Trafikoko guardia zibilek beste zenbait ataletan segitu ahalko dute Nafarroan

Gehienez sei hilabeteko epean eskualdatuko dira eskumenak. Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ziurtatu die agenteei era «egokian eta ordenatuan» egingo dituztela aldaketak

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, joan den astean, Maria Gamez Guardia Zibilaren zuzendari berriak kargua hartzeko ekitaldian. J.J. GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Trafiko eskumena berriro Nafarroako Foruzaingoaren esku geratzekoa da aurten. Orain zeregin horretan ari diren guardia zibilei mintzatu zitzaien atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, eta jakinarazi zien eskumenak eskualdatuta ere Nafarroan jarraitu ahal izango dutela, Poliziaren beste unitate batzuetan integratzen baldin badira. 175 bat agenteri eragiten die eskumen aldaketak.

Guardia Zibilaren Batzarraren ezohiko saioa egin zuten atzo,EAJk eta PSOEk joan den abenduaren 30ean adostutako aldaketak poliziei «ekonomikoki, sozialki eta profesionalki» nola eragingo dien aztertzeko. Hori zengai zerrendako puntu bakarra. Barne Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, Grande-Marlaskak adierazi zien batzarrean bildutakoei transferentzia «era egokian eta ordenatuan» egingo dutela. Gehienez sei hilabeteko epean gauzatzekoak dira.

Trafiko eskumena Nafarroaren esku geratuko zela jendaurrean jakinarazi eta gero, urtarrilaren 3an Grande-Marlaskak nabarmendu zuen «guardia zibil bat ere» ez zela aterako Nafarroatik. Guardia Zibilaren zortzi elkarteekin egindako batzarrean hori berretsi zuen, hain zuzen ere.

Horrenbestez, ez da beharrezkoa Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak (PSN) planteatutako «pasabidea» ibiltzea. Joan den urtarrilaren 10ean adierazi zuenez, «besoak zabalik» hartuko luke trafikoan ari diren guardia zibilak Foruzaingoan integratzeko aukera. Polizien Nafarroako Legeak aukera hori ematen du, nahiz etaguardia zibila izateko ez den beharrezkoa oposizioak gainditzea, eta foruzaina izateko, berriz, bai.

Berri agentziek guardia zibilen elkarteetako iturriak aipatuz argitaratutakoaren arabera, Grande-Marlaskak ez zuen xehetasunik eman Remirezek aipatutako «pasabideaz», bainakonpromisoa hartu du Polizia indar batetik besterako balizko aldaketa hori Nafarroako Gobernuarekin negoziatzeko.

AUGC guardia zibilen elkarteko bozeramaile Juan Fernandezen esanetan, Nafarroan beste unitate batean jarraitu nahi duten agenteek orain baino diru gutxiago irabaziko dute.

Ika-mika iturri

Navarra Sumak eskumen aldaketa kritikatu du azken asteotan, eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari EAJren «txotxongilo» izatea egotzi dio. Espainiako Barne ministroak erabakia defendatu izan du, eta gogoratu du eskumen aldaketa Nafarroako indar politiko guztien eskaera bat dela aspalditik. «Jose Maria Aznar eta Miguel Sanz transferitzeaz mintzatu ziren», oroitu zuen Grande-Marlaskak urtarrilaren 3an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.