Jon Kepa Gerrikagoitia. BRTAko zientzia, eta teknologia arduraduna

«Garrantzitsua da teknologia berrien onurak enpresa txikiei ezagutaraztea»

GORKA RUBIO / FOKU.
aitor biain
Arrasate
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
BRTAko teknologia eta zientzia arduraduna da Jon Kepa Gerrikagoitia (Gernika, Bizkaia, 1970). Adierazi duenez, enpresa txikiek eta ertainek dituzte zailtasunik handienak teknologia berriez jabetzeko. Hori dela eta, uste du ezinbestekoa dela haiei ere berrikuntzaren alde egiteak dituen onurez ohartaraztea.

Zenbat aurreratu da industria adimenduan?

Industria iraultzaz 2014-2015 urte inguruan hasi ginen entzuten, eta, harrezkero, guk uste baino gehiago aurreratu da. Digitalizazioa errealitatea da industrian. Makina-erremintaren sektorean, adibidez, ez dute zerikusirik orain dela hogei urteko makinak etagaur egungoak; guztiak konektatuta daude orain. Lan handia egin da ildo horretan: plataforma industrialak garatu dira, ekoizpen plantak eta enpresaren operazioak gero eta konektatuagoak daude... Beraz, iraultzarena ez da kontzeptu abstraktu bat: benetan ari da gertatzen.

Teknologia zentroak ari zarete ikertzen eta garatzen industria adimendunaren inguruko askotariko teknologiak eta berrikuntzak. Baina enpresak ari dira horietaz jabetzen?

Bi enpresa mota bereizi beharko genituzke: handiak, sektoreetan erreferente diren horiek, punta-puntan daude, eta berrikuntza hauek guztiak oso azkar bereganatzen dituzte. Enpresa txiki eta ertainetan, berriz, berrikuntzaren jabetze maila oso ezberdina da. Batzuk oso berritzaileak dira, eta beste batzuei, berriz, gehiago ari zaie kostatzen. Eta horregatik da garrantzitsua ezagutaraztea teknologia berri honek zer abantaila ekarri dakieken. Horiek dira digitalizazioan sartu behar ditugunak, hain zuzen ere.

Nola egin daiteke hori?

Digitalizazioak kultura aldaketa bat eskatzen du, pentsamolde aldaketa bat. Beraz, batez ere sinistea da kontua; enpresa horietako arduradunek ulertu behar dute aldaketa hau benetakoa dela, eta sinetsi behar dute teknologia hauek ere haientzat mesedegarriak izan daitezkeela.

Jardunaldian aipatu da euskal industria ari dela pausoak ematen. Badago bereziki erreferentea den esparruren bat?

Gure enpresek gehiena esportatu egiten dute; beraz, ezinbestekoa da mundura begira erakargarriak izatea. Horretan gara onak. Hala ere, nazioarteko lehiakortasuna itzela da, eta ez bazara gutxienez onen beste, ez daukazu zer eginik. Makina-erreminta erreferente bat da gure kasuan, baina ez baldin bada bere lehiakideen beste, galduta dago. Automozioan edo garraioaren sektorean baditugu enpresa garrantzitsuak: Irizar, CAF... Mundu osoan saltzen dute, eta hornitzaile asko dituzte inguruan. Beraz, ezinbestekoa da enpresa txiki eta ertain horiek ere punta-puntan aritzea. Beraz, ez nuke esparru bakar bat bereiziko; denetan da garrantzitsua berrikuntzaz jabetzea.

Bost erronka zehaztu dituzue, baina industria adimendunaren esparrua oso zabala da. Badago beste esparrurik?

Bost erronka dira, baina oso zabalak dira. Materiale artean ere, bakoitza mundu bat da. Eta gauza bera gertatzen da makinari buruz ari garenean ere. Beraz, bost ikerketa lerro, bost erronka zehaztu ditugu, baina oso eremu zabala hartzen dute.

Zer-nolako garrantzia dauka sarean lan egiteak?

Handia. Gure indarra kolaborazio horretan datza. Teknologia zentro bakoitzak dauka bere bereizgarritasuna, bere espezializazioa, baina espezialitate ezberdin horiek elkarrekin jartzea oso faktore garrantzitsua da enpresen erronkei erantzuteko, eta horretan saiatzen ari gara. Jardunaldian azaldu ditugun eta lanean ari garen kasurik gehienetan kolaborazio hori agerian geratu da, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.