Turkia. Presoak

Turkiak artatu gabe dauzka larri gaixo dauden ehunka preso

Zazpi preso eri hil dira azken hilabetean. Iaz 65 izan ziren hildakoak. Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteak salatu du 1.605 preso daudela gaixo; horietatik 604, larri

Soldadu turkiar bat, Aliagako espetxe atarian, Izmir hirian. ERDEM SAHIN / EFE.
Istanbul
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Azken hilabetean, gaixo zeuden zazpi preso hil dira Turkian, eta giza eskubideen elkarte batzuk eta gizarte zibila Askatu preso eriak leloa plazaratzen hasi dira eztabaida publikoan. Datua larritzekoa da oso: 2021ean 65 preso hil ziren, eta agerian geratu da zer-nolako arazoa dagoen osasun artaren aldetik espetxeetan. Turkiako agintariek urteak daramatzate arazo hori arrastaka. Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteak (OHD) batzorde bat dauka kartzeletako egoera behatzeko, eta batzorde horrek ohartarazia du egunetik egunera gero eta preso gehiago daudela gaixo handi. «Detektatu dugu 1.605 preso daudela eri; horietatik 604 larri daude, eta kartzelatik kanpo arta ditzaten behar dute. Datu horrek ezin hobeto laburbiltzen du nola dauden gauzak», azaldu du OHDko abokatu batek, Gurkan Isteklik. «Preso eri horietako gehienak arrazoi politikoengatik daude zigortuta. Preso bati arta ematen ez bazaio, argi eta garbi urratzen dira haren eskubideak», erantsi du.

Abendu erdialdean, Halil Gunes minbiziz hil zen Diyarbakirko espetxean, herrialdearen hego-ekialdean, bost egun bakartuta igaro ondoren. 2014tik, haren abokatuek zenbait txosten aurkeztuak zituzten haren osasunaren berri emateko, baina fiskaltzak, agiri batean, adierazi zuen Gunesek espetxean segi zezakeela gaixo egonda ere. Eta Abdulrezzak Suyurri ere beste hainbeste gertatu zitzaion: egun berean hil zen, Izmirko kartzelan. Asma larria zuen, eta biriketako minbizia diagnostikatu zioten duela hiru hilabete. Abokatuek tratamendua emateko eskatu zuten, baina ez zioten eman.

Zenbait abokatu bat datoz jokabidea beti bera dela autoritateek kondena atzeratzea eta libre geratzea ukatzen dieten preso eri larrien kasu guztietan. Gaixoaren abokatuek auzitegi medikuen txosten batzuk aurkezten dituzte beren bezeroak osasun arrazoiengatik kartzelan segitu ezin duela egiaztatzeko; batzuetan, Turkiako Giza Eskubideen Elkartearen eta Medikuen Elkargoaren txosten independenteak ere aurkezten dituzte, osagarri. Justizia Ministerioak, berriz, auzitegi medikuen beste txosten bat aurkezten du, adierazten duena presoa osasun onean dagoela eta ez dagoela motiborik haren sententzia atzeratzeko. «Ez du zentzurik halako txostenak etengabe kontrajarriak izateak, giza eskubideen elkarteen agiri independenteak aurkezten baitira. Aspalditik gertatzen ari da hori, eta ikusten ari gara nola preso ugari hilkutxa barruan ateratzen diren azkenean espetxetik», kontatu du Reyhan Yalçindag abokatuak. Aysel Tugluken kasua darama Yalçindagek, HDP kurduen aldeko ezkerreko alderdiko diputatu izandako batena. 2016tik dago kartzelan, eta Turkian alderdi kurdu bateko lehen buruzagi emakumezkoa izateagatik ezaguna da. Dementzia larri batek hartu du, eta txosten ugaritan ziurtatua dute premia duela kartzelatik kanpo tratatua izateko. «Gaixotasun kroniko bat dauka; ezin da sendatu, eta okerrera doa. Ez da bere kabuz moldatzen. Kartzelako administrazioak berak ikusia du hori», azaldu du haren abokatuak.

