Euskararen erabilera: jakitea ez da nahikoa

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa ildo bat jarri du martxan: aztertu nahi du zer faktorek eragiten duten euskararen erabileran. Lehen pausoan 400 aldagai baino gehiago gurutzatu dituzte ehun herritan: euskararekin zuzenean lotuak eta beste arlo batzuetakoak. Bistan geratu da ezagutzaz haragoko faktoreek dutela eragina.
Kaleko erabilera 400 bat aldagairekin alderatu dute.
Kaleko erabilera 400 bat aldagairekin alderatu dute. SINADURA / AGENTZIA

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko ekainak 18
Euskaldunen proportzioa antzekoa da Ordizian eta Urnietan (Gipuzkoa): bost herritarretik hiru euskaldunak dira. Baina Urnietako kaleetan solasaldien %22 sumatu dituzte euskaraz, eta Ordizian, %44. «Zerk azaltzen du itxuraz antzekoak diren herriek erabilera maila ezberdinak izatea?». Ikerketa bat egin du Soziolinguistika Klusterrak: hainbat aldagairekin alderatu du erabilera, «ikuspegi zabalarekin», Olatz Altuna teknikariak dioenez. Hizkuntzaz haragoko datuak ere aztertu dituzte. Ikerketa ildo baten hasiera da. Lehen azterketak oinarri bat berretsi du: ezagutzaz haragoko faktoreak daude erabileraren azpian.

Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 99 udalerri aztertu dituzte, horietan daudelako datu guztiak eskura: euskarari buruzko adierazle nagusiak, kaleko erabileraren neurketa eta bestelako datu estatistikoak. Kontuan izatekoa da Ipar Euskal Herrian ez dagoela euskarari buruzko daturik herriz herri, eta Nafarroan ere apenas, 5.000 biztanletik gorako herrietan soilik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bai, badaude datu estatistiko horiek, baina gehienetan ez dute kaleko erabilera neurtu. Aztertu ahal izan dituzten 99 herrietako gehienak Gipuzkoan daude, eta herri euskaldunak dira —tartean, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herri ia guztiak, eta Tolosaldeko denak—.

Soziolinguistika Klusterreko ikertzaileekin batera, Natxo Sorolla soziolinguista katalana aritu da ikerketan. Askotariko datuak alderatzea izan dute abiapuntua. «Hainbat arlotako datu mordoxka dugu, eta horien lanketan eta interpretazioan gehiago sakondu beharko genuke», ohartarazi du Imanol Larreak, klusterreko zuzendariak. 400 aldagai aske baino gehiago erabili dituzte azterketan.



Lotura estatistikoak

Aldagai sorta hori gurutzatu egin dute, eta lehen ondorio nagusiak aurkeztu dituzte txosten batean: Euskararen erabilerarekin lotura duten faktoreak. Nolakoa den lotura hori, kontuan izatekoa da ez dituztela zuzeneko kausa-ondorioak aztertu, baizik eta korrelazioak. Larrea: «Zaila da gizarte zientzietan kausa-efektu motako erlazioak segurtasunez identifikatzera iristea. Proiektu honen bidez, hainbat faktoreren arteko lotura identifikatu ahal izan dugu».

Sorollak azaldu du «asoziazio estatistikoak» direla azterketaren oinarria. Adibide bat jarri du: telefono linea duten etxeen portzentajea eta euskararen erabilera. Datuak gurutzatuta, ikusi dute euskararen kaleko erabilera handiagoa dela telefono linea gehiago dagoenean. «Bistakoa da telefono lineek, bere horretan, ez dutela aldatzen euskararen erabilera. Baina intuizioa izan dezakegu telefono lineak beste kontzeptu batzuen adierazlea izan daitezkeela, euskararen erabilerarekin lotzen diren kontzeptuen adierazlea». Etxeen tipologiarekin lotua egon daiteke telefono linea eduki ala ez, eta hori, euskararekin. «Telefono linea gehiago daude ohiko etxebizitza gehiago dauden tokietan, eta badakigu bigarren etxebizitzek eragin negatiboa dutela euskarak presentzia handia duen lekuetan, eremu erdaldunagoetatik joandako bizilagunak izan ohi direlako». Telefono lineen portzentajeak zantzu bat eman dezake, beraz.

Jakitetik erabiltzera

Aldagaien gurutzaketa horretan, batetik, euskararekin zuzenean lotutakoak hartu dituzte aintzat. Ezagutza eta erabilera maiz alderatu ohi dira: ezagutza hedatzen ari dela, gero eta gehiagok dakitela euskaraz, baina erabilera trabatuta dagoela. Korrelazioa dute, jakina, bi aldagaiek, ikerketak erakutsi duenez: zenbat eta ezagutza handiagoa herrian, kaleko erabilera handiagoa. Baina joera horrek ñabardura handiak ditu. Batetik, ezagutza jaisteak nola eragiten duen. Altuna: «Are eta beherago egiten du erabilerak, eta bien arteko aldea areagotu egiten da». Kontuan izatekoa da aldagai bat: euskararen ezagutza jaistearekin, txikiagoa da euskaraz egiteko aukera, eta horrek erabileran eragiten du. Bestetik, aldeak daude udalerri batetik bestera: euskaraz dakitenen portzentajea antzekoa izan arren, erabileran koska dago.

