Koronabirusa

Elkartasuna antolatu guran

Pandemia hasi zenetik, mila bat lagunek deitu dute Bizkaiko Gurutze Gorrira, eta beren burua eskaini boluntario aritzeko. Elikagaiak etxerik etxe eramatea da haien zereginetako bat.

Gurutze Gorriko boluntarioak, poltsak furgonetan sartzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Mugimendu handia dago Gurutze Gorriak Bilbon duen egoitza nagusian, baina, boluntarioek aitortzen dutenez, ordu batzuk lehenago handiagoa izan da. Handik bideratzen dira Bilboko zenbait etxetan banatzen dituzten paketeak. Izurritea hasi zenetik, boluntarioen joan-etorria etengabea izan da; orain, bi lagun baino ez daude, paketeak eta janariz beteriko poltsak atontzen.

«Gurutze Gorriari zuzenean deitzen diotenen eskariei erantzuten diegu, baina aldundia, udalak eta gizarte zerbitzuak ere jartzen dira gurekin harremanetan», esan du Hanneke Maite Heuseveldt-ek, Gazteriaren Gurutze Gorriak Bizkaian duen koordinatzaileak. Zerbitzua jasotzen duten gehienak adinekoak dira, 70 urte baino gehiagokoak, eta guraso bakarreko familiak eta diru sarrera urriak dituztenak ere badaude. Egunero, 30 bat etxetara eramaten dituzte poltsak.

Prozedura sinplea da: goizero, 08:45ean, boluntarioak supermerkatura joaten dira eskatutako produktuak e skuratzera kasu batzuetan, zenbait enpresak emandakoez hornitzen dira. Gero, produktuak poltsetan sartzen dira, eta 10:30 aldera beste boluntario talde batzuk iristen dira, poltsak auzoetara eramango dituztenak. Lau furgoneta dituzte lan horiek egiteko.

Gaur, berrikuntza bat dago: janariz beteriko poltsez gain, tabletak atontzen eta horietan bideo deiak egin ahal izateko programak instalatzen aritu dira, gero banatzeko: «Orain umeak etxean ari dira eskolak jasotzen», azaldu du Heuseveldtek.«Baina haietako askok ez dute behar bezalako baliabide teknikorik. Gaur janarien banaketa amaitzen dugunean, ume horiei tabletak eramango dizkiegu, eta boluntario batzuk prest daude etxeko lanekin laguntzeko ere».

Txelo Lopez Paris (Donostia, 1983) Bizitegi elkarteko boluntarioa da. Bazterturik daudenak gizarteratzen lan egiten du Bizitegik, baina koronabirusaren pandemia iritsi zenean zereginik gabe gelditu, eta Gurutze Gorrian eman zuen izena; han aritu da krisia hasi zenetik. Orain, bera arduratzen da produktuak erosteaz eta horrek dakarren kudeaketa guztiaz: «Normalean, oso gauza oinarrizkoak izaten dira: olioa, arroza, pasta eta abar. Etxean umeak daudela baldin badakigu, bestelako produktuak ere sartzen ditugu, txokolatea, adibidez. Jendea oso arduratsua da eta ez du gauza berezirik eskatzen».

Lopezek dioenez, zerbitzua jasotzen dutenek estimatzen dute emandako laguntza: «Guk ez dugu haiekin kontaktu zuzenik; poltsa ate aurrean utzi, txirrina jo eta ireki aurretik joan egiten gara. Baina badakigu jendeak esker onez hartzen duela gure lana, baten batek hona deitu duelako».

30 dei egunero

Lehenagotik ere, Txelo Lopezek bazuen eskarmentua boluntario lanetan, baina orain arte aritu gabeko gazte askok ere jo du Gurutze Gorrira eta beste elkarte batzuetara, laguntzeko prest daudela esateko. Bizkaiko Gurutze Gorrian, esaterako, mila lagun inguruk bere burua eskaini du, eta oraindik ere egunean 30 bat dei eta mezu elektroniko jasotzen dute, zertan lagun dezaketen galdetzen duten pertsonenak.

Hori da, esaterako, Nikola Zalduegiren kasua (Bilbo, 1995). Astebete baino ez darama elikagaiak banatzen; aurreko egunetan, antzeko zereginean aritu da, baina botikekin: «Hura apur bat desberdina zen; paketeak farmazian prestatzen zituzten, eta guk ez genuen ezer ukitzen. Poltsak itxita zeuden, eta gu bikoteka joaten ginen, poltsa hartu eta haiek emandako helbidera eramateko».

Orain, besteak beste, elikagaiak erosten eta furgoneten ibilbideak zehazten dihardu: «Pozik nago, eta hemen gelditzeko gogoz», aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.