«Adostasuna» xede, martxa batera deitu du GuraSOSek otsailaren 23rako

Donostian egingo dute mobilizazioa, 17:00etan. Zubietako errauste planta eten dezatela eskatzeko, atxikimenduak biltzeari ekingo diote

Mobilizazioaren berri emateko atzo Donostian eginiko agerraldia. JON URBE / FOKU.
jon olano
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
GuraSOS elkarteak manifestazio bat egingo du otsailaren 23an Donostian, Zubietako errauste plantaren lanak etetearen eta hondakinen arloan erakunde publikoak eta herritarrak «elkarlanean» aritzearen alde. Martxa 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik, Esan baietz adostasunari lelopean. GuraSOS elkarteak agerraldi bat egin zuen atzo Donostian, mobilizaziora deitu eta abian jarri duen atxikimendu kanpainaren berri emateko. Agerraldian, osasun, hezkuntza, sindikalismo, unibertsitate, nekazaritza, kultura, kirol eta ekologia esparruko hainbat eragile eta herritarrek hartu zuten parte, eta asmoa da arloz arlo atxikimenduak biltzen jarraitzea. Herritar orori ere dei egin diote kanpainarekin bat egin dezan, horretarako prestatu duten irudiarekin argazki bat aterata —esku bat, hatz lodia gorantz duena—.

Atzoko agerraldian izan zirenek babesa eman zioten manifestu bati. Dokumentu horrekin bat egin dutenen arabera, gizarteak «ez du onartzen» Zubietako erraustegia martxan jartzeak «osasunean eta ingurumenean sortzen duen arriskua», eta, auzia konponbidean jartzeko, beharrezkotzat jo dute «erakundeen eta antolatutako jendarte zibilaren arteko elkarrizketa eta elkarlana». Izan ere, uste dute Zubietako azpiegitura martxan jartzeko «alde bakarreko irtenbideak» ez duela «gatazka ixten ezta bideratzen ere: are okerrago, beste 35 urtetarako luzatzen eta betikotzen du».

Biltzeko deia

Hondakinak erraustearen kontra dauden Gipuzkoako gurasoen elkarte horrek Hitzartu parte-hartze dinamika jarri zuen martxan 2017ko abenduan. Dinamika horrek Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidenteari eskatu zien bilera bat egiteko Hitzartuko ordezkariekin eta aztertzeko gogoeta prozesu horren emaitzak eta elkarlanerako bideak. Atzo aurkeztutako manifestuaren sinatzaileek bat egin zuten eskari horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.