Juan Carlos Mujika. Opus Deiko komunikazio arduradun ohia

«Ez dugu asmatu Opus Dei hemen txertatzen»

Egun erretiratuta dago, baina duela urte batzuk Hego Euskal Herriko 700 eragile inguru elkarrizketatu zituen, euskal gizarteak Opus Dei nola ikusten duen ezagutu nahirik. «Ni joaten nintzen entzutera, ez esaten zena epaitzera». Lan haren emaitza kontuan hartua izan dela azaldu du.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
joxerra senar
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Bizi proiektu egokia zela ikusi nuen». Gaztetan fede krisialdi bat izan ostean, «kristautasuna askoz hobeto ezagutu», eta 23 urterekin egin zen Opus Deiko numerario Juan Carlos Mujika (Donostia, 1956). Urteetan Arabako Diputazioan eta Eusko Jaurlaritzan lan egin eta kargu publikoak izan ostean, 2006an, Opus Deiren Euskal Herriko komunikazio bulegoko ardura hartu zuen. Lan horretan, 700 eragilerekin elkartu zen banaka, euskal gizarteak Opus Dei nola ikusten duen aztertzeko asmoz. Egun, erretiratuta dago, baina txosten hura izan du hizpide.

Ikusi gehiago:OPUS DEI, 70 URTEKO ARRASTO ISILA

Nola ekin zenion azterlan hari?

Komunikazio bulego baten beharra bazegoela bazekiten, baina ez zekiten zer egin. Planteatu nien: «Zergatik ez dugu baliatzen bulegoa Euskal Herrian nola gauden jakiteko?». Konforme zeuden, eta askatasuna eman zidaten.

Zergatik hartu zenuen Hego Euskal Herria?

Opus Dei zenbait eremutan banatzen da, eta hemengoak Euskal Herriko eremua hartzen du (Iparraldea kontuan hartu gabe). Burua Iruñea da.

Nola ekin zenion?

Lanaren ardura enpresa bati emanez gero, ziurrenik hiru hilabeteren buruan txosten mardul bat pasatuko zidan. Beste aukera zen nik elkarrizketak banan-banan egitea. Ez zegoen presarik. Elkarrizketak txosten batek ez dituen ñabardura ugari ematen dizkizu, eta beste abantaila harreman pertsonala da. Bost talde handi sailkatu nituen: komunikabideak, alderdi guztietako politikariak, iritzi sortzaileak, erakundeak (unibertsitateak, fundazioak...) eta Eliza barruko jendea.

Nola eraiki zenuen konfiantza hori elkarrizketak egiteko?

Dena gardentasunez egiten nuen. Aurkezpenetara eta ekitaldietara joaten nintzen. Zertan nenbilen azaldu, eta %99k baiezkoa eman zidaten. Orotara, 700 pertsonarekin bildu nintzen.

Iritzi horiek bilduta, zer ondorio atera zenituen?

Argazkiak bi alde ditu. Indarguneei dagokionez, batetik, profesionaltasuna. «Unibertsitate ona duzue», esaten dizu jendeak. Inori aholkatuz gero seme-alabak hara eramateko badaki asmatuko duela. Klinikari dagokionez, zer esanik ez. Ikastetxeek ere badute izen ona. Bestetik, esaten ziguten harremanetan motzean gehiago irabazten dugula taldeka baino.

Eta gabeziak zein dira?

Askotan entzuten nuen: zuen gauzetan sartuta zaudete, eta zirkulu herrikoietan ez zaudete. Analisi horretan, EAE eta Nafarroa bereiziko nituzke. Nafarroan, unibertsitatea asko handitu da, eta kanpotik jende asko etorri da. Haren inguruan antolatzen dute bizitza, eta horrek burbuila batean egoteko arriskua ematen du. Erkidegoan ez da hori gertatzen, sakabanatuago baitago jendea.

Euskal Herriak baditu bere berezitasunak: abertzaletasuna eta euskara. Parlamentuaren osaera horren isla da, nahiz eta horretan ere Nafarroaren eta EAEren artean diferentziak izan. Batean eta bestean ez dugu lortu ikastola bat bera ere edukitzea. Handia den gizarteko sektore zabal hori baztertua da, eta hori arazo bat da.

Ez dirudi euskal gizartearen sektore horrek Opus Deira gerturatu nahi duenik, ez eta alderantziz ere. Zergatik ikusten duzue arazo gisa?

Opus Deiren DNAren arabera, sektore guztietara zabaldu behar da. Nafarroan, jende asko kanpotik etorri da, eta euskara zerbait arrotz gisa ikusten dute, baina logikaz ez luke hala izan behar. Opus Dei bezala, lurraldean txertatu behar zara. Ez dugu asmatu.

