Etxerat: «Ekarpen eraikitzaile bakarra Foro Sozialarena da»

Etxerat-eko kideak, atzo, Azpeitian, instituzioetako ordezkariei presoei buruzko txostena ematerakoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Azpeitia
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Euskal presoen harrerei buruz sortutako polemikan «ekarpen positibo bakarra» Foro Sozialak egin duela uste du Etxerat-ek, euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak —harrerak «gune itxietan» egitea proposatu zuen Foro Sozialak, eta auzia ez judizializatzea—. Naike Diaz Etxerat-eko bozeramaileak azaldu duenez, era horretako liskarrek «lokaztu» egiten dituzte oraindik konpontzeko dauden gatazkak: «Azkenaldian hitz egin diren gaiez gain, epe motzean egin beharreko lanak daude, eta, horretarako, oinarrizkoa da ausardia».

Etxerat-ek nabarmendu du presoen auzian badirela «berehala» konpondu beharreko aferak; besteak beste, euskal presoen sakabanaketa eta urrunketa.

Urtero legez, Loiolako santutegian (Azpeitia, Gipuzkoa) bildu ziren atzo presoen senideak. San Ignazio egunaren harira, prozesioa egin zuten agintariek, eta santutegi atarian elkarretaratzea egin zuen Etxerat-ek. Ohi dutenez, ordezkari politikoei dokumentu bat eman zieten, urteko balorazioarekin. Presoen aurkako «salbuespen politikak» amaitzeko eskatu dute agiri horretan.

Asmoa zuten Iñigo Urkullu lehendakariari emateko, baina ez zen Loiolan izan atzo. Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok jaso zuten dokumentua. Salatu dute iaz Eusko Jaurlaritzari emandako agiriak ez duela erantzunik izan. «Urte bat pasatu da, eta erantzuna jaso nahiko genuke». Gutun hartan, «bilkura bat» egiteko eskatu zion Etxerat-ek Urkullu lehendakariari. Diezek nabarmendu du bizikidetzan «urratsak» egin nahi dituztela, sufrimendua «areagotzen» ari delako oraindik.

Atzoko elkarretaratzean gogoan izan zuten irailean hasiko den epaiketa: presoen defentsarekin lotutako 47 lagun epaituko dituzte. Salatu dute auzi horrek ez duela «tokirik» egungo egoeran, «erabat anakronikoa» dela. Erakundeei eskatu diete izan dezatela «parte hartze handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.