Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Joerak finkatzeko hamarraldia

EAJren nagusitasuna berretsi du 2010-2020 aroak, eta ezker subiranista oposizioko indar nagusi gisa egonkortu. Parte hartzea, berriz, beherantz doa 2001etik, eta baliteke COVID-19aren izurriak maila historikoan jartzea abstentzioa.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, 2017ko irailaren 21ean. D. AGUILAR / EFE.
jon olano
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lehen aldiz 50 urtean ETAren indarkeriak baldintzatu gabeko egoera politiko bat inauguratu duen 2010-2020 aldiak argazki finko bat utzi du euskal politikan. Ordura arteko emaitzek eta hortik aurrerakoek frogatu dute 2009ko indar korrelazioak anomalia bat izan zirela, baina, harrezkero, pauta batzuk finkatuz joan dira EAEko panoraman.

Batetik, EAJren hazkunde progresiboa: Iñigo Urkulluren aroan, hazkunde egonkorra bizi dute jeltzaleek, portzentajeetan, eserlekuetan eta botoetan. 2012az geroztik, goranzko joera erakutsi dute hauteskunde ziklo bakoitzean, udal eta foru bozetan, Espainiako Gorteetarakoetan nahiz Eusko Legebiltzarrerakoetan. Gainera, PSE-EErekin akordioa eginda, botere instituzionala ia erabat bereganatu du EAJk.

EAEren erakundetzea abiatu zenetik, 40 urteko kudeaketa autonomikoaren protagonista nagusia izan da EAJ, eta, kudeaketa horretan, orain arte ezagutu gabeko estres test bat izan du Urkulluren gobernuak COVID-19arekin. Inkestei erreparatuta, ez dirudi osasun krisiaren kudeaketak zigortuko duenik; bozak noiz egingo ziren ezagutarazi zenetik argitaratutako inkesta guztiek iragarri dute jeltzaleek ordezkaritza handitzen jarraituko dutela; EAJren interesentzat okerrena den iragarpena La Razón-ek ekainaren 1ean argitaratutakoa da, eta, horren arabera, 29 eserleku eskura ditzakete; egun baino bat gehiago. Gainerakoek iragarri dute 30 legebiltzarkidetik gora lor ditzaketela jeltzaleek, eta aurreikuspenak ez dira ia aldatu apirilaren 5eko deialdiaren aurretik eginiko inkestekin alderatuta.



Inkestek iragarritakoa betetzen bada, lasai egon daitezke Sabin Etxean eta Errekalde zumarkaleko 27.an; EAEko arkitektura instituzionala diseinatu zuten eta azken urteetan konpartitu duten bazkideen arteko harremanak herritarren oniritzia du.

2010-2020 aroaren argazkian bada beste gako bat: ezker subiranistaren kristalizazioa oposizioko indar nagusi gisa. ETAren jardun armatuaren garaian, ezker subiranista hirugarren indar izan zitekeen gehienera (1998), baina 2012tik bigarren postuan egonkortu da, eta goranzko joera hartuta azken hauteskunde zikloan, 2011-2012ko loraldira iritsi gabe. Egoera horretan, aurkia eta ifrentzua topa daitezke EH Bilduren emaitzetan; oinarri bat ezarri duela dirudi, eta hori emeki zabaltzen ari dela azken urteetan —otsailetik argitaratutako inkesta ia denek iragarri dute %1-2ko hazkundea izango duela 2016ko bozekin alderatuta—, baina norbere emaitzen gozoa gazitzen du EAJren hazkunde erritmoa ikusteak; bigarren indarra izanagatik, handia da lehenarekin duen aldea, eta, beraz, urrun du oraindik gobernu alternatiba izateko aukera. Lehen indarrarekiko aldeari koska bat kentzea emaitza ona izan daiteke ezker subiranistarentzat 2024ko bozei begira.

Hortaz, eta Ahal Dugu-ren salbuespenarekin, azken urteek erakutsi dute botoa kontzentratzeko joera nagusitzen ari dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bi indar nagusiak gero eta nagusiago direla; 75 legebiltzarkidetik 46 dituzte, eta litekeena da kopuru horrek gora egitea. 50 eserlekuren —alegia, legebiltzarkideen bi herenen— langa gaindituz gero, EAE «bipartidismo inperfektu» baterako bidean legoke, Asier Blas EHUko Politika Zientzietako irakasleak esan izan dion bezala.

Unionismoaren gainbehera



Horren biktima izan dira Espainiako sistema politikoaren bi zutabe nagusiak; PSE-EE/PSOE eta PP; duela 11 urte, ezker abertzale ofizialik gabeko legebiltzar batean gehiengo osoa zuten —38 ordezkari—, eta orain, berriz, hemezortzi legebiltzarkide dituzte bien artean; 464.000 boto poltsa, modu progresiboan, 256.000raino urritzera. Beheranzko bilakaera horrek erro sakonagoak ditu eskuin espainiarzalearen kasuan, 2001etik ez baitu inoiz hobetu aurreko bozetako emaitza.

Hamarkada zaila izan du PSE-EEk ere; krisi bikoitz batek zeharkatu du. Batetik, bakegintza prozesua ez du kapitalizatzen asmatu, eta, nahiz eta ETA desagertzeak ez duen PSEren proiektua PPrena bezain zurtz utzi, 2012ko hauteskundeek agerian utzi zuten ilegalizazio garaietan lortutako ordezkaritzaren puztua; 25 legebiltzarkidetik hamaseira jaitsi zen hiru urte eskasean, eta bederatzira gero. Botoen galerak eman zuen porrotaren tamaina, legealdi bakarrean 100.000 bototik gora galduta: heren bat. Krisi ekonomikoaren, Espainiako Gobernu sozialistaren kudeaketaren eta, modu zabalago batean, sozialdemokraziaren krisiaren gordinak bere larruan bizi izan zituen PSE-EEk, eta lurrikara hori sakondu zuen Podemosek Madrilen eta Ahal Dugu-k EAEn.

Egoera horretan, gobernu aliantzetan bilatu zuten aterpea sozialistek, oposizioan egonik posizio propioa indartzeari uko eginda; ez zuen zertan ongi atera. Esan ohi da koalizio gobernu batek mesede handiagoa egin ohi diola koalizioko indar nagusiari, eta kalte txikienari; hala gertatu izan da Erresuma Batuan, Frantzian, Alemanian... Eta baita PSE-EEri berari ere, 1986 eta 1994 artean. Baina Pedro Sanchezek hauspotuta, ez dirudi hipotesi hori beteko denik orain; inkesta guztiek iragarri dute sozialistek boto eta ordezkari batzuk berreskuratuko dituztela.

Ahal Dugu-ren agerraldia izan da Madrilen egoitza duten alderdiek hamarkada osoan izandako albiste on bakarra; fenomeno moreak Espainiako sistema politikoa astindu zuen, eta erreplika izan zuen Hego Euskal Herrian ere, 2015-2016an. Izanak ziren lehen aldiz indar handiz agertutako talde politikoak —EA 1986an, EH Bildu 2012an—, baina, normalean, bide luzeko tradizio politiko batetik edo zatiketa batetik sortutakoak izan dira. Nolabait, aurretik existitzen zen espazio politiko bat bete du Ahal Dugu-k, baina lortu du espazio hori aurretik inork gainditu ez zituen mugetatik harago eramatea. Eta normalizazio politikoaren garaietarako espero zen gauza bat ere gezurtatu du: lekua dago abertzaletasunak eta ezker-eskuin ardatzak bereizten dituen lau tradizio politiko handiez harago.

Parte hartzea, apaltzen



2000-2010 aldiko beste joera bati ere segida eman dio 2010-2020 artekoak; duela hemeretzi urtetik, hauteskundez hauteskunde handituz joan da abstentziora jo dutenen portzentajea. Polarizazio handiko hauteskundeak izan ziren 2001ekoak; ia bost herritarretik lauk eman zuten botoa. Harrezkero, gero eta gutxiago izan dira botoa ematea erabaki dutenak, duela lau urteko parte hartzea ozta-ozta ailegatzeraino %60ra. 1994ko parte hartzea izan da azken 40 urteetako apalena, eta 2016koak soilik %0,32 botogatik gainditu zuen zoru hori.

Abstentzioaren arrazoiak izan ohi dira interes falta, jokoan ezer ez egotearen irudipena, alderdiekiko nekea edo mesfidantza, sistema politikoari zilegitasunik ez aitortzea... Eta, oraingoan, ikusteko dago COVID-19ak nola eragingo duen parte hartzean; gogo hori hauspotuko duen edo, kontrara, segurtasun faltaren sentipena gailenduko den. Baliteke aldagai horrek inoizko parte hartzerik apalenera eramatea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, edo orain arteko joera iraultzea. 2020ko hamarkadak joera zaharrei eutsiko dien edo bilakaera berriak azaleratuko dituen, hori bi aste barru hasiko da ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.