Andoni Ortuzar. EAJren EBBko presidentea

«Eskumenak iristen ez badira, gobernu honek arazoak izango ditu EAJrekin»

Jeltzaleak ez daude pozik Espainiako Gobernuaren jarrerarekin; Ortuzarrek dioenez, «zeken» jokatzen ari da inbestiduran babesa eman zioten indar politikoekin.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun

Alderdi guztiak ari dira prestatzen Hego Euskal Herrian aurki hasiko den hauteskunde ziklo berrirako, eta EAJ ez da salbuespena. Horretaz, egungo egoera politikoaren erronkez eta beste zenbait auzitaz mintzatu da EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar (Abanto, Bizkaia, 1962), alderdiarentzat oso esanguratsua den data baten atarian: bihar 127 urte beteko dira EAJ sortu zenetik, eta jeltzaleek ohiko ekitaldia egingo dute Bilbon, Sabin Etxearen aurrean.

 

Maiatzean Nafarroako Parlamenturako bozak eta udal eta foru hauteskundeak izango dira, eta, printzipioz, Espainiako Gorteetarakoak geroago etorriko dira. Espainiako horiek aurreratzeko aukera ikusten duzue?

Guri gustatuko litzaiguke egutegi hori betetzea. Hauteskundeak dagokion garaian egin behar dira, eta agintaldiek lau urtekoak izan behar dute. Espainian ohiko bilakatzen ari den horrek, hau da, legealdiak laburrak izateak, ohiz kanpokoa izan beharko luke.

Asebete zaituzte Espainiako Gobernuarekin hitzartutako inbestidura itunaren bilakaerak?

Asko ez, egia esan. Espainiako Gobernua nagi eta geldo ikusten dugu akordioak betetzeari dagokionez. Abaguneari oso lotuta dago, eta, Aitor Estebanek zioen moduan, hurrengo bihurguneari baino ez dio erreparatzen, ibilbide osoa aintzat hartu beharrean. Gurekin hitzartutako gaiei dagokienez, tantaka baino ez ditu betetzen, eta ez dugu ulertzen zergatik.

Beharbada, zuei ere interesatzen zaizuelako gobernuak irautea, eta gobernuak badakielako?

Nik uste dut bi faktore daudela. Alde batetik, azken hilabeteotan gobernua iritsi ezinda ibili da, arazoek gainezka egin diotelako, eta tematu da neurriak bata bestearen atzetik ateratzen, egunero zerbait komunikatu beharrak itsututa. Eta, beste aldetik, jakitun ezin dugula gobernu hau erortzen utzi, horretaz baliatu da. Baina zintzoagoak izan beharko lukete, eta pentsatu beraiek direla gobernu hau iraunarazteko beharrik handiena dutenak, eta bazkideak errespetu handiagoz tratatu behar dituztela. Diagnostiko horretan bazkide guztiok gatoz bat: gobernu hau oso zekena izaten ari da bere bazkideekin, bazkideok oso eskuzabal jokatzen ari garen arren.

Alderdi Popularrean aldaketarik sumatu duzue Alberto Nuñez Feijoo presidente denetik?

Nik uste dut jakin duela Espainiako abagune politikoaren olatura igotzen, eta hainbat faktore alde izan dituela: nazioarteko egoera zailak ekarritako problemak, gobernuaren okerrak eta barne desadostasunak, eta Andaluziako bozetan izandako emaitza onak. Olatu horren gainean trebe ibili da surf egiten, baina olatu guztiak amaitu egiten dira, eta iritsiko zaio hari ere proposamenak egin eta bere eredua zein den azaltzeko ordua.

Nik susmoa dut PP klasiko bat datorkigula; beharbada doinu lasaiago batekin, ez Casadorena bezain karrankaria, Rajoyren estilora lerratuagoa, baina edukietan gogorra.

Espainiako bozetan PP garaile aterako balitz, seguru asko ez luke gehiengo nahikorik izango eta babes gehiago beharko luke, Voxena itxura guztien arabera. Egoera horretan, EAJ prest egongo litzateke PPri agintaldia errazteko Vox gobernuan ez sartzearen truke?

Nahiko nuke arrisku hori uxatu ahal izateko beste boto izango bagenitu: seguru asko, talde gehiago beharko lirateke hori egin ahal izateko. Gu, printzipioz, oraingo formulei jarraitzearen aldekoagoak gara, baina, horretarako, jakina, gobernuak eta Sanchezek berak erne ibili behar dute, bi zentzutan: gizartearen aurrean sinesgarritasun eta eraginkortasun handiagoa erakutsi, eta bazkideekin enpatia handiagoz jokatu.

