Asteburuko proposamenak

Berdea eta jasangarria

Berdeago Nature azoka egingo da asteburuan Durangon. Merkatuaz gain, beste bi espazio ere egongo dira: Hitz Berdea eta Zirkulu Berdea

Berdeago Energy azoka, 2018an, Durangoko Landako gunean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Elikadura ekologikoa, moda jasangarria, kosmetika naturala, turismo jasangarria, ekintza soziala eta beste batzen ditu Berdeago Nature egitasmoak. Hain justu, kontsumo arduratsua ardatz duen azoka da, eta Europako jasangarritasunaren elkartea den Berdeago da antolatzailea. Bada, eskaintza horretaz gozatzeko aukera egongo da Durangoko Landako gunean (Bizkaia) gaur eta bihar.

Diana Garcia da egitasmoaren koordinatzailea, eta azaldu du azokaren bederatzigarren aldia dela aurtengoa, azken bostak bitan banatuta egin baldin badira ere: «Berdeago Energy dago batetik, eta Berdeago Nature bestetik, orain ospatzekoa dena; lehenengoa joan den astean egin genuen, eta jasangarritasuna du helburu, baina energia aukeren ikuspegitik». Besteak beste, zehaztu du eraikuntzari eta berreraikitzeari, ekonomia zirkularrari eta mugikortasun ereduari behatu ziotela gaur zortzi, betiere jasangarritasuna gogoan izanda.

Berdeago Nature azokaren aldia, ordea, gaur hasiko da, eta antolatzaileak jakinarazi du 45 erakusmahai egongo direla orotara. Hala ere, merkatuko guneaz gain, beste bi espazio ere egongo dira, ekintzaz beterik: Hitz Berdea eta Zirkulu Berdea.

Hitzaldiak izango dira batik bat protagonista Hitz Berdea espazioan, 12:00etatik aurrera bi egunetan. Eta Garciak horietako batzuk nabarmendu ditu: «Esate baterako, Gorka Egiak Ekologista naiz, baina... hitzaldia emango du, izen bera duen liburua hizpide izanda, ekologista izatea zertan datzan azaltzeko». Gaur bertan izango da hori, 17:30ean, eta ondoren moda jasangarriaren desfilea egongo da. Are, Garciak nabarmendu du aurtengoa hirugarren aldia izango dela.

Zirkulu Berdea gunean, berriz, tailerrak egingo dituzte batez ere, baina denetariko sukaldaritza erakustaldiak gailenduko dira. Hala ere, azokaren koordinatzaileak beste ekintza bat ere proposatu du: «Produktu ekologikoen etiketak nola irakurri azaltzen dituen tailer bat egongo da egunero, 11:30ean eta 18:00etan».

Zigilua lortu du

Bada, egitasmo honek jasangarria kontzeptua ez du soilik teorian, praktikan ere badu, edo bai, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Ihobe sozietate publikoaren arabera. Izan ere, Erronka Garbia zigilua eman dio Berdeago elkarteari.

Ingurumen jarduketaz arduratzen den sozietate bat da, eta helburu du ekitaldi guztiek erabateko jasangarritasuna eskuratzea, Garciaren hitzetan hori erdiestea «erraza» ez bada ere: «Bilatuz gero, lortu dezakezu; gu saiatu gara gure esku dagoena egiten». Esate baterako, nabarmendu du hondakinei dagokienez lanketa «handia» egin dutela, eta berrerabilgarriak erabiliko dituztela.

Berdeago Nature



Gaur eta bihar, egun osoan, Durangoko Landakon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.