Koronabirusa

Testa egin gabe ari dira altak ematen COVID-19ak jotako osasun langileei

Sintomak gainditu dituzten langileei itzultzeko agintzen ari da Osakidetza; Osasunbidea, ez

Garikoitz Goikoetxea -

2020ko apirilak 7

Koronabirusaren eragina bereziki ari dira nozitzen osasun langileak. Osakidetzan, adibidez, langileen %4ri atzeman diete birusa jadanik, 1.300 behargin ingururi. Horrek eragina du, haien osasun egoeran ez ezik, baita osasun zerbitzuetan ere, inoiz baino premia handiagoa dagoen garaian. Hori ikusita, ate bat ireki du Espainiako Gobernuak: sintoma arinak izan dituzten osasun beharginak lanera bueltatzea, azken astean ez badute sukarrik eduki eta arnas arazorik ez badute. Osakidetzak heldu egin dio aukera horri, eta ezinegona zabaldu da osasun langileen artean, sintomarik eduki ez arren birusa kutsa daitekeelako. Medikuen Sindikatuak atzera egiteko eskatu dio Osakidetzari.

Gaur zortziko data duen dokumentu bat zabaldu du Espainiako Osasun Ministerioak egunotan: jarraibide batzuk ezarri ditu koronabirusak jota dauden osasun arloko eta esparru soziosanitarioko langileentzat. Txostenaren hasieran bertan diote zein den helburua: «Transmisio komunitarioa orokortua den honetan, erabakigarria da osasun sistemaren erantzun gaitasunari eustea, pazienteen fluxua areagotzean ere osasun asistentzia berma dadin». Alegia, egoera honetan lanean behar dituztela osasuneko profesionalak.

Baja asko izan dira, ordea. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, erkidegoan erregistratutako kutsatuen %15 Osakidetzako langileak dira: 1.300 lagun, Osakidetzako lantaldearen %4 inguru. Gehienak etxean ari dira berrogeialdia egiten, sintoma arinekin. Kasu horiek test bidez baieztatu dituzte: sintomak zituztenean egin zizkieten analisietan ikusi zuten birusa gorputzean zutela. Berriz lanean hasteko, hori da ohiko bidea: testa egin, eta negatibo emanez gero, lanera itzuli.

Kontua da Osasun Ministerioak atea zabaldu duela urrats hori ez egiteko, alegia, sintomak gainditu dituzten langileei lanera itzuli aurretik testa ez egiteko. Hauxe diote: «Proba egiten ez denean, langilea lanpostura bueltatuko da sintomak hasi eta zazpi egunera, hiru egunean sukarrik ez badu, sukarraren aurkako sendagairik hartu beharrik izan ez badu, eta arnas arazoak konpondu badira». Kasu horietan, langileak maskara kirurgikoa erabili beharko du hamalau egunez, eta ezin izango du kontakturik izan gaixo immunodeprimituekin.

Auzitara jotzeko asmoz

Ate hori baliatzen hasi da Osakidetza bajan dituen beharginak laneratzeko. Ezinegona eragin du mugimendu horrek. Adierazgarria da Euskadiko Medikuen Sindikatuaren jokabidea: osasun krisia hasi zenetik lehen aldiz, ohar bat igorri du hedabideetara, eta atzera egiteko eskatu dio Osakidetzari, langileak «errusiar erruletara» bidaltzea litzatekeela eta. Osasun Sailaren eguneroko agerraldian horri buruz galdetu zuen BERRIAk atzo, testik egin gabe ari ote diren beharginak bueltatzen, eta Mikel Sanchez Planifikazio zuzendariak ez zuen ukatu: azaldu zuen «protokoloak» badaudela, eta ministerioaren «irizpideak» betetzen ari direla. Langileak «bermerik gabe» itzularazten badituzte auzitara joko duela azaldu du Medikuen Sindikatuak.

Nafarroako Gobernuak ez du jarraibide horiek segitzeko asmorik. Santos Indurain Osasun kontseilariaren esanetan, «kontsentsua» daukate gai horri buruz, eta osasun langileei eta esparru soziosanitariokoei testak egingo dizkiete lanera itzuli baino lehen.

Hain justu ere, kritikak ikusita, Osasun Ministerioak atzo arratsean iragarri zuen aztertzen ari dela neurri hori bertan behera uztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Antigeno testak, Erriberriko baheketan. ©Iñigo Uriz, FOKU

Positiboen ehunekoak %10eko langa gainditu du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Osasunbideak eta Osakidetzak beste 847 kasu atzeman dituzte igandean Hego Euskal Herrian. Egun bakarrean egindako proben %8,8k eman dute positibo; Nafarroan, zehazki, %11,7 da positiboen portzentajea. 112 lagun daude Hegoaldeko ZIUetan: abenduaren 21etik izan den daturik makurrena.

'Proiektatu Iñigoren aurpegia eraikinetan' ekimena, heriotzaren 8. urteurrenean. ©Aritz Loiola / Foku

'Cabacas auziko' ebazpena berretsi du Gorenak

Berria

Auzitegiak ez du aurkeztutako helegiteak onartzeko arrazoirik ikusi, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiak jarritako zigorra ontzat jo du. Gaineratu du epaiketak berme guztiak izan zituela, ikerketak «partzialki huts egin» arren.

Erizain bat, Pfizerren txertoa jartzen. ©EFE

Txertoen erdiekin iritsi da Pfizerren asteroko bidalketa Hego Euskal Herrira

Ion Orzaiz

Eztabaida piztu da ordezkari politikoen artean, dosien banaketa dela eta

Espeleologo taldeko kide bat, topatu duten atzapar marketako batzuen ondoan. ©Ades espeleologia taldea

Erpe markak eta giza garezur bat topatu dituzte Amorotoko kobazulo batean

Edu Lartzanguren

Gernikako Ades taldeak orain arte ezagutzen ez zen harpe bat aurkitu eta esploratu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna