Ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lehen pausoa eman du legebiltzarrak

jon olano
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamena tramiterako onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak. PPk ez beste indar politiko guztiek babestu zuten proposamena. Abstentziora jo zuen Alfonso Alonso buru duen alderdiak. Testuak aurrera egin dezan, moldatu egin dute aurrena; jatorrizko proposamenaren arabera, bulegoak Jaurlaritza, diputazioak eta udalak kontrolatzeko gaitasuna izan behar zuen, baina, orain, bulego horren eskumenen artean ez da egongo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak aztertzea, diputazioen eskumenak ez urratzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak eta erakunde publiko autonomikoak egongo dira bulegoaren kontrolpean.

Izan ere, diputazioek Euskal Autonomia Erkidegoko Ebazpen Batzordera jo zuten, argudiatuta bitarteko propioak dituztela ustelkeriari aurre egiteko. Batzorde horrek uztailean erantzun zuen proposamenaren 53 artikuluetatik zazpi moldatu behar zirela, aldundien eskumenak errespeta zitezen.

Proposamenak «ustelkeria ikertu eta zigortzeko duen garrantzia» azpimarratu du Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak, eta dei egin die gainontzeko alderdiei tramitazioa ez oztopatzeko, bulegoa 2020an lanean has dadin: «Bulego horrek legez kontrako jarduera ustelei eta praktika desegokiei jazarri, haiek ikertu eta zigortzea ahalbidetuko du». Ugarteren hitzetan, «Ebrotik gora ere baditugu konpontzeko gauza anitz, hala nola De Miguel auzia, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa, Bidegi auzia eta beste hainbat kontu, eta guk beti esan dugu epaitegietatik harago kontrol publiko eta administratiboa ere behar dugula».

Nafarroan, iazko maiatzean onetsi zuen parlamentuak ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea, gehiengo zabalez: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNren aldeko botoa izan zuen, eta UPN eta PPNren abstentzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.