Espainiako Gobernuak ba al du «estatutua osorik betetzeko borondate irmoa», haren ordezkari Denis Itxasok asteon esan bezala?

Zoritxarrez, hori diskurtso politikoaren arloan baino ez dugu ikusten, ez errealitatearenean. Ez ginen gu izan egutegi hura taxutu genuenak; Espainiako Gobernuak ezarri zuen, eta ez du bete. Egia da pandemia eta beste hainbat arazo izan ditugula, baina, borondate apur batekin, auzia bideratzea bazegoen. Hitz politak baino gehiago, ekintzak behar dira.

Duela gutxi Sanchez presidenteak esan du badaudela lau eskumen bere ustez eskualdatu ezin direnak.

Hori onartezina da. Guk borrokan jarraituko dugu eskumen horiek ekartzeko, eta, iristen ez badira, gobernu honek arazoak izango ditu EAJrekin. Guk ezin dugu onartu Espainiako presidente batek esatea Gernikako Estatutua betetzerik ez dagoela.

EAEn, hiru ahaldun nagusiak eta hiru hiriburuetako alkateak EAJkoak dira, eta denak gizonezkoak. Argazki horrek kezkatzen zaituzte?

Hautagaiak aukeratzeko gure sistema oso irekia da, oso parte hartzailea; proposamenak oinarriek egiten dituzte, eta duela lau urteko emaitza hori izan zen. Egia da egin berri dugun entzute prozesuan gaia indarrez atera dela, baina, bestalde, egiten dugun guztia gure oinarriek ulertu egin behar dute; are gehiago, oinarriak dira aldaketa hori bultzatu behar dutenak. Ikusiko dugu hautaketa prozesuan zer gertatzen den; nik ezin dut ezer ziurtatu, EBBri ez dagokiolako prozesu horretan esku hartzea, baina espero dut gure jendea sentibera izango dela eta aintzat hartuko duela hori.

Eta itunak egitean, jarraituko duzue PSE-EE lehentasunezko bazkidetzat hartzen?

Ikusiko dugu zenbakiek zer ematen duten, baina, printzipioz, koalizio horrek egonkortasuna ematen die erakundeei, bat dator Espainiako Gobernuarekin dugun harremanarekin, eta herri honetako bi osagai ideologiko oso garrantzitsu biltzen ditu. Baina ikusiko dugu; ez gara gu beste alternatiba batzuk mahai gainean jartzen ari garenak.

PSE-EEk tentazioa izan dezake zenbait herritan bestelako akordioak egiteko?

Kontua da itunek nolabaiteko koherentzia izan behar dutela. Salbuespenak egon daitezke, baina gerrillan aritzea ez da onargarria: itun orokor bat baldin badago, logikoena da hori esparru guztietan errespetatzea.

Eta Nafarroan ikusten duzu PSNk UPNrekin ituna egiteko arriskua?

Nik uste dut zenbait faktoreren araberakoa izango dela hori: PSOEk Madrilen zer jarrera hartzen duen auzi honetan, eta, bestalde, UPNk zer egiten duen. UPNk Navarra Suma koalizioaren aldeko hautua egiten badu, zaildu egiten du Alderdi Sozialistarekin ituna egiteko aukera. Baina UPN bakarrik aurkeztuko balitz, nik uste dut amua botako liokeela PSNri. PSNn badirudi batzuk deseroso daudela bazkide batzuek ekartzen duten euskal osagaiarekin. Guretzat dezepzio handia da PSN euskararekin izaten ari den jarrera.

Mutrikuko eta Gasteizko gertaeren harira, arduradun politiko askok EH Bildun jarri dute arreta. Benetan uste duzue EH Bilduk erantzukizunik baduela auzi horretan?

Guk ez dugu fokua horretan jarri. Guk herri hau ezagutzen dugu, badakigu arazo horretan osagai asko daudela, eta alkohola eta jai giroa ez direla munta txikienekoak. Auzia ez da nor dagoen horren atzean, guk ez baitugu uste ezker abertzaleak antolatutako kanpaina bat dagoenik; auzia da horrelakoak gertatzen badira, aurkako jarrera irmo eta zorrotza erakustea, inork pentsa ez dezan hori ekintza politiko bat dela eta jarduera politikoaren barruan sartzen dela, trauskilkeria bat izan beharrean. Nik uste dut auzi honetan ezker abertzalea bere burua endrokatzen ari dela, aski modu infantilean, denak hari eraso egin nahian ibiliko balira bezala, eta auzia ez da hori, iraganeko zauriak ez irekitzea baizik. Ertzain izateagatik norbaiti jazartzea ez da onargarria.

Ikusi gehiago:«Ez da tentsio sindikaletarako garaia, elkarrekin lan egitekoa baizik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.