebiltzan susmoa; seguru ziren bazebiltzala, beste mintzakideek gero ezetz zioten arren. Veveyko bilera baino bi hilabete lehenago Frantziako Poliziak Josetxo Arizkuren eta beste kide batzuk atxilotu zituen Parisen, ETArekin lotuta, eta Jose Luis Geresta etakidea hilik agertu zen Errenterian (Gipuzkoa). Euskal Herrian kale borroka ekintza ugari zen.

Mahaian, sei lagun

Baina eseri ziren mahai baten bueltan. Sei lagun: Espainiako Gobernuaren hiru ordezkariak, Uriarte bitartekaria —apaiz jantzita ez—, eta ETAko bi kide. Gerora ETAk aitortu bezala, biotako bat Belen Gonzalez zena zen —1999ko urrian atzeman egin zuten, Pauen (Okzitania)—. 1989an Aljerko mahaian ere egon zen. Veveyko bere beste ordezkariaren izenik ez zuen eman izan ETAk, baina, Zarzalejosen liburuak dakarrenez eta beste iturri batzuek ere aipatu izan dutenez, Mikel Albisu zen kide hura.

«Gu su-etenean gaude, eta estatuak ez», esan zuen ETAko ordezkari batek bileraren hasiera aldera, Gara-k 2000ko maiatzean batzarraren akta argitaratu zuenean jakin zenez. Dena dela, ETAk iritzi zion bere apustuaren fokua euskal eragileek abiatutako prozesuan jarri behar zuela, prozesua ez zela estatala, nazionala baizik. Ez zen baikor EAJrekin, urteetan bien arteko aurkakotasuna izan zelako eta han nabari zituelako prozesuaren kontrako ildoak, baina jakitun zen aspaldian ez bezala EAJren eta estatuaren artean sortu zela haustura bat, eta, beraz, aukera baliatu behar zela. EAJ ere ez zen fio ETAz; Euskal Herriko errealitatetik kanpo egotea egotzi zion geroago.

Gobernuak bileran zioen Euskal Herriko egoera berriarekin «konfrontazio politikoa» sortu zela, eta ETAren meniak ere jokaleku berria ekarri zuela. «Ez gatoz ETA garaitzera», dator aktan. ETAk galdetu zien ea Madrilek errespetatuko zuen Euskal Herriko prozesua, autodeterminazio eskubidea onartuta. Arriolaren-eta erantzuna izan zen gobernuak ezin zuela Espainiako Konstituzioa aldatu eta ez zuten aurrerabiderik eskaini.

Uda hartan berriro biltzekotan geratu ziren, eta Uriarteri eman zizkioten logistika lanak. Aznarrek ekainaren 7an jakinarazi zuen ETArekin bildu zirela. Erakunde armatuak biharamunean baieztatu egin zuen berria, eta zioen Madrilek «baztertu» egin zuela «Euskal Herriaren hitza errespetatzea». Ez ziren bigarrenez batu.

Lizarra-Garazi, ETA-EAJ/EA akordioa eta ETAren su-etena azkenetan ziren. Inork ez zuen baldintzarik ikusten aurrera egiteko. Elkarrekiko deskonfiantza zegoen euskal eragileen artean, ohi bezala.