Ikusten du hori erakundeak?

Urratsak egiten ari dira hori aldatzeko, baina sekulako erronka da. EAEn Hezkuntza lege berria lantzen ari dira, eta barruan gogoeta prozesu batean daude ikusteko hamar urte barru zer eredu izan behar duten ikastetxeek, nola nahiko luketen izatea eta zer familia motarengana iritsi behar diren hori lortzeko.

Zer beste gabezia zeuden?

Sentsibilitate sozial falta.

Txostenak zerbaiterako balio izan du?

Bere ondorioak izan ditu. Nafarroako Unibertsitatean irekiera bat eman da. Handitu eta gehitu egin dira harremanak alderdi guztiekin. Beste kontu interesgarria: elkarlana. Egun, Nafarroako unibertsitate sistemaz hitz egiten da unibertsitateaz beraz baino gehiago. Ez dut esan nahi bat eginda daudela NUPekin, baina lan egiten ari dira ikuspegi bateragarri batetik. Medikuntzan, parekoa; ikerkuntzan, parekoa.

NUP publikoa da, eta lurraldearen beharrei begirakoa. Nafarroako Unibertsitateak ez al du lurraldetik kanporako helburu hori?

Ez dira ikuspegi bateraezinak. Nafarroako Unibertsitatearen ikuspegi globala eta inplikazio lokala bateragarriak dira. Hor dago sekretua. Beste gauza on bat izan da Nafarroako Unibertsitatearen Museoa. Nik uste dut hurbildu egin duela hiria unibertsitatera. Kulturak harresi asko botatzen ditu, eta museoaren funtzioa oso garrantzitsua izan da. Programazio onak, irekiak, ausartak. Falta zen zubi hori, eta hasi da eraikitzen zubiaren zati bat.

Eliza barruan sektore batzuk Opus Deiren presentzia kritikatu izan dute. Nola dago egun?

Auzo berri batera zoazenean, mesfidantza sor dezakezu. Elizan ere hori gertatu zen Opus Dei sortu zenean. Pausoak eman ditu beti, egitura horren barruan egoteko. Beti egon da integratuta.

1982tik prelatutza bakarra izan da Elizan, baina Francisco aita santuak erreforma aurkeztu du. Nola hartu duzue?

Toki batetik bestera mugitu gaituzte. Sail batean geunden, eta orain bestean. Zerbait gehiago den ez dakit. Dena den, gehiengo handi bat kide laikoak gara.

Euskal Herrian indar handiagoa du egun?

Duela 50 urteko Euskal Herria euskalduna eta fededuna zen. Krisialdia etorri da Eliza osora, Europan. Tirabirak beti izan dira: nork agintzen duen, nor dauden hemen gehiago... Merkatua murriztu egin zaigu, eta, batzen gara, edo ez dago besterik. Indarra hemen? Ez ba. Gero eta gehiago ari gara joera bateragarri batekin.

Opus Deik proselitismoa egiten du kide berriak bilatzeko, eta maiz kritikatua izan da, batik bat adin txikikoen artean hori egiteagatik. Hori aldatu duzue?

Opus Dein sartzeko, lehen pausoa emateko, 18 urte behar dituzu. Behin-behineko lehen urratsa da, urtebete pasatuta zalantzak izanez gero, hor amaitzen delako. Edo Prelatutzak ez du egoki ikusten. Behin betiko sartzeko, bost urteko ibilbidea egin behar da. Badago tartea erabakitzeko.

Eta irteteko askatasuna dago?

Bai. Batzuetan, duela urte asko, gauzak ez ditugu oso ongi egin. Jende bat zaurituta utzi dugu. Hor ere ikasi dugu pertsona erakundearen aurretik jarri behar dugula beti. Horregatik, Prelatutzak barkamena eskatu du. Gure hanka sartzeetatik ikasten ari gara.

XXI. mendeko gizarte honetan, zer lortu nahi du Opus Deik?

Elizaz eta Opus Deiz hitz egiten denean, dena da zer gertatu den, etorkizuna, egitura, helburuak... Baina, askotan, ez da hitz egiten mezuaz. Nire ikuspuntua emango dizut. Bakoitzak izan behar du bizi proiektu bat, nahi duena. Niretzat, proiektu ona izateko, galdera sakonei erantzun behar die, eta ilusioa eman behar dizu goizero. Gehiago edo gutxiago atsegin, Elizak badu proiektu hori. Elizak dio zure inguru txikian bake eta alaitasun gune bat lortzeko, eta etsaiak ez daudela kanpoan, zure barruan baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.