Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Kanpaina bat birusek baldintzatua

Eusko Legebiltzarreko hauteskunde kanpaina ezohikoenarenak egin du, botoa emateko bermeei eta COVID-19ak kutsatutakoen eskubide politikoei buruzko eztabaida puri-purian dagoela. Sakonean, arreta gune bat: abstentzioaren neurria.

Biharko boto paperak prest Bilboko bozkaleku batean. LUIS TEJIDO / EFE.
jon olano
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bukatu da. Ez da hauteskunde kanpaina egiteko garai onena izan, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainarik atipikoena ohartu gabe heldu da mugara, eta bihar arratsaldeko zortzietatik aurrera ikusiko da unearen berezitasunak baldintzatutako bozketak zer dakarren: barea edo ekaitza. Barea edo ekaitza, ez indar politiko bakoitzak izango duen emaitzaren araberakoa, 200 bat herritar boto eskubiderik gabe utzi izanak eragin dezakeen bestondo politiko eta judizialaren araberakoa baizik.

Izan ere, duela bi aste hor zegoen baina protagonismoa galtzen ari zen aldagai batek baldintzatu ditu kanpaina amaiera eta, batez ere, biharko bozketa; koronabirusaren izurriak eta COVID-19ak azken egunetan izandako agerraldiek; nagusiki, Ordiziakoak (Gipuzkoa). Jendearen artean hilabeteak daramatza birusak, eta jakina zen hauteskundeetarako ez zela desagertuko, baina haren hedapenak eta zabalkunde horri instituzioetatik emandako erantzunek galdera gehiago jarri dituzte mahai gainean: ba al dago nahikoa berme, osasun publikoaren ikuspegitik, kutsatu gabe edo horretarako beldurrik gabe botoa emateko? Biharko parte hartzearen datuak emango du horri buruzko arrastoren bat. Gordinagoa da bigarren itauna: zilegi eta legezkoa al da herritar bati botoa eskubidea ukatzea gaixo dagoelako? Hori datorren astetik aurrera ikusi ahal izango da, kaltetuek auzibidera jotzea erabakiz gero.

Edozein moduz, erantzuna argi daukate Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak: badaude bermeak, eta behar bezala justifikatuta dago PCR proban positibo eman duenari bozkalekura joatea galaraztea. Herenegungo erabakia berretsi zuen atzo Hauteskunde Batzordeak, azalpen batzuk erantsita: «Administrazioak hartutako neurriek joan-etorriak egokiro egitea bermatzen dute bozkatzera joan ahal izateko, biztanleen segmentu txiki batzuetan izan ezik, nahiko justifikatuta dauden osasun arrazoiak direla eta». Azaldu duenez, «ulertu behar da osasun agintaritzak baldintza egokiak ezarri dituela boto emaileen osasunerako eskubidea bermatzeko».

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak era ziurtzat jo zituen segurtasun bermeak, eta gaineratu ez dela ezer berria gaitzen bat dutenek botoa ezin ematea: «Tuberkulosia duten gaixoak, edo bihotzekoa izan dutenak, edo iktusa... Botoa emateko eskubidea eragozten duten eritasunak bestela ere hor daude. Orain, eta beste hauteskundeetan».

Hain justu, egoera hori jarri zuen atzo EH Bilduk kanpaina amaierako ekitaldiaren ardatzean. Herritarrei «beren haserrea adieraztera» dei egin zien Maddalen Iriarte lehendakarigaiak, «euren interes partikularrak jendearen osasunaren aurretik jarri dituztenei mezu ozen eta argia helarazteko garaia» dela iritzita. Elkarrekin Podemosek, berriz, ohar bat zabaldu zuen kanpaina amaitzeko lau ordu falta zirela, Jaurlaritzaren erabaki «arbitrarioa eta juridikoki ez-nahikoa» salatzeko: «Zuzenean talka egiten du parte hartze politikorako oinarrizko eskubidearekin».

Egoera horretan, biharko hauteskundeen parte hartzea izan da azken bi asteetako hizpide nagusietako bat; batetik, abstentzioa oso handia izateak auzitan jar dezakeelako bozketaren eta Eusko Legebiltzar berriaren zilegitasuna, eta, bestetik, parte hartzearen tamainak korrelazio zuzena izan dezakeelako indar politiko bakoitzaren emaitzarekin. Lau hauteskunde dira parte hartzea aurreko bozetakoa baino apalagoa izan dela, eta %60 izan zen duela lau urte; azken 40 urteetako txikienean hirugarrena. COVID-19ak eta uda garaiak maila apalenetara eraman dezake parte hartzea, baina, aldi berean, azken egunetako giroak polarizatu egin ditzake hautesleak, eta abstentziora jotzeko asmoa zutenak mobilizatu.

Horren guztiaren jakitun, EAJk «1976ko gazteak» jarri zituen atzo kanpaina amaierako ekitaldiaren erdigunean, egungo edadetuak, jakinik horiei erasan diezaiekeela gehien botoa ematera joateko beldurrak eta, beraz, abstentzioak. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak goraipatu egin zuen duela lau hamarkada «gizarte eta nazio eraikuntza» lehenetsi zutenak «indarkeriarekin borroka muturreraino eramatea» erabaki ordez.

Vox, mobilizatzaile

Hori horrela, alderdiak saiatu dira azken bi asteetan euren aldeko boto emaileak aktibatzen, nor bere argudio politikoekin, baina horietako bat amankomunean izan dute alderdi horietako batzuek; eskuin muturraren aurkako botoaren kapitalizazioa. COVID-19a ez bezala, ultraeskuina ez da inondik ere izurria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina birus faxistak aspaldiko presentziarik handiena izan du Euskal Herriko kaleetan, eta agenda baldintzatu du.

Vox legebiltzarrera sartzeko aukeraren inguruan —inkesta gehienek iragarri dute ez duela nahikoa babes lortuko, baina Araban izan lezake ordezkari bat lortzeko aukera—, inkestak baliatu dituzte alderdiek, justifikatzeko euren eta Voxen artean dantzan dagoela Arabako azken legebiltzarkidea.

Vox mugitu da, eta gainerakoak mugiarazi ditu. Hori baliatu dute EAJk, EH Bilduk eta Equok kanpainaren bigarren erdian; gauza bera egiten saiatu zen herenegun PP bideo batean, Gipuzkoako eta Arabako azken ordezkariak EH Bildurekin lehian dituela nabarmentzeko. Oparia ez zuen alferrik galdu indar subiranistak; PPren argudio —eta bideo— bera baliatu zuen EH Bildu PPren aurkako boto gisa aurkezteko.

Eskuin espainolistaren aurkako botoa mobilizatzeko deiak ezin hobeto funtzionatu zuen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, baina orduan %66 izan zen parte hartzea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ez dirudi biharko bozketan Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian izan zen polarizazioa presente egongo denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.