Albistea entzun

Koronabirusa

Hirugarrena, duda artean

Irekia da txertoaren hirugarren dosia emateko bidea. Osakidetza hasia da orduak ematen; aurki ekinen dio Osasunbideak; Iparraldean, heldu den astean. Immunoeskasia dutenentzat da.
Pfizerren txertoaren dosi bat, erizain baten eskuetan.
Pfizerren txertoaren dosi bat, erizain baten eskuetan. MARC O'SULLIVAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko irailak 10

Sarritan esana da garaipena hirugarrenean datorrela, eta, oro har, inork gutxik egiten dio kontra esamoldeari. Ordea, txertoen testuinguruan, bada alderik. Hilabeteak dira SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzeko balizko premia osasun agintarien eztabaidagai dela. Nazioartean, herrialde batzuek jadanik egin dute hura jartzearen aldeko urrats irmoa, eta hasiak dira ziztak jartzen. Israel izan zen goiztiarrenetakoa pausoa ematen: uztailaren hondarrean ekin zion Pfizer-BioNTech etxearen txertoaren hirugarren dosia jartzeari, 60 urtetik gorakoekin. Euskal Herrian, berriki ailegatu dira erabakiak: Hegoaldean, immunoeskasia dutenek eta kimioterapian direnek atzotik har dezakete hirugarren ziztada. Osakidetza hasia da herritarrei deitzen, 4.500i eman nahi die hitzordua, eta Nafarroako Gobernuak esan du «ja» hasiko direla zeregin horretan. Iparraldean, zahar etxeetako egoiliarrak hirugarrenez txertatzen hasiko dira astelehenean. Edonola ere, urratsak urrats, dudek kutsatua iritsi da hirugarren dosia.

Gaitzarengandik babesteko immunitate sendoa lortzeko hirugarren dosirik behar ote den, horra ika-mika piztu duen galderetako bat. EMA Sendagaien Europako Agentziak hainbat alditan ondorioztatu du biztanleria orokorrarentzat ez dela beharko horrelakorik, nahiz eta «gero eta argiago» ikusten duten bide hori irekitzea mesede dela immunoeskasia dutenentzat. Iritzi bertsukoa da Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea: «Ikuspegi zientifikotik, ez dago guztiok hirugarren dosia behar dugula baieztatzeko ebidentzia nahikorik». Halere, EMAren ustea bere eginez, Galarragak esan du immunoeskasia dutenak «salbuespen» izan daitezkeela, kasu horietan ja ikusi baita beti ez dela aski bi dosirekin. «Ikerketak egin dituzte, adibidez, transplanteak egin dizkieten pazienteekin, eta erantzun immunitarioa aski apaltzen da».

Bestalde, Galarragak garrantzitsutzat jo du aintzat hartzea zer neurgailu erabiltzen diren txertoek ematen duten babesa aztertzeko. «Probarik ohikoena antigorputzak neurtzen dituena da, eta, noski, horietan beti ikusten da antigorputzak jaitsi egiten direla denborarekin», esan du. Hain zuzen, Northwester Unibertsitateak egindako ikerketa batean zenbait ikerlarik ondorioztatu zuten Pfizerren eta Modernaren txertoek %20ko eraginkortasuna galtzen zutela zizta jaso eta bi hilabetera. Horregatik, Galarragak aipatu du harago ere begiratu behar dela, antigorputzak ez baitira immunitate sistemaren erantzun bakarrak; memoria zelulek duten gaitasun patogenoa ere kontuan hartu beharrekoa da, haren esanetan. Hala, ikerketan sakondu behar dela Galarragak, hirugarren dosia herritar guztiei zabaldu aurretik. Zalantza ugari dira gaiaren inguruan. Galarragaren antzera, Javier Padilla lehen arretako medikuaren iritziz ere oraindik aski ebidentzia falta dira baieztatu ahal izateko herritar guztiei hirugarren txertoa jarri behar zaien: «Ulertzen dut kalteberagoak diren horiei zizta ematea, baina gainerakoekin hasteko datu mardulagoak behar ditugu». Haren ustez, bide hori hasi nahiko balitz, beste aldagai batek izan beharko luke erabakiaren sostengu nagusia: demostratzea hirugarren ziztak nabarmen apaltzen dituela ospitaleratzeak.

Lehentasunak agerian

Ebidentzia zientifiko faltarekin loturiko argudioagatik ez ezik, beste arrazoi batzuengatik ere mesfidati dira hainbat aditu: mundu mailako dosien banaketan eraginen duen desoreka dute hizpide askok. Are gehiago, OME Osasunaren Munduko Erakundeak behin baino gehiagotan egin du eskea: herrialde behartsuetan txertaketa hedatu arte, hirugarren dosia jartzen hasteko kanpainak atzeratzeko eskatu du. Berriki, NBE Nazio Batuen Erakundeak ere eskakizun hori bera egin du: herrialde aberastuei galdegin die urte bukaerara arte atzera dezatela hirugarrenaren ziztatze prozesua. Eskaerek, baina, ez dute onespenik izan.

Dosien banaketa «erabat bidegabea» dela salatu du Galarragak. Berdintasun eza berriz agerian gelditu dela azaldu du Padillak. Gainera, lehen arretako medikuak kritikatu du herrialde aberastuek ez dutela ia deus egin erraz iragar zitezkeen arazoak saiheste aldera. «Dosiak munduan banatzeko oztopo nagusietako bat ekoizpenerako gaitasun falta zela gauza jakina zen, eta ez da deus egin problema konpontzeko». Halaber, gogora ekarri du zaharrak berri direla txertoaren auzian: «Hasieratik, patenteek oztopatu diete txertoak eskuratzeko aukera herrialde txiroei. Orain, hirugarren dosiaren auzia izanen da arrakalak handituko dituena, eta badakigu nor aterako den galtzaile».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Ion Orzaiz

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Pribatuaren interesak babestea» egotzi dio LABek Sindikatu Medikoari

Itsaso Jauregi

Iruñeko elkarretaratzean, sindikatuak adierazi du sendagileen esklusibotasuna kentzea osasun publikoaren kalterako izanen dela
Bilboko etxegabearen heriotza gaitzetsi zuten atzo iluntzean, udaletxe aurrean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Pobreen aurkako gerra» salatu dute, hildako etxegabea oroitzean

Maite Asensio Lozano

Etxebizitza eskubidea bermatzeko exijitu dute Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET taldeak
Pertsona batzuk, maskara jantzita, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Otsailaren 8tik aurrera maskara ez da beharko Hegoaldeko garraio publikoan

Edurne Begiristain Julen Aperribai

Espainiako Osasun ministroak esan du adierazleak «oso egonkorrak» direlako kenduko dutela. Halere, osasun zentroetan eta farmazietan derrigorrezkoa izango da

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...