Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Zerutik jausita bezalaxe

Vox alderdi ultraeskuindarra bazterrekoa da Euskal Herriko panorama politikoan, baina bat-batean kanpainan agertu da, eta giroa nahasi du. Atzo, ekitaldi bat egin zuen Irunen, protesta artean, baina ez zen istilurik izan.

Voxeko buru Santiago Abascal eta haren kideak, Sestaon. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Garai batean, Xabier Arzalluz EAJren EBBko presidente zenean, hauteskunde kanpainetan ezagun egin zen jauskari edo paraxutista izendapena, urte osoan agertu ez eta kanpainan euren alderdikideei babesa ematera Euskal Herrira etortzen ziren politikari espainiarrez aritzeko. Ez dago esan beharrik politikari horiek iraintzat hartzen zutela izendapen hori, eta horrelakoak esaten zituztenei «xenofobo» izatea leporatzen zietela orduan, supremazista hitza oraindik ez zegoen boladan.

Normalean, errealitateak erakusten zuen horrelako adierazpenak, batzuenak zein besteenak, kanpainan esan baina hauteskunde egunaren ostean ahaztuta gelditzen ziren ohiko purrustadak baino ez zirela, are gehiago tartean gobernu hitzarmena egin beharra suertatzen bazen. Baina argi dago zerutik jausitako guztiak ez direla berdinak. Kanpaina honetan, Vox alderdi ultraeskuindarra inataziaren moduan erori da euskal panorama politikoan, dena lokazteko asmoz. Euskal Herrian, bazterreko indarra da Vox, ordezkaritzarik gabea, baina iparraldeko frontean egindako balentriei Espainian atarramentu politikoa aterako dietela sinetsita, gorroto mezuak lau haizeetara hedatzeko prest dago.

Ostiral arratsaldean, herritar ugari bildu zen Sestaon (Bizkaia) mugimendu antifaxistak deituta, Voxek ekitaldia egin behar zuen plazaren inguruan. Azkenean, istiluak egon ziren, eta zenbait zauritu ere bai, horien artean Rocio Meer diputatu ultraeskuindarra, ustez harri batek bekainean jota. Ertzaintzak zenbait manifestari identifikatu zituen, ikertzen jarraituko duela iragarri du, eta ez litzateke harritzekoa izango datozen egunetan inor atxilotzea.

Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren hautagaiak atoan gaitzetsi zuen antifaxisten jarrera bere Twitter kontuan: «Voxeko diputatuari eraso egin diotenek aniztasunaren eta tolerantziaren aurka egiten dute. Demokrazia joko arauetan oinarritzen da, denok errespetatu behar ditugunak. Erasoa egin duten pertsona horiek ez dute legitimaziorik ezer eskatzeko eta aldarrikatzeko». Era berean, «bi muturren arteko dinamika» hori «susmagarria» begitantzen zitzaiola esan zuen EAJren lehendakarigaiak.

Atzo eguerdian Lekeition (Bizkaia) egindako ekitaldian, EH Bilduko hautagai Maddalen Iriartek Urkulluren «ekidistantzia» salatu zuen: «Herri honetan ere ez gaude faxismoaren gorakadatik salbu, eta adi egon behar dugu: Gernika bonbardatu zutenen aurrean tolerantziak ez du balio; herritar eta herri gisa ditugun eskubide guztiak kendu zizkigutenen aurrean ez du balio ekidistantea izateak».

Irunen (Gipuzkoa), berriro ere, tentsioa egon zen atzo, Voxen beste ekitaldi batean. Bere hitzaldi laburrean, protestan ari zirenen kontrako irainak jaurti zituen Voxeko presidente Santiago Abascalek, eta, «terroristak, gaizkileak eta astapotroak» deitzeaz gain, mehatxu egin zien: «Vox kaltegarria izango da zuen osasunarentzat». Protesta gisara, zenbait pertsonak edukiontziak errepide erdian jarri eta objektuak jaurti zituzten, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintzak espedientea zabaldu diela bi pertsonari, ordena publikoan desordenak eragitea egotzita.

Okerrena da egun bateko erauntsia izan zitekeena kanpaina osoaren ezaugarri bilakatzeko arriskua dagoela, alderdi ultraeskuindarrak ez duelako alferrik galtzen utziko bestela lortuko ez lukeen protagonismoa eskuratzeko aukera. Gaur, adibidez, Guardian (Araba) egongo dira; ekitaldia 12:30ean da, baina, haien asmoak argi uzteko-edo, jarraitzaileei 11:00etan herriko plazara joateko deia egin diete, «herritik paseo bat emateko».

Sozialisten gonbidatuak

Dudarik gabe, kanpainaren lehen egun hauetan PSE-EE da kanpoko gonbidatu gehien ekartzen ari den indar politikoa. Madrilen agintari izatea abantaila handia da sozialistentzat, horri ahalik eta etekin handiena atera nahi diote, eta hori nabari da antolatzen ari diren ekitaldietan. Kanpaina hasierakoan, Carmen Calvo Espainiako presidenteordea egon zen; ostiralean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa Portugaleten aritu zen; eta, gaur, Pedro Sanchez gobernuburua Donostian egongo da Idoia Mendia lehendakarigaiari babesa ematen.

Atzo Gasteizen egin zuen ekitaldian, Mendiak Maria Txibite Nafarroako lehendakaria izan zuen aldamenean, baina horrekin batera Errioxako presidente Concha Andreu ere gonbidatu zuen, inork okerreko ondoriorik atera ez zezan eta argi uzteko EAEko sozialisten iruditerian Nafarroa eta Errioxa parekoak direla «erkidego mugakideen» multzo horretan.

Mendiak «ezker arduratsuaren» eredutzat hartu zituen Txibite eta Andreu, «nazionalismo kontuetan endredatzen ez den ezkerra, gobernatzen eta arazoak konpontzen dakiena».

PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioak ere ez dio muzin egiten paraxutisten ekarpenari, eta atzo Bilbon egin zuten ekitaldira nor eta Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkatea ekarri zuten. Orain arte, Martinez Almeida ez da nabarmendu Euskal Herriko errealitateaz izan dezakeen ezagutzaz, baina, hala ere, ez zuen aukerarik galdu esateko nazionalismoak «logura edo gandu moduko bat» ezarri duela Euskal Herrian «erregimen identitario baten bidez», eta «euskal herritar onen eta txarren agiriak banatzen» aritzen dela. Carlos Iturgaiz hautagaiak, berriz, elkartasuna adierazi zion Rocio Meer Voxeko diputatuari: «Hemen ETAko gaizkileei omenaldiak egiten dizkiete, baina, 'gora Espainia' esan edo Espainiako ikurra eramaten baduzu, faxista nazkagarri bat zara»

Elkarrekin Podemos, berriz, eusten ari zaio ezkerreko alderdien elkarlanaren aldeko bere ildoari. Bilbon ekitaldi bat egin zuten telebistarako iragarkia aurkezteko, eta, han, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak esan zuen ezkertiarren batasuna «geldiezina» dela, eta horregatik Urkulluk «aurrerakoi mozorroa» jantzi behar izan zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.