Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Kontrastea mapan, atzera ere

PSOEk irabazi ditu Espainiako Gorteetarako bozak Hego Euskal Herrian; emaitzarik onenak izan ditu 2008tik. EH Bilduk gora egin du, eta Amaiurren emaitza berdindu. EAJk lau bototik bat galdu du

Kontrastea mapan, atzera ere.
jon olano
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeek argazki aldaketa eragin dute Hego Euskal Herriko botoen joeran, eta, beste behin, kontrastez beteriko mapak utzi dituzte agerian. Kontrasteak, lau herrialdeetan hiru alderdi izan direlako lehen indarrak -EAJ Bizkaian, EH Bildu Gipuzkoan eta PSE-EE eta PSN Araban eta Nafarroan-, eta kontrasteak, kolore urdinaz margotutako Espainiako mapak ezer gutxi duelako komunean Hego Euskal Herrikoarekin.

PSOEk eskuinen mamua haizatu zuen kanpainan, eta estrategiak funtzionatu egin dio Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; sozialistak izan dira Hegoaldeko lehen indarra botoetan eta diputatu kopuruan; zazpi lortu dituzte —duela lau urte baino bi gehiago—, 2019an baino 70.000 boto gehiago, eta, batez ere, jauzi kualitatiboa eman dute: lehen indarra dira Nafarroan eta Araban —bigarrenak ziren bietan—, eta boto gehien jaso duen zerrenda Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Diputatu eta boto kopuruari dagokionez, sozialisten emaitza onena da 2008tik; orduan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren bigarren agintaldiari bide eman zion bozketan, PSOEk 11 ordezkari eskuratu zituen lau herrialdeetan.

Espainiako gobernabideari begira, berriz, esanguratsua izan daiteke EAJk eta EH Bilduk joka dezaketen rola; 11 diputatu izango dituzte guztira. Baina orain arteko indar harremanak irauli egin dira; jeltzaleak sei ordezkaritik bostera jaitsi dira, eta EH Bildu bostetik seira igoko da.

Iraultze hori da alderdi bakoitzak duen bilakaeraren isla. EH Bildu Hego Euskal Herriko bigarren indarra da diputatu eta boto kopuruan, duela lau urteko emaitzak 50.000 boto hobetuta, eta Amaiurrek 2011n lortutako emaitza historikoa berdinduta. Era berean, nabarmen hobetu ditu posizioak: lehen indarra da Gipuzkoan, eta bigarrena Araban eta Nafarroan. Bide batez, bost diputaturen eta barruti guztietan %15aren langa gaindituta, ez du oztoporik izango Espainiako Kongresuan taldea osatzeko.

Baina, Kongresuaz harago, emaitzek ahalbidetuko dute indar subiranistak jauzi bat ematea Espainiako Senatuan ere; Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatariaz gain, beste lau izango ditu datorren legealdian. Eta, Eusko Legebiltzarrera begira, beste datu adierazgarri bat utzi du atzoko bozketak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EH Bildu EAJtik 1.000 boto eskasera geratu zen. «Ziklo politiko berri baten atarian gaude», esan zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Horiek izan ziren gaueko garaile nagusiak Hego Euskal Herrian. Kontrara, EAJk beste kolpe bat hartu zuen, bigarrena bi hilabeteko epean; jeltzaleak lehen indarra izan ziren 2019ko azaroko bozetan, baina orain hirugarrenak izango dira boto eta diputatu kopuruari erreparatuta. Orokorra da atzerakada; Araban laugarren indarra da EAJ, Gipuzkoan hirugarren, eta zortzi puntu atzera eginda eutsi dio Bizkaiari.

Hala ere, jeltzaleen boto galerak ematen du galeraren neurria: 100.000 boto galdu ditu lau urtean, 2019ko bozetan jasotako lau bototik bat. Areago, 1989tik Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EAJk izandako emaitzarik kaskarrenak dira atzokoak —252.119 jaso zituen orduan—. Hala ere, emaitzekin konforme agertu zen bart Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria; «balantze ona» egin zuen, «helburu nagusia» lortu dutelako: «Madrilen talde parlamentarioa bermatzea».

Bart gaueko beste ondorioetako bat Hego Euskal Herriaren eta Espainiaren mapen alderaketak erakusten du; PP izan da lehen indarra Espainian, baina Hego Euskal Herrian hiru ordezkari baino ez ditu eskuratu; bat Nafarroan, bat Araban, eta bestea Bizkaian. Voxek, berriz, apenas izan duen gorabeherarik duela lau urteko boto kopuruarekin konparatuta.

Sumar, azpitik

Bart gaueko beste interesguneetako bat zen Sumarrek zenbaterainoko eragina izango zuen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Yolanda Diazen plataformak emaitza kaskarrak bildu ditu Euskal Herrian: diputatu bakarra eta 170.000 boto inguru. Ahal Dugu lehen indarra izan zen 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan, baina orduko emaitzetatik oso urrun geratu da Sumar; are gehiago, Elkarrekin Podemos koalizioak 2019ko azaroko bozetan izan zuen ordura arteko emaitzarik kaskarrena —238.000 boto—, baina zoru hori beherago jarri du orain Sumarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.