Tugluk askatzeko kanpaina

Tugluki ama hil zitzaion 2017an, eta haren hiletan gertaturiko gauza traumatiko baten ondotik hasi zen sintomak izaten. Diputatu ohiak egun bateko baimena lortu zuen Kocaeliko kartzelatik —Turkiaren ipar-ekialdean— Ankara hiriburura joateko. Ehorzketan, baina, talde ultranazionalistako ehun bat kideko aldra bat azaldu zen kanposantura, makilak eta traktore bat hartuta, Tugluken ama lurperatu ez zezaten. «Ez dugu nahi hemen terroristarik lurperatzea!» eta halakoak oihukatuz, eraso ere egin zioten ehorzketara joana zen zenbait jenderi, tartean hildakoaren zenbait senide eta HDPko diputatu batzuk. Jazarpena ikusita, eta Tugluken amaren hilobiari eraso egingo zioten beldurrez, azkenean gorpua hobitik ateratzea erabaki zuen familiak, eta beste hiri batean egitea hileta. Horretara, ordea, ezin izan zen joan diputatu ohia. Erasoaren egileetatik, berriz, zazpi baino ez zituzten atxilotu.

«Eraso hark inpresio handia eragin zion oroimenean. Orain, gaixotasunaren ondorioz, ez da kapaz bere kabuz bizitzeko. Zenbait auzitegi medikuk hilabeteak daramatzate haren kasua aztertzen, eta esaten dute ezin duela espetxean jarraitu. Hiltzeraino abandonatu balute bezala da»,azaldu du Tugluken adiskide batek, Çigdem Aksoyk. Hain justu, hura askatzeko kanpaina bat abiatu du Aksoyk sare sozialetan, beste batzuekin batera. BERRIAk elkarrizketa bat eskatu dio Justizia Ministerioari, diputatu ohi kurdua askatzeko eskarien inguruan zer ikuspegi duen jakiteko, baina hark ez dio erantzun.

2016an atxilotu zuten Tugluk, haren alderdiko beste hamaika diputaturekin batera, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten zenbait diskurtsotan eta ekitalditan terrorismoaren apologia egitea leporatuta. Agintariek uste dute PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren propaganda egiten zuela, Turkian «antolakunde terroristatzat» jota dagoen gerrilla kurduarena. Harrezkeroztik, F motako kartzela batean daukate: bakarkako zeldak dauzkate halako espetxeek, eta erakunde humanitarioek sarri kritikatu izan dituzte, presoak bakartuta edukitzen dituztelako.

Diputatu ohi horren abokatuek, duela bi hilabete, Kocaeliko Medikuntza Institutuko auzitegi medikuen txosten bat bidali zuten Justizia Ministeriora, adierazten zuena Tuglukek ezin duela giltzapetuta segitu, baina fiskaltzak Istanbulgo Auzitegi Medikuntza Institutuaren txosten bat aurkeztu du, esaten duena Tugluk ondo dagoela osasunez. «Ez gara eskatzen ari Tugluki lehentasunezko tratua emateko, baizik eta, besterik gabe, legea aplikatzeko. Argi dago espetxean hiltzeko arriskuan dagoela», azaldu du HDPko diputatu Hisyar Ozsoyk. «Gure alderdiko buruzagiak bisita egin zion duela gutxi, eta ikusi zuen ez dela gai ezta paper puska bati eusteko ere. Begi bistakoa da agintariek nahita ezarritako politika bat dela», gehitu du.

Alderdi horretako beste diputatu batek, Omer Faruk Gergerliogluk, Kocaeliko espetxean grabatutako bideo bat argitaratu du Twitterren, Tugluk libre utz dezatela eskatzeko, eta zera zioen txioan: «Aysel Tugluki lehenbailehen justizia egiteko exijitzen dugu. Buka dadila haren aurkako jazarpena, egin dadila justizia». Bada, txio hori argitaratu eta biharamunean, Gergerlioglu ikertzen hasi zen fiskaltza, egotzita estatua eta haren organoak laidoztatu dituela, autoritateen erabakietan eragiten saiatu dela, eta legez kanpoko ekintzak goratu dituela. Fiskaltzaren iragarpena ikusita, emakumezko ekintzaile batzuek nazioarteko kanpaina bat hasi dute mila sinadura biltzeko Tugluk askatzearen alde. «Ez dugu berandu ibili nahi hura salbatzeko orduan». Urtarrilaren 11n abiatu zuten ekinaldia, eta mundu guztiko 6.000 emakumek baino gehiagok sinatu dute. «Espero dugu presio sozialak eragina izatea. Alde horretatik, uste dut lan sozial orok balio duela», esplikatu du kanpaina horretako ekintzaile Çigdem Aksoyk.

