Gorrotxategi, hauteskunde kanpaina murriztearen kontra

Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
EAJren hainbat buruzagik azken egunetan adierazi dutenez, salbuespen egoera kontuan hartuta eta «arriskuak arintze aldera», ez litzateke «ideia txarra» izango datorren uztailaren 12an egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina astebetera murriztea. Baina Equo Berdeak eta PSE-EE kenduta, gainontzeko alderdiak kontra agertu dira. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigaiak, esaterako, ez du ulertzen «zergatik, zertarako», nahi duten kanpaina laburtu.

Gorrotxategik atzo ETBn nabarmendu zuenez, kanpainak bi aste iraun behar du, ohi bezala, «legeak ezartzen duelako, eta hori jartzen duelako, gainera, lehendakariak sinatutako dekretuan». Haren esanetan, «argudio asko» dauzka jarrera hori defendatzeko: «Ariketa demokratiko sano batek eskatzen du kanpainarako gutxieneko denbora bat egon dadila». Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiakez daki kanpaina murrizteak «nori egiten dion mesede».

Muriel Larrea PP+Cs koalizioaren Gipuzkoako zerrendaburuarentzat, Iñigo Urkullu lehendakariak kanpaina murriztu nahi du izurriaren kudeaketa «penagarriaz» azalpenik eman behar ez izateko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak herenegun azaldu zuenez, bi aldagai izango dituzte kontuan kanpaina laburtu ala ez erabakitzeko orduan: batetik, horrek zer kostu eragingo duen diru kutxa publikoan; eta, bestetik, behar beste denbora egon dadila alderdi bakoitzak bere mezua plazaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.