Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Ezkerreko hanka herrena

EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE: ezkerreko indarren arteko aliantza baten bidez, Eusko Jaurlaritzan «gobernu aurrerakoia» osatzea proposatu du alderdi moreak, baina sozialistek baztertu egin dute hirukoaren aukera.

Aliantzarako prest. Jaurlaritzan hiruko «aurrerakoia» osatzea proposatu du Elkarrekin Podemosek. J. RODRIGUEZ / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Emozio gutxi egotzi diote hainbatek uztailaren 12ra begirako hauteskunde kanpainari. Ez bakarrik pandemia baten erdian izango direlako bozak, eta koronabirusaren agerraldi berriek alderdien proposamenek baino astindu handiagoa eragiten dutelako; eta ez bakarrik iritsia delako opor garaia, azken hilabeteetako estualdietatik burua zertxobait aldentzeko parada. Emozio gutxi egotzi diote kanpainari —eta bosgarren egunean jada luze egiten ari dela iradoki dute batzuek—, irudi bailezake asko dagoela erabakitzeko, baina gutxi aldatzeko; martxoko zein ekaineko inkestek patua marraztu izan balute bezala: gehiengo osora ere irits daiteke EAJren eta PSE-EEren arteko batuketa.

Segidaren aldeko apustua nabaria da jeltzaleen eta sozialisten tonuan, jarreran eta hitzetan: elkarri kritika zorrotzik egin gabe abiatu dute kanpaina; are, une batzuetan baita elkar babestuz ere. Atzo, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia konforme agertu zen PSEk GALen aurka agertu duen irmotasunarekin, eta Madrilera seinalatu zuen Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan: «Kongresuan dago arazoa». Halere, inkestek erakutsitako patuarekin ez erlaxatzeko deia egina dute jeltzaleek, Andoni Ortuzar EBBko buruaren ahotik batik bat: asteburuan behin baino gehiagotan aldarrikatu du botoek ematen dituztela aulkiak, ez inkestek.

Baina EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu koalizioa ez da matematikek uzten duten aukera bakarra. Inkestek aurreikusitako emaitzek atea ireki diote ezkerreko aliantza bati: EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PSEk osatutako hiruko bati. Elkarrekin Podemosen lehendakarigai Miren Gorrotxategik egina du proposamena behin baino gehiagotan, eta kanpaina hasi du bere burua eskainiz «zubi lana» egiteko, Madrilgo bideari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzan «gobernu aurrerakoi bat» osa dadin. Ildo horretan jardun zen atzo Pilar Garrido Podemoseko koordinatzailea: «Bi aukera ditugu: murrizketen eta austeritatearen eredua, ala herritar guztiei segurtasuna eta ongizatea emango dien eredua. Gizarte aurrerakoia eta ezkerrekoa gara, eta halako gobernu bat merezi dugu. Zerk eragozten du?».

Ereduak alderatzeko eskea egina du Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak ere, baina atzo dudan jarri zuen hirukoaren bideragarritasuna, Radio Euskadin emandako elkarrizketan: «Ematen du PSE eta EAJ elkarrekin aurkezten direla; ez dirudi PSE hemen politika progresistak egiten hasiko denik». Dena den, zenbakiek ahalbidetzen badute, prest agertu zen telefonoa astintzeko: «Nik beti deitzen diot mundu guztiari».

Koalizio abertzalearen arabera, sozialisten esku dago hirukoa, eta PSEk itxi egin zuen ate hori atzo. Eneko Andueza Gipuzkoako zerrendaburuari egokitu zitzaion argi hitz egitea gaiari buruz, Onda Vascan: «Batuketa bat baino askoz gehiago da politika». Beste bi alderdiekin sintonia gutxi dutela adierazi zuen: EH Bilduri aurpegiratu zion «orain gutxira arte herriaren etsaitzat» hartu izana, eta Elkarrekin Podemosi, berriz, sozialistez esan izana «eserlekuak okupatzeko» zeudela politikan. «Politikak, norbere koherentziarekin eta zintzotasunarekin ez ezik, ibilbide politikoekin eta proiektuekin bat etorri behar du. Eta nik argi daukat PSEren hautua ez dela Maddalen Iriarte lehendakari bihurtzea», berretsi zuen. Beste aukera bati erreparatu zion kazetariak: eta ezkerreko aliantza horrek Idoia Mendia jarriko balu lehendakari? Anduezaren erantzuna: «Besteei galdetu beharko litzaieke. Eskuzabala izan behar da beste alderdi bateko norbait lehendakari bihurtzeko, eta ikusi beharko litzateke ea prestutasun eta eskuzabaltasun hori duten. Nik zalantza dut».

Datozen egunotan ikusiko da ate hori itxita beste leihoren bat zabaltzen den, baina, oraingoz, hauteskunde programez hitz egiten hasi dira hautagaiak. Lehen asteburua gaindituta, abiadura betean sartu da kanpaina, eta ugaritu egin dira ekitaldi txikiak eta sektorialak. Egungo abagune sozioekonomikoari lotuta daude proposamen asko: COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean zer irtenbide duten azaldu beharko dute alderdiek. Atzo, EAJk «berrikuntza» izan zuen hizpide: urteroko inbertsioa handitzea hitz eman zuen. PSE enpleguaz mintzatu zen; Mercedesek Gasteizen duen lantegiaren aurrean, uko egin zioten autogintza eta klima aldaketa aurrez aurre jartzeari. EH Bildu pentsioez jardun zen: erretiratu guztiek gutxienez 1.080 euro jasotzea nahi du. Elkarrekin Podemosek, berriz, gardentasuna hartu zuen gaitzat, eta EAEn ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat eratzea proposatu zuen. Equok zaborren kudeaketari heldu zion: 2030erako zabortegi eta errauste planta guztiak itxi nahi ditu. Eta PPk, gaitegi propioa haizatuta, «okupen aurkako lege bat» agindu zuen.

Iparraldeko ispilurik gabe

Ipar Euskal Herriko bozek, ordea, aipamen gutxi jaso zituzten EAEko kanpainan atzo. Twitterreko jarioaren arabera, EH Bilduko hautagaiek baino ez zieten Euskal Herriko beste hauteskundeei begiratu, emaitzak txalotzeko: hainbat udaletako aginte makila eskuratu baitute ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrenda herritarrek, neurri batean, azken urteetan egindako artikulazio lanaren ondorioz.

Denbora tarte labur batez bat egin dute Ipar Euskal Herriko herri bozek eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainak. Aldi berean, baina uztartu gabe. Besteak beste, bateko eta besteko jardun politikoak urrun samar geratzen zaizkielako herritarrei, eta Hegoaldetik gero eta gutxiago begiratzen zaiolako Iparraldeari. Baina, agian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeei falta zaien emozioa jarri dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bozek: bazegoen zer erabaki eta zer aldatu. Eta, Iparraldeko hauteskunde sistema oso bestelakoa izan arren, agian, ezkerreko indarren arteko aliantza bat nola eraiki hausnartzen ari direnek ustezko periferian izan dezakete zer begiratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.