Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

HEZKUNTZA. Zentralizazio hotsak berriro

LOMCEren norabidean sakontzeko proposamenak dituzte Espainiako eskuineko alderdiek: errebalidak eta zentralizazioa. Beste alderdiek PPren lege hori gainditu nahi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ezegonkortasun handiko urteak izan dira Hego Euskal Herriko hezkuntzan. 2013an, Espainiako Kongresuko gehiengoa baliatuz, LOMCE legea onartu zuen PPk. Erroko aldaketak ekarri zituen hezkuntzaren esparrura; besteak beste, edukiak gehiago zentralizatzea —gai nagusiak Madrilek zehaztea— eta errebalidak ezartzea, irakastaldi bukaerako azterketak. Ez dago erabat indarrean LOMCE, PPk berak atal batzuk gelditu baitzituen, aurkako jarrerak ikusita. Mamua bueltan da, baina: zentralizazioa eta errebalidak aipatu dituzte PPk, Ciudadanosek eta Voxek.

Parlamentuko blokeoaren isla nagusietako bat hezkuntzan nabari da. Gogoan izatekoa da orain sei urte, LOMCE onartu zutenean, oposizio osoak elkar hartuta egindako iragarpena: ahal bezain laster bertan behera utziko zutela legea, eta beste bat egingo. Oraingoz ez dute eman pauso hori: bat datoz LOMCEren aurka, baina ez dute besterik ondu.

PSOEk hamar hilabete egin ditu Espainiako Gobernuan. Bozetara deitzeko atarian, otsail erdian onartu zuen LOMCE indargabetzeko lege proiektu bat. Oinarrian, aurreko egoerara itzultzea planteatu zuen Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak —PSE-EEren zerrendaburua da Araban—: errebalidak ezabatzea, Erlijioak kalifikazioetarako baliorik ez izatea, Madrilek edukien %55 zehaztea...

Aurreko LOE legean ageri ziren neurri horiek. Zelaaren proposamenean bazen euskal hezkuntzari eragin ziezaiokeen neurri bat: irakats-hizkuntza ezartzeko ardura erkidegoen esku uztea, eta ikastetxeek neurriak hartzea ikasleek hizkuntza ofizialetan «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

«Itun nazionalik» ezin egin

Zelaaren proposamena ezerezean geratu da oraingoz, astirik ez baitu izan parlamentuan onartzeko. Datorren legealdian zer gertatuko den, proposamen erabat desberdinak egin dituzte alderdi nagusiek, uztartzen oso nekezak. Hala gertatu zen orain hilabete batzuk: hezkuntzako «itun nazionala» egiten saiatu ziren, baina edukietan sartzean berehala zapuztu zen.

Programetan nabari da talka hori. PSOE eta Unidas Podemo s argi mintzo dira LOMCE bertan behera uzteaz; besteak beste, errebaliden kontra agertu dira. PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dute zuzenean aipatu LOMCE, baina haren neurri batzuk hartu dituzte proposamenetarako. PPk «izaera nazionaleko probak» aipatu ditu; Ciudadanosek, «selektibitate bakarra»; eta Voxek, «maila nazionaleko kontrol azterketak». Ezkerrekoak eskola publikoa lehenesteaz mintzo dira; eskuinekoek «familien askatasuna» jarri dute lehentasun gisara.

Edukiei dagokienez, lausoagoa da egoera. Eskuineko taldeek ez ezik, PSOEk ere aipatu du «balio konstituzionalak» curriculumean txertatzea. Unidas Podemosek eta sozialistek badute proposamen komun bat: hezkidetza sartzea curriculumean. Vox aurka dago, eta gurasoek muzin egiteko aukera legez bermatzea proposatu du. PP ere, bide beretik: «Ezkerraren esperimentazio eta ideologizazio tresna izateari utzi behar dio hezkuntza sistemak».

Madrilgo alderdien ika-mikaren erdian, EAJk Jaurlaritzaren eskumenak babestea jarri du lehentasun, eta LOMCE legea gainditzearen alde egin du, «kaltea» ekarri duelakoan. EH Bilduk lehentasunen artean jarri du hezkuntza legea bertan behera uztea, eta «sistema propioa» du aldarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.