Gure Esku-k urratsak eskatu ditu erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko

Plataformak nabarmendu du euskal herritarren %70 erreferendumaren alde daudela. Batzar irekiak egingo dituzte bide orria partekatzeko

Gure Esku-ko kideak, atzo, Eusko Legebiltzarraren aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Egungo euskal herritarron gehiengoak bere etorkizuna aske erabaki nahi du». Hala azaldu du Gure Esku plataformak Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko agerraldian. Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez bozeramaileek adierazi dute euskal herritarren %70 erreferendum bat egitearen aldekoak direla, eta bide horretan aurrerapausoak emateko eskatu diete alderdi politikoei: «Hemen gaude ordezkari politikoei esateko har dezatela behingoz erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko bidea».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriaren inguruko eztabaida tarteko, hura «gauzak aldatzeko mugarri» izan daitekeela defendatu du Gure Esku-k. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo du erabakitzeko eskubidea eta herritarren parte hartzea ardatz gisa hartzea: «Horiek dira gure marra gorriak».

Plataformak adierazi duenez, datozen asteetan proposamen horiek aurkeztuko dizkiete Eusko Legebiltzarreko alderdiei —ez dute Voxekin biltzeko asmorik—, herritarren artean «adostasun esparru» dena «jardun politiko-instituzionalean» ere hala izateko esperantzarekin. Modu berean, «bere garaian hasitako bidetik» ez urruntzeko eskatu diete politikariei, EAJk eta EH Bilduk 2018an erabakitze eskubidearen alde adostutako akordioari erreferentzia eginez. Hura urrats garrantzitsua izan zela adierazi du Gure Esku-k, baina, era berean,ordutik aurrerapauso gehiago eman ez izana kritikatu du: «Hilabete asko pasatu dituzte itzulinguruka, aurrerapauso handirik eman gabe, eta orduan erakutsitako jarreretatik gero eta urrunago».

Jarrera horren aurrean, subiranotasunaren aldeko aldarria egin du Gure Esku-k, eta gehitu herritarrek «behin eta berriz» jasan dituztela «burujabetza gabeziaren ondorio larriak», hala nola COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketan. «Agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua», azaldu dute bozeramaileek, Madrilek eta Parisek izan duten rola nabarmenduta. Beraz, aferan sakontzeko beharra inoiz baino handiagoa da, haien ustez.

Herritarrak «motor»

Aurrerako bidea herritarren, eragileen eta instituzioen arteko elkarlanean egiteko asmoa ere adierazi dute. Halere, azken horiei jakinarazi diete ez dutela asmorik haien «erantzunaren zain» geratzeko: «Ez dugu onartuko ez blokeorik, ezta gehiengoaren borondatearentzako betorik ere». Izan ere, herritarrak «motor» bihurtzeko urratsak iragarri dituzte. Esaterako, datozen asteetan batzar irekiak egingo dituzte eskualdeetan, «bide orria partekatzeko» eta helburuen bila «ahalik eta jende gehien batzeko».

Era berean, erreferendumaren aldeko sinadurak biltzen jarraituko du plataformak, abenduaren 31ra arte: «Datorren urtearen hasieran, milaka eta milaka sinadura eskuan, erakundeak interpelatuko ditugu erabakitzeko bidea arautu dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.