Altunaren esanetan, ezagutzaz haragoko datuei begiratzeko garaia da: harreman sareak aipatu ditu, eta euskaldunen ezaugarriak. «Azken urteotan elebidunen kopuruak gora egin du herri askotan, baina erdal elebidunen kopuruak egin du gora, gaztelaniaz erosoago aritzen direnenak». Euskaraz bai, badakite, baina ez dute erraztasunik, eta erabiltzeko oztopoa da hori. Larreak dio ezagutza-erabilera binomioa jada ez dela baliagarriena: «Baliteke ezagutzak gero eta zuzeneko lotura txikiagoa izatea erabilerarekin, hiztun mota aldatzen ari baita». Beste gako batzuk aipatu ditu: lehen hizkuntza —umetan eskuratutakoa— eta atxikimendu hizkuntza —zerekin identifikatzen den hiztun bakoitza—.

Izatez, lehen hizkuntzak eta kaleko erabilerak korrelazio estuagoa ageri dute. «Euskaraz aritzen direnek, gehienek, etxean jaso dute euskara», nabarmendu du Altunak. Etxeko transmisioa giltzarri da, beraz. «Euskararen erabilerak asko irabaziko luke guraso elebidunek euskara erabiltzeko ohitura transmitituko baliete seme-alabei». Klusterreko teknikariaren esanetan, giltzarri izango da joera bat: euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dutenek, euskaldun berriek, zer transmitituko duten. «Ikuskizun dago zer-nolako jokabidea hartuko duten».

Arnasguneetako joera

Etxeko transmisioa eta ohiturak giltzarri dira, hortaz. Beste gurutzaketa pisuzko bat: etxeko erabilera eta kalekoa. Emaitza deigarria eman du: aztertutako zazpi herritik seitan euskaraz gehiago egiten da kalean etxean baino. Aldea deigarriagoa da kontuan hartuta etxekoa inkesta dela, eta kalekoa, behaketa. Sorollak aitortu du «deigarria» dela emaitza hori, «bereziki kontuan hartuta gaztelaniarako konbergentziaren arau soziolinguistikoa orokortua dagoela, eta herritarren zati handi batek ez duela euskara ulertzen».

Soziolinguista katalanak bi hipotesi jarri ditu mahai gainean. Batetik, ohartarazi du neurtzeko modua desberdina dela: kalean, euskara edo gaztelania da; etxean, biak aukera ere badago. Gainera, kaleko neurketan herriko leku batzuk hautatzen dituzte. Bestetik, Txillardegiren teoriak ekarri ditu gogora: «Hizkuntza bateko hiztunek joera dute beren artean gehiago erlazionatzeko».

Udalerri euskaldunen kasuan, are adierazgarriagoa da kaleko erabileraren datua: ezagutzaren gainetik dago askotan. Ezohikoa da, eta ikergai dute. Besteak beste, Iñaki Iurrebaso soziolinguista ari da arnasguneetako egoera hori aztertzen, eta bi hipotesi jarri ditu mahai gainean azken Bat aldizkarian. Batetik, arnasguneetara iritsi berri diren herritarren joerak: «Kanpotik etorri diren erdaldunak edo erdararako joera handiagoa dutenak ez dira hainbeste ibiltzen herriko kaleetan». Beraz, kaleko neurketan ez dira ageri, nahiz eta zentsuko estatistiketan egon —etxeko erabilerari buruzko datuetan, beraz—. Bestetik, jokabide desberdina etxean eta kalean: «Hiztunen azpimultzo batek euskararako joera handiagoa du kalean etxean baino —etxeko denak euskaldunak ez direlako, edo etxeko hizkuntza ohitura eta arauek erdarara bultzatzen dutelako, eta kalekoek, euskarara—».

Klase ertainaren gain

Euskararekin zuzenean lotutako aldagaiekin batera, datu soziodemografikoak aztertu dituzte ikerketan. Bi ondorio nagusi atera dituzte, Sorollaren esanetan. Batetik, XX. mendeak nolako eragina eduki duen: «Hirietan pilatu da biztanleria, migrazio fluxuak areagotu egin dira, familiak txikiagotu, nekazaritza oinarri zuen ekonomia aldatu... Prozesu horiek ekarri dute munduko populazioa homogeneoagoa izatea, eta horrek esan nahi du euskararen gisako hizkuntza gutxiagotuek oso presio handia dutela». Bestetik, ordea, hamarkada hauetan urrats batzuk egin ditu euskarak. Aztertu dute zer gizarte talderekin duen lotura estuena: «Errenta ertaineko jendearekin lotua dago. Haiek dira sektore sozial aktiboenak eta gizartean inpaktu handiena dutenak: irakasleak, kazetariak, kudeatzaileak... Ziurrenera, horrek azaltzen du zergatik euskarak eta beste hizkuntza gutxiagotu batzuek eutsi dioten homogeneizazio prozesu horri».

Alde kualitatiboa aztertzea izango da hurrengo urratsa. EHUrekin batera hasi dira. Larrea: «Asmoa da gazteen erabileran zentratzea, eta fenomeno hori aztertzea ezagutza antzekoa baina erabilera desberdina duten lau herritan».