Pandemiarekin, okerrago

Giza Eskubideen Turkiako Elkarteak, txosten batean, salatu du koronabirusaren pandemia hasi zenetik «lehen halako sei» preso daudela gaixo, espetxeetan ez delako neurririk hartu, ezta tratamendurik eskaini ere. Autoritateen ezkutukeriaren erakusgarri, dena den, datu publikorik ez da argitaratu: ez zenbat preso kutsatu diren, ez zenbat hil diren, ez zenbat txertatu dituzten berriki.

«Turkian errepresio politiko izugarria dago, eta agintariek presoak tratatzen dituzten moduan islatzen da hori. Pandemia hasi zenetik, gauzek okerrera egin dute. Oso zaila da presoen inguruko informazioa lortzea, eta, askotan, diziplina zigorrak ezartzen dizkiete, eta ez diete uzten telefonoz deitzen ere», azaldu du Ozsoyk. Pandemiak beste arrazoi batengatik ere jarri ditu espetxeak agerian: kartzelatuta dagoen jendetzagatik. Hain zuzen, Turkiak du biztanle espetxeratuen per capita tasarik handiena, Europako Kontseiluko kide diren herrialdeen artean: 357 bat preso 100.000 biztanleko. Eta ez dago behar adina kartzela guztiak giltzapetzeko. Duela gutxi, gobernuak iragarri zuen hamar bat kartzela eraikitzekoa dela, gaur egungoak gainezka daudela eta. Duela bi urte, 300.000 lagun zeuden preso, hots, kabitzen ziren baino askoz gehiago; izan ere, Justizia Ministerioaren datuen arabera, 233.000 presorentzako lekua dago berez.

Amnistia

2020ko apirilean, AKP alderdi islamistaren gobernuak, MHP alderdi ultranazionalistaren botoen laguntzaz, amnistia lege bat onartu zuen 90.000 preso askatzeko, kartzeletan lekua egiteko, eta koronabirusa ez kutsatzeko prebentzio neurriak hobetzeko.

Lege horretatik kanpo utzi zituzten terrorismoarekin zerikusia izateagatik zigortutakoak, hots, arrazoi politikoengatik preso sartutakoak. Epaiketa egiteko zain dauden presoak ere kanpoan utzi zituzten, hala nola Selahattin Demirtas HDPko buruzagi izandakoa eta Osman Kavala ekintzaile eta filantropoa, zeina sententziaren zain kartzelatuta baitago 2017tik. Beste zenbait, aldiz, tartean lapurretagatik, droga trafikoagatik edo indarkeria matxistagatik kartzelatutako batzuk, libre geratu ziren: besteak beste, Alaattin Çakici, mafia ultranazionalista bateko buruzagia, 70eko hamarkadan ezkerreko dozenaka ekintzaile erailtzeagatik kondenatua, baita emazte ohia hiltzeko sikario bat kontratatzeagatik ere.

Oposizioko alderdi batzuek eta giza eskubideen aldeko zenbait erakundek kritikatu egin zuten neurria, eta salatu amnistia lege horretatik bazter geratu zirela ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik, artikuluren bat idazteagatik edo sare sozialetan esandakoengatik kartzelatutako milaka preso. Askatasunaren Aldeko Abokatuen Elkarteko kide horren ustez, 2020ko amnistia legeak eta halakoek berriz ere agerian utzi dute nola tratatzen dituzten ezberdin arrazoi politikoengatik preso sartutakoak. «Gobernuak, beti, gertatutakoak ukatzen ditu auzi honetaz jarduten duenean, zeren arazoa kudeatzen hasteak ezinbestean ekarriko bailuke onartzea arazo bat dagoela. Estatuarentzat, legearen etsaiak dira preso politikoak», amaitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.