«Diskriminaziorik eza» aztertzeko eskatu dute

2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrazakeria instituzionala egon badago. Horretan bat datoz EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C's. Arazoari irtenbidea emateko bidean, baina, ñabardurak badira batzuen eta besteen artean, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran agerian geratu denez. Elkarrekin Podemos-IU taldeak eraman zuen eztabaidarako ekinbidea bilkurara, atzo. Arrazakeria instituzionalak duen eraginari buruzko diagnostiko bat egitea proposatu zuen Iñigo Martinezek. Hark azpimarratu zuen arrazismo instituzionalak nahitaez behar duela «metodologia, arau, prozedura eta ekintzei buruzko ikerketa eta diagnostikoa». EH Bilduk baino ez zuen babestu proposamen hori. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuenez, arrazakeria instituzionala amaitzeko «tresna eraldatzaileak» abian jarri behar dira, eta, besteak beste, funtsezkoa da arrazaren inpaktuari buruzko txosten bat lantzea.

Azkenik, baina, EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa onartu zuten. Bi talde horien ustez, Jaurlaritzak indarrean dituen tresnak nahikoak dira arrazakeriari aurre egiteko, eta ez da beste baliabide behar. Hala, Jaurlaritzari eskatu zioten Ikuspegirekin batera lanean jarraitzeko «aniztasunaren» eta «diskriminaziorik ezaren» alde, txostenak eta analisiak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.