EAEko Hezkuntza Legea

Jaurlaritzak eskura ditu Hezkuntza Legea ontzeko oinarriak

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, hezkuntza akordioa onartu dute, lau alderdi nagusien babesarekin. Bildarratzek legebiltzarraren agindua betetzeko konpromisoa hartu du

Bildarratz eta Gorrotxategi, atzo, osoko bilkura hasi aurretik. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak esku artean ditu Hezkuntza Legea ontzeko oinarriak. Hain zuzen, atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onetsi zuten euskal hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa. Itunaren fasea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren txanda da. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hitzeman zuen Eusko Legebiltzarraren «mezua eta agindua» betetzeko konpromisoa dutela. Itunean jasota geratu da, besteak beste, euskara ardatz izango duen sistema eleaniztuna, baita titulartasun pribatuko eskolei baldintzak jarriko dizkietela ere, diru publikoa jasotzeko.

Ezustekorik gabeko saioa izan zen. Martxoaren 18an lortu zuten lau alderdi nagusiek akordioa, lehen zirriborroaren zuzenketetan ados jarrita; eta hamar egun geroago, zuzenketa horiek txertatuak zituen testua babestu zuten Hezkuntza Batzordean. Orain, behin betiko onartuta geratu da osoko bilkuran. Alde bozkatu dute EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk; aldiz, aurka PP+C's-ek eta Voxek. 68 legebiltzarkideren babesa jaso du, eta zazpik kontra egin dute.

Alderdi guztiek akordioa erdiesteko gauza izatea goraipatu dute. EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak «adostasun zabala» lortu dutela nabarmendu du, «ondo hausnartutako eta landutako adostasuna»: «Hau nabarmentzekoa da, garrantzitsua da, adostasun zabalak ikuspegi zabala dakarrelako eta agertoki berri baten aurrean jartzen gaituelako».«Egun historikoa» izan dela iritzi dio EH Bilduren legebiltzarkide Ikoitz Arresek: «Euskal hezkuntzaren eraldaketaren oinarriak zehaztuko dituen akordio hau historikoa da». Hitzarmenaren garrantzian ados PSE-EEeko legebiltzarkide Eneko Andueza ere: «egun berezia eta poztekoa» dela esanda, eskerrak eman dizkie lau alderdiei. Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Miren Gorrotxategik ere eskerrak eman dizkie «akordioa posible egin duten denei». «Nazionalisten eta pseudonazionalisten» artean izenpetutako ituna izatea egotzi die, berriz, PP+C's-eko legebiltzarkide Jose Manuel Gilek.

Legebiltzarkideen %90 inguruk babestu badute ere, talde bakoitzak egin ditu bere zehaztapenak, egin ditu bere interpretazioak. Testua bakarra bada ere, ez dute guztiek berdin irakurtzen. Euskaratik hasita. Arrizabalagak euskaraz ardaztutako eleaniztasuna aipatu du: «Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua ga- ratuko du, bere ekosistema soziolinguistikoari erantzunez, euskara ardatz izanik, eta horren baitan hizkuntza proiektuei proiektu eleaniztunak garatzeko garrantzia emanez». Arresek, berriz, euskalduntzea izan du ahotan. Ikasle guztiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerako euskaraz gutxienez B2 maila lortu behar izatea goraipatu du,«euskalduntzean jauzi bat emateko» baliagarria izango delakoan. Halaber, itunean beren-beregi jasotzen ez bada ere, murgiltzeaz aritu da Arrese: «Gaur, [atzo] euskarazko murgiltze eredutik gertuago gaude». Anduezak, berriz, eredu hirueleduna izan du hizpide, akordioaren bertute gisa aipatuta: «Eredu hirueleduna sartzen du, baina gure hizkuntzari ere lehentasuna ematen dio». Gorrotxategik eskola publikoak euskalduntzean duen egitekoa nabarmendu du: «Eskola publikoa da euskalduntzen duena, eta umeei gazteleraz erakusten diena ere bada, nire semeei bezala, eskolara gazteleraz ideiarik jakin gabe joan baitziren». Gilek esan du bestelako proposamena dutela: «Euskara defendatzen dugu, baina nahi dugu askatasuna egotea, umeak bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan baldintza berdinetan hezi ahal izateko».

Publikoa «indartzeko»

Ikastetxe publikoek eta itunpekoek eduki beharreko rolarena izan da prozesuko auzi nagusietako bat. Arrizabalagaren ustetan, «tresna garrantzitsua» izango da euskal hezkuntza zerbitzu publikoa —hainbat baldintza betetzen dituzten titulartasun pribatuko ikastetxeak eta eskola publikoak bilduko ditu—: «Eskola publikoaren funtsezko izaerari aitortza egiten diogu, gure oinarrizko erreferenteari, baina itunpeko sarearen osagarritasunari ere bai». «Ituntze unibertsala» desagertzeko bidean jarri dutela deritzo Arresek: «Publiko-pribatu dikotomia gainditzeko urrats bat egiten dugu, non ituntze unibertsala bukatuko den. Baldintza oso konkretuak eta tasatuak zehaztu ditugu diru laguntza publikoak jasotzeko». Betiere, publikoaren alde egiten dutela nabarmendu du, hura «aitortuz, lehenetsiz, indartuz eta sistemaren ardatza izan dadin konpromisoa hartuz». Anduezak ere sare bati eta besteari egin dio erreferentzia: «[Akordioak] publikoa indartzen du, baina itunpekoa ere errespetatzen du». Gorrotxategik zerrendatu ditu publikoari ekarriko dizkion onurak: itunpekoak publifikatzeari «ateak zabaltzea», eskola publikorako plan estrategikoa, Haurreskolak partzuergoa «indartzea»...

Lau alderdiek bat egin dute hitzartutakoa segregazioari aurre egiteko baliagarria izango dela. «Segregazioari aurre egiteko ekintza zehatzak jasotzen dira», adierazi du Arrizabalagak. Antzera mintzatu da Arrese: «Segregazioari aurre egiteko, neurri zehatzak hartu ditugu. Gainera, 2023rako konpromisoa hartzen dugu segregazioaren kontrako itun bat erdiesteko».

Legerako bidea urratzen

Eusko Jaurlaritzari dagokio orain adostutakoa Hezkuntza Legean islatzeko ardura.Eusko Legebiltzarrak «lezio bat» eman duela esan du Bildarratzek, adostasunari erreferentzia eginez. «Konpromisoa hartzen dugu beraiek bidalitako mezua eta agindua beteko dugula». Lege proiektua urrian onartu nahi du gobernu kontseiluan, eta ordura arte eragileekin hitz egiten jarraitzeko asmoa erakutsi du. Lege proiektuak legebiltzarretik igaro beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.