Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Fideltasuna eta erakarmena

Nola eutsi zure hautagaitza maiteen dutenen fideltasunari eta, aldi berean, boto emaile berriak erakarri: dilema horri erantzun behar diote indar politikoek egunotan, eta erantzunaren araberakoak dira kanpainan zabaldutako mezuak.

EH Bilduko hautagaiak, atzo, Donostiako Saguesen. JUAN. HERRERO / EFE.
jon olano
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak inkesta mardul bat argitaratu zuen gaur zortzi, uztailaren 12ko hauteskundeen emaitzen aurreikuspenaz harago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako boto emaileen joerak, filiak eta fobiak azaleratzen zituena. Besteak beste, inkesta horretan CISek 3.354 herritarri galdetu zien nori emango dioten botoa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta nori eman zioten duela lau urte. Emaitza: EH Bildu dela boto emaile poltsa fidelena izan dezakeena, 2016ko bozetan indar subiranistaren alde egin zutenen %72,3k sartuko baitute berriro Maddalen Iriarte buru duen boto papera. Ondoren, EAJren boto emaileak izango dira fidelenak (%65), eta gero PSE-EErenak (%55,7). Duela lau urte euren aldeko hautua egin zutenei eusteko lan nekezagoa izango dute PP+C's-ek (%53,2) eta Elkarrekin Podemosek (%47,9).

Bestalde, inkesta horretan bertan badira kontuan hartzeko moduko beste erantzun batzuk: 2016an botorik eman ez zutenen artean, gehienek erantzun dute gauza bera egingo dutela 11 egun barru, baina, inori ematekotan, inkestak azaleratu du EAJren poltsa lodituko litzatekeela gehien. Horrez gain, duela lau urte botoa emateko adina urte ez zituztenetatik gehienek ez dute erantzun zer egingo duten orain, baina, alderdi baten alde egitekotan, EH Bilduri emango diote: %16,3. Azken datu bat, osagarri: botoa emateko eskubidea duten lautik batek kanpainako bigarren astean edo, are, gogoeta egunean erabakitzen du hauteslekura joan edo ez, eta, joatekotan, nori eman babesa.

Hortaz, hori da egunotan indar politikoek duten dilema nagusia; zer egin zure hautagaitza maiteen dutenen fideltasunari eusteko eta, aldi berean, orain arte urrunago izan dituzunak erakartzeko; nola eutsi eta aktibatu «nukleo irradiatzailea», «alboko sektore aliatuetan» arrantzan egiten duzun bitartean, Iñigo Errejonek esango lukeen bezala. Eta horren arabera diseinatu kanpaina bat. Eskema horrekin uler liteke alderdiek egunez egun eta lekuan-lekuan penduluaren bi adarretako zein lehenesten duten; nork bere agenda zerekin elikatzen duen. Eta boto ziur gutxien duten indarrek zergatik jotzen duten bideo deigarrietara.

Testuinguru horretan, bi norabidetako mezua zabaldu zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Alderdi Jeltzaleko lehendakarigaiak Hendaian (Lapurdi), zazpi herrialdeen mapan sinesten duen boto emaileari eta azpiegituren eta bereziki abiadura handiko trenaren premia ikusten dutenei mintzatuta: «Bi estatu eta hiru erkidego politiko ezberdinetan bizi gara. Dena den, sustrai historiko eta kultural sakonek elkartzen gaituzte. Hiru hizkuntza hitz egiten ditugu, baina euskara da elkartzen gaituena. Euskaren lurraldean bizi gara». Urkulluk «Euskal Hiriaren» arteko harremanak sendotzea proposatu zuen, horretarako beharrezkotzat jota «abiadura handiko trenbide konexioa eta mugaz gaindiko herrien arteko mugikortasuna errazten duten garraio proiektuak» sustatzea.

Boto emaile berriez harago, bi indarren boto emaile izandakoetatik atera dezake etekina EH Bilduk: EAJtik (%1,7) eta, batez ere, Elkarrekin Podemosetik (%6,3). Baina, gobernu alternatiba bat marrazteko testuinguruan, indar subiranistak jeltzaleak ditu arerio nagusi, eta horien posizioa higatzera bideratutako ekitaldia egin zuen atzo EH Bilduk, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta. «Urkulluk dio gure herria zutik jarri nahi duela. Zutik Euskadi, Urkullu jauna? Herrialdea erori zaizu? Zutik Euskadin, belauniko Madrilen», esan zuen Iriartek arratsaldean Tolosako Trianguloa plazan (Gipuzkoa): «Urkullu jaunak euskal estatus berria murriztu du, erabakitzeko eskubidea murriztu du, herri honen erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen gonapean sartzea hobetsi duelako».

Ezker-eskuin ardatza

Beste datu bat: jendeari ezker-eskuin ardatzean beren burua identifikatzeko eskatuta, 1-5 artean kokatzen dira %75; alegia, ezkerrean edo zentro-ezkerrean. Ardatz horretan, %76k EAJ 5-8 artean kokatzen dute; batez ere zentro-eskuineko edo eskuineko alderdi gisa. Halere, jeltzaleak nagusi. Atzo, hori zuzentzeko konpromisoa sinatu zuen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak Gernikako haritzaren pean izenpetutako «kontratu» batean: «Inoiz gehiago ez eskuineko gobernu bat ezkerreko gehiengo sozial batean».

Ezker-eskuin ardatza eztabaidaren lehen lerrora eramanda mobilizatu ditzake koalizioak bere aldeko hautesleak, eta neurri horretara eginiko jantzia zabaldu zuen atzo, kanpainaurre osoan landutako ildoari eutsita: EH Bildu-Elkarrekin Podemos-PSE koalizioa. Gorrotxategik dei egin zien gobernu programa bat osatzeko eta horretan hiru lehentasun jasotzeko: ustelkeriaren aurkako fiskaltza sortzea, zahar etxeen kudeaketa publikoa izatea, eta frackinga debekatzea.

Ezkerreko alderdien lehia horretan, PSE-EEren siglei balioa eman zien Idoia Mendia lehendakarigaiak, argudiatuta «Euskadiko ezker ez-nazionalista», «arduratsua», «baliagarria» eta «ezker fidagarria» dela: «Endredo nazionalistarik ez dutenei esaten diet PSE prest dagoela herri hau zuzentzeko». «Baliagarria», botoen lehian zaindu beharreko aldeetako bat Elkarrekin Podemos duelako; eta «ez nazionalistaren» goraipamena, 2016an sozialistei botoa eman zietenen %4,1 joan daitezkeelako EAJren zakura. Jaurlaritzako bere bazkidean du Mendiak botoak galtzeko arriskurik handiena.

Beraz, boladan dago ezker-eskuin ardatza oraindik ere, eta joko zelai horretan Carlos Iturgaiz PP+C's-eko lehendakarigaiak ez du lehiakiderik nahi eskuinean, urteotako boto ihesa EAJrantz izan baitu. «Urkullu [Pedro] Sanchez eta [Pablo] Iglesias baino ezkertiarrago izateko lehiatzen ari da», esan zuen atzo Irunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.