Maia Garcia-Vergniory. DIPCeko ikerlaria

«Aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa»

MAIALEN ANDRES/ FOKU.
Isabel Jaurena.
Donostia
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun

Ameriketako Fisika Elkarteak APS Fellow izendatu du Garcia-Vergniory fisikaria, material topologikoen arloan aurrerapenak egiteagatik.

Material topologikoen arloan ekarpenak egin dituzu. Zer dira material mota horiek?

Material topologikoek XX. mendeko [materialen] sailkapena hausten dute. Barruan isolatzaileak direlako, eta ertzetan edo gainazaletan, eroaleak. Gainera, korronte horiek ezin dira suntsitu.

Material topologikoek nola hausten dute sailkapen hori?

Elektroiek ez daukatelako inongo elkarrekintza gogorrik, eta, hala ere, isolatzaileak eta eroaleak direlako aldi berean. Ez dira eroale arruntak, oso eroale indartsuak dira. Inork ez zuen ezer ulertzen, elektroi horiek, bereziki, ez dutelako fisika berezi bat aurkezten.

Zer egin duzu zuk material horiekin?

Egin duguna da oso ondo ulertu nondik datorren material horien oinarrizko fisika, teoria bat garatu, eta gero material datu base batean kalkulu guztiak egin. Guk aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa. Material guztiek badauzkate energia maila ezberdinetan elektroi topologikoak, material bat aztertzean propietate horiek kontsideratu behar ditugu, materiala ondo aztertu nahi badugu.

Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu duzue?

Bai. Teoria oso transbertsala da. Gu fisikariak gara, kimikari batzuekin eta talde teoria garatzen duten beste zientzialari batzuekin batu gara, eta guztion artean saiatu gara ikuspegi orokorreko gauza bat egiten.

Egindako ekarpen horiek nola eraginen dute zientzia arloan?

Alde batetik, jakin da material pila batek dauzkatela propietate horiek; beraz, aukera gehiago daude material on bat aurkitzeko. Beste aldetik, topologiaren fisika beti kontuan izan behar dugula ikusteko, funtsezko propietate bat delako. Ez da propietate exotikoa: ia material guztiek daukate topologia mota bat edo bestea.

Nola hartu duzu zure lana nazioartean aitortu izana?

Ez nuen espero. Oso zaila da lortzea, oso konplikatua da. Banekien izendatua nengoela, baina uste nuen lehenago jakingo nuela. Orain dela hiru edo lau aste esan zidaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.