Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Dena ona al du urrutiko lanak?

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak mahai gainean jarri zuen urrutiko lana arautzeko beharra. 2020ko martxoaz geroztik, enpresa batzuek pentsatu zuten langileek etxetik lan egin behar zutela, jarduera ekonomikoa guztiz geldi ez zedin.

Besteak beste horregatik bizkortu dira urrutiko lanari buruzko 28/2020 Errege Lege Dekretuaren negoziazioa eta onarpena; indarrean dago urriaren 13az geroztik, lan modalitate horri segurtasun juridikoa emateko. Dena dela, COVID-19aren inguruko egoerak ekarri duen arren, arau hori ez zaie aplikatu pandemiaren ondorioz urrutiko lanean ari direnei, aurreko araudiaren pean segituko baitute.

Urrutiko lana borondatezkoa da, eta lehengora itzultzeko modua eman behar du. Borondatezko izate horrek esan nahi du ezin ezar daitekeela lan baldintzak aldatzeagatik, eta inor ezin dela kaleratua izan modalitate horretan lan egin nahi ez duelako. Lan egiteko modu horrek ez ditu murriztu behar langileen eskubideak, gainerako langileen eskubide berak izan behar dituztelako soldatari, sustapenari, prestakuntza profesionalari, deskonexio digitalari eta laneko segurtasun eta osasunari dagokienez. Era berean, ez da soldata murrizteko eta enpresa barruan inor mailaz igotzea eragozteko mekanismo bat.

Enpresak jarri behar ditu lana egiteko beharrezko baliabideak, eta ez langileak. Horretarako, tresna eta ekipamendu informatikoak mantendu behar ditu, eta langileak izan ditzakeen gastuak ordaindu eta konpentsatu.

Zerbitzuak emateko modalitate hori langileentzat ona dela sinetsarazi nahi izan dute, nabarmenduz lantokirako joan-etorriak egin beharrik ez dagoela, eta lana eta familia bateratzen laguntzen duela. Baina tentuz begiratu behar diogu, dena ez baita ona. Lehenik, langileak lan egiteko toki bat behar du, eta hori ez da posible askorentzat. Bigarrenik, urrutiko lanak lana atomizatzea dakar; langileek lankideekin harremana izateari uzten diote, eta sozializazio falta horrek lan harremanetan indibidualismoa handitzea ekar dezake, denei eragiten dieten eskubideen aldeko borroka alde batera utzita, eta maila indibidualean gatazka txikiak sortuta. Beraz, urrutiko lana ezartzeak are gehiago oker ditzake, erdiko epean edo luzera begira, langile gero eta prekarioagoen lan baldintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.