Jauzi Ekosoziala sortu dute, eta ituan jarri ekologia eta klima krisia

Pobrezia eta xahuketa energetikoaren kontrako hainbat ekintza egingo ditu dinamikak udara bitarte; lehena, otsailaren 17an. Eztabaida zabalduko dute ondoren, dinamikak hartu beharreko «formaz»

Jauzi Ekosoziala dinamikaren aurkezpen prentsaurrekoa, atzo goizean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Iragarritako urratsak egiten ari dira Ekotopaketen bultzadaz ekologismoaren bueltan antolatu zirenak. Irail hondarrean eta urri hasieran Portugaleten (Bizkaia) egindako topaketetan «lan dinamika» bati ekitea erabaki zuten, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian: Jauzi Ekosoziala. Alaitz Ajuriagerrak eta Arrate Zelaia dinamikako kideek irakurri zuten aurkezpen testua, atzean beste zenbait kide zituztela.

XXI. mendean mugarri izan diren hiru gertakariri erreparatu zien Ajuriagerrak, gizarteak «planetaren muga biofisikoekin talka» egin duela azaltzeko: 2008ko krisi ekonomikoa, pandemia eta Ukrainako gerra. «Egoera honetan, zeinetan lurrak utzi dion egonkorra izateari, Ekotopaketak antolatu genituen, eta, orain, kalera atera nahi dugu orduan pilatutako indarra».

Krisi ekologikoa eta soziala elkar hartuta ulertzen dituzte dinamikako kideek, eta hala aurkeztu zituzten atzo ere. Horren erakusle, kideek eskutan hartutako kartelak: Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea eta Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria begiak estalita ageri zituztenak, egungo krisi energetikoaren onuradun nagusietako bi direnak —Iberdrolak 3.014 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urtean baino %29 gehiago; Repsolek 3.222 milioi, aurreko urtean baino %66 gehiago—. Baita Ajuriagerraren hitz esplizituak ere: «Turistaz betetako alde zaharrak eta arrainez hustutako itsasoek kausa bera dute atzean: irabaziak etengabe maximizatzea helburu duen merkatua».

Hain zuzen, energia eta klima krisia «bere osotasunean» landuko dituen kanpaina bat aurkeztu zuen Jauzi Ekosozialak bere aurkezpenean, Haien luxua, gure fakturak izenpean. Zelaiak zehaztu zuenez, datozen hilabeteetan hainbat ekintza egingo dituzte haren barruan; lehenengoa, otsailaren 17an, Pobrezia Energetikoaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

«Mundu mugatu honetan» pobrezia eta xahuketa «txanpon beraren bi aldeak» direla adierazi zuen Ajuriagerrak, eta, horrenbestez, pobrezia energetikoaz aritzean «energiaren xahutzeaz» hitz egin beharko litzatekeela azpimarratu. Ideia horretan oinarrituta, eta «trantsizio ekologiko eta sozial justuaren» alde, zenbait aldarrikapen zabalduko dituztela azaldu zuten dinamikako kideek: pobrezia energetikoa amaitzea, energia publifikatzea, erregai fosilak ez erabiltzea eta luxua mugatzea.

Oraingoz, «mugimendua»

Lehen fasea izango da hori, udara arte iraungo duena. Bestelakoa izango da uda ostekoa: eztabaida prozesu bat zabaldu nahi dute ekologismoaren barruan, «tresna honek izan behar duen forma zehatzaz eztabaidatzeko pertsona eta eragile askotarikoekin», Zelaiak azaldu zuenez. Edonola ere, aurreratu zuen «oraindik etxe bihurtu ez den mugimendua» nolakoa izatea nahi duten: «Askotarikoa eta eraginkorra, propositiboa, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan artikulatzen hasiko dena, hegemonia neoliberalaren aurka eta bizitzaren alde, egiturazko eraldaketei bidea irekiz».

Urrian, Ekotopaketetan egindako azken batzarrean, jada zabaldu zuten hainbat eragilez osatutako antolakunde handi bat sortzeko aukera, iritzita, besteak beste, gaur egun eragile ekologista asko dauden arren, horiek tokian tokiko edo sektorekako proiektuen inguruan ardaztuta daudela batez ere. Horiei eutsita beste lan esparru batzuetara hedatzeko asmoa azaldu zuten. Antolakundearen beharra erakutsi zuen Ekotopaketetako parte hartzeak. Antolakunde hori beharrezkoa dela azaltzeko, datu bat eman zuten orduan: topaketetan bildu diren 500 lagunetatik 350 ez daude talde ekologistaren batean antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.