Desberdintasun sozialak. Jaurlaritzaren azterketa

Pobreen krisia, ez aberatsena

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan desberdintasunaren igoera bizkortu da azken bi urteotan.Populazioaren %10 txiroenaren diru sarrerak %13 erori dira 2008. urtetik, %10 aberatsenarenak %1,1 handitu diren aldean

Ivan Santamaria.
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Desberdintasun sozialei buruzko eztabaida indartu da, krisi ekonomikoa luzatu ahala. Thomas Piketty ekonomialariaren tesiek eztabaida horri beste bultzada bat eman diote azkenaldian, baina horren aurretik OCDE eta NDF bezalako erakundeek txosten ofizialetan desberdintasun horren igoerari buruzko kezka azaltzen hasia zen, krisiak eztanda egin baino lehen, gainera. Hazkunde ekonomikoak iraun zuen bolada luzeak mesede egin zion populazio aberatsenari. Banaketa desorekatu horrek dituen arriskuei buruz ere ohartarazi dute.

Zein da egoera Euskal Herrian? Hasteko, ez da erraza desberdintasuna neurtzeko propio egindako azterketak aurkitzea. Ez dago lurraldea osorik hartuko duen azterketarik. Hego Euskal Herriari buruzko datuak ere gutxi dira, eta gehienak Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) egindako inkesta zabalagoen parte dira. Esan liteke pobreziari buruzko ardura handiagoa izan dela, sortutako aberastasunaren banaketari buruzkoa baino gehiago.

Krisiaren ondorioak neurtzen hasteko azterketarik eguneratuena Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak argitaratu berri du. Berez, behar sozialei buruzko inkesta lau urtean behin egiten du departamentuak, baina pobreziari eta desberdintasunari buruzko atala bi urte aurreratzea erabaki zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren egoerari buruzko irudia eskaintzen du.

Desberdintasunak, gora

Emaitzak aztertuta, ondorio nagusia argi dago: desberdintasuna areagotu da krisia hasi zenetik, eta igoera hori azkartu da azken bi urteotan. Desberdintasun sozialei buruzko aldagai nagusietan hamarkada eta erdi egin da atzera, gutxi gorabehera mendea hasi zenean zeuden kopuruetara. Badira bereziki okerrera egin duten atalak. Esaterako, populazioaren %10 txiroenak dituen diru sarreren ehunekoa —%3,41— inoizko txikiena da inkesta egiten hasi zenetik, 1996. urtean.

Krisiak ondorio eta galerak izan ditu, baina ez dira modu orekatu batean banatu. Azterketaren datu oso esanguratsua da diru sarrerek nolako eboluzioa izan duten, populazioak dituen diru sarreren arabera neurtuta. Hala, krisia hasi zenetik %50 aberatsenaren diru sarrerak ez dira jaitsi, handitu baizik. Aldiz, %50 txiroenari bai murriztu zaizkio diru sarrerak. Zenbat eta txiroagoa izan, gainera, galera are handiagoa izan da. Hain zuzen ere, populazioaren %10 txiroenak diru sarreren %13 galdu ditu, eta %10-20 bitartean dauden pertsonek, %8. Enplegu Sailak kalkulatu du galera are handiagoa litzatekeela diru sarrerak bermatzeko errenta indarrean egongo ez balitz.

Nazioarteko testuinguruan desberdintasunak neurtzeko aldagai erabiliena Gini indizea da.0 eta 100 bitarteko zenbaki baten bidez adierazten da. Eskala banaketa perfektutik doa —herritar guztiek sarrera berdinak— erabateko desberdintasunera —herritar batek sarrera guztiak, eta besteek ezer ere ez—.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat Gini koefizientea bi puntu inguru handitu da krisia hasi zenetik. Jaurlaritzaren azterketaren arabera, 27,1 kopurura igo da. Igoera horrekin, Europako beste herrialdeekin alderatuta zuen egoerak okerrera egin du. Estatu diren herrialdeekin alderatuta, zortzi lituzke aurretik. Ekonomiaren gainbeherak, dena den, isla ezberdina izan du herrialdez herrialde, desberdintasun kontuetan. Hots, krisia egonda ere desberdintasun sozialak gutxitzea lortu dute Europako Batasuneko hamahiru herrialdek, Eurostatek egindako neurketaren arabera. Beste hamalau herrialdetan gora egin du, 2008. eta 2013. urteen artean.

EAEn populazio aberatsenaren %20ren diru sarrera osoak %20 txiroarenak baino 4,2 aldiz handiagoak dira. Tarte hori 1996an zegoen neurrira itzuli da, 2008. urtea arte atzera egin ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.