Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Nor bere argudioen epelean

Igaro da hauteskunde kanpainaren lehen astea; epikarik eta jendetzarik gabe, eta mezuen ardatzean kudeaketa jarrita. Norbere neurriko musika jarri dute indar politikoek, baina dantzatu behar izan dute besteen erritmoan ere.

Urkulluren aldeko afixa bat Bilboko tranbian, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
jon olano
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Azken minutua ETB1eko hauteskunde debatean, herritarrei botoa eskatzeko. Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiarena da hitza: «Egoera gogorra izan da. Datorrena ez da erraza izango. Baina Euskadik jakingo du berriro ere krisiari aurre egiten». Begirada behera. «Badakigu zer egin behar dugun, eta nola». Begirada behera; hamabi segundoan bigarren aldiz. Kamerara begiak: «Konfiantza izan behar dugu». Hirugarren jaitsiera. Keinua ez da egungo lehendakariarena soilik; Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak seigarren segundorako bota die paperei hirugarren begiratua, eta Idoia Mendia PSE-EEko hautagaiak abiapuntuko segundo gehiago eman ditu irakurtzera kamerara begiratzera baino; joerari ez dio ihes egin Jose Ramon Becerrak ere (Equo), eta Maddalen Iriarte (EH Bildu) eta Laura Garrido (PP+C's) izan dira kamerari —hots, herritarrei— etengabe zuzendu zaizkien hautagai bakarrak.

Botoa eskatzeko unea da azken minutua, hautagai batek hauteskunde debate bat prestatuen izan beharko lukeen unea. Kanpaina osoan transmititu nahi duen mezua bi hitzetan sintetizatzeko eta boto emaileari modu ahalik eta eraginkorrenean helarazteko momentua; debatearen denbora muga gainditu dezakeena, asmatuz gero —edo oker handia eginez gero— sareetan hedatuko dena.

Baina ETB1eko herenegun gaueko debatearen azken minutuak —eta debate osoak, oro har— kanpaina honen joera bat azaleratu zuen; batetik, paperak leitzera mugatuta sarri, ideien konfrontaziorako formatu horren eraginkortasunik eza, eta, bestetik, arriskurik ez hartzeko nahia; azken batean, konfiantza falta.

Atzo zen astebete Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainak lehen astea bete zuela, eta beste hainbeste geratzen zaio. Oro har, esan liteke 0,0 arriskuko kanpaina bat dela hau: polemika eta titular handirik gabekoa; botoak irabaztera bainoago, ez galtzera zuzendutakoa. Herenegungo debatea da horren adibidea; apenas egon zen aurrez aurrekoetarako unerik, lehentasun osoa jarrita nork bere diskurtsoa azaltzean. Sei bakarrizketa, hiru orduko saioaren parte handi batean. Emaitza: 8.000 ikusle inguru, %1,5eko share-a eta borrokaldi nulua: botorik galdu ez, baina irabazi eskasak emateko modukoa.

Izan dira kanpainaren epeltasunaren beste adierazpide batzuk ere; oro har, pasio gutxi eragiteko moduko ekitaldiak egin eta gaiak landu dituzte alderdiek; botoa buruarekin eta ez bihotzarekin ematera bideratzekoak. Ez etorkizun hobe baten aldeko epikarik, ez jendetzarik —ezinbes- tean—, ezta garai batean boladan egon zen Aldaketa lelo handirik ere, eta kudeaketa diskurtso gehienen ardatzean: ekonomikoa, eta, orokorrago, baliabideena.

Hortaz, korrelazio zuzena egon daiteke kanpaina baten apatiaren eta ondorengo parte hartze apalaren artean, ez baitirudi barne produktu gordinaren portzentajeei buruzko eztabaidek jendetza mobilizatuko dutenik bihar zortzi. Eta, emaitzaren beraren zilegitasunean izan dezakeen eraginaz harago, parte hartzea handiagoa edo txikiagoa izateak eragin zuzena izango du herrialde bakoitzeko azken eserlekuak eskuratzeko lortu beharko den boto kopuruan. Edozein moduz, ikusteko dago kanpaina eredu horri eutsiko dioten alderdiek bihar, kanpainaren azken igandea izanik, eta datorren ostiralean, kanpaina bukatzeko ekitaldietan.

Elefantea eta markoa

Hala ere, antzeman dira jokaldiak. Bat, nagusia, EAJrena: jeltzaleen ezkertiartasunari buruzkoa. Ezaguna da George Lakoffen Don't think of an elephant liburua (Ez pentsatu elefante batean). Tituluak berak ezartzen du pentsamolde bat; irakurtzearekin batera, burura dator belarri handiko eta tronpa luzeko animalia, horretan ez pentsatzeko eskaera antzututa. Lan horren tesietako bat da nork bere markoa ezartzeko eta besteenean ez jokatzeko komenentzia, eta, alderdi guztiak horretan gogor saiatzen ari badira ere, oro har, Urkulluk ezker-eskuin ardatzarekin ezarritakoa da kanpainaren lehen astean nagusitu den joko zelaia.

Jokaldi hori arrakastatsua izan da neurri batean; EAJk bere burua kokatu duelako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak beren burua kokatzen duten eremu soziologikotik —zentro-ezkerretik— gertu, mezua erruz zabaldu delako, gainerako indarrak jokaleku horretara erakarri dituelako eta, horrela, kanpainan zentraltasuna irabazi duelako; gainera, PP+C's-en kasuan, Carlos Iturgaizek indartu egin du EAJren ezkertiartasunaren diskurtsoa, nabarmenduta Urkulluk ezkerretik aurreratu nahi dituela PSOE eta Unidas Podemos. Eskema horren aurrean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos mahai gainean jartzen ari direna: EAJ-PSE gobernua murrizketekin lotzen duena.

Jokalekuen lehian, ordea, beste fronte bat zabaldu zaio EAJri: atzo, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Osakidetzak ez zuela behar bezala bete langileen lan arriskuen prebentziorako araudia. Bezperan, Urkulluk berak eztabaidan adierazi zuen Jaurlaritzak COVID-19aren izurriari emandako erantzuna «bikaina» dela, baina epaileen ebazpena baliatu zuten atzo EH Bilduk eta PP+C's-ek EAJren posizioa higatzeko: «Ez du balio zortzietan txalo egiteak eta gero osasuneko profesionalak laguntza gabe uzteak. Ez du EH Bilduk esaten: sindikatu guztiek esaten dute», esan zuen Iriartek. Iturgaizek, berriz, Urkulluri eskatu zion Nekane Murga Osasun sailburua kargutik kentzeko, argudiatuta «osasun langileak babesgabe» utzi zituela. Herritarren epaia, bihar